Hamar billabesatik zortzik «gabeziaren bat» dute

TCC Iruñerriko autobus zerbitzua eskaintzen duen enpresako langileek egin dute azterketa. Enpresaren utzikeria salatu dute.

Billabesa autobus bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Billabesa autobus bat. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 25a
12:00
Entzun

Iruñeko TCCko langileek aztertu egin dituzte Iruñean eta Iruñerriko hamazazpi herritan autobus zerbitzu publikoa eskaintzen duten ibilgailu guztiak —ekainaren 18an lanean ari ziren guztiak—; billabesak, alegia. Ondorio larria eta deigarria atera dute: «gutxi gorabehera» hamar autobusetik zortzik «gabeziaren bat» dute.

Enpresa batzordearen esanetan, azterketaren emaitzek berretsi egin dituzte aspalditik salatzen ari diren gabeziak. Era guztietako hutsuneak atzeman dituzte autobusetan: aire egokiturik ez edukitzea, mugikortasun mugatua dutenentzako arrapalek ez funtzionatzea, motorrak huts egitea, autobus barruan dardara handia nabaritzea, klaxonak ez funtzionatzea, ateek huts egitea, gurpilak higatuegi egotea —«erlieberik gabe»—, helduleku gisa trapuak erabiltzea...

«Urtebete baino gehiago daramagu Iruñerriko Mankomunitateari eskatzen esku hartu dezala eta zaindu dezala herritarren zergekin ordaindutako autobusen mantentze ona», azaldu dute langileek. Arduradunei leporatu diete prentsan autobus elektriko berriekin agertzen direla, baina gainerako autobusen egoera erdipurdikoa dela. Mankomunitatearen «pasibotasuna» eta zerbitzua eskaintzen duen enpresaren (TCC) irtenbide falta ikusita, langileek egin dute autobusen azterketa, «benetako txosten bat, datu zehatzekin, TCCri eta Iruñeko Mankomunitateari emateko». TCC (Transports Ciutat Comtal) enpresak eskaintzen du Iruñerriko autobus zerbitzua 2009tik, kontzesio baten bitartez. Moventis enpresaren adar bat da TCC. 

Ez da kasualitatea enpresa batzordeak ondorioak gaur jakinaraztea. Bi aste eskas falta dira sanferminak hasteko. Autobusek egun osoz lan egiten dute jaietan: «Autobusak horrela egonda, arazo asko izango ditugu langileok eta erabiltzaileek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.