EH Bilduren II. Kongresua

Hamar bilkidetik bederatzik babestu dute zuzendaritzarako proposamena

Hegoaldeko lau herrialdeetarako arduradun izateko hautagaiek %87tik gorako babesa jaso dute

Arnaldo Otegik jarraituko du EH Bilduko koordinatzaile nagusi gisa. 2017tik dago zeregin horretan. JUAN HERRERO / EFE.
jon olano
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ostegunetik atzo eguerdira bitartean, EH Bilduren II. Kongresuko hautagaitzak bozkatu zituzten bilkideek. Hegoaldeko Zuzendaritzarako zerrenda eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeko arduradun politikoak bozkatu zituzten, eta gehiengo zabal batek babestu du Mahai Politikoak proposatutako zerrenda; %88,49k eman dute baiezko botoa, eta %6,65ek ezezkoa. %4,86k bozkatu dute zuri.

Hori horrela, Arnaldo Otegik jarraituko du koordinatzaile nagusi karguan. Herri Batasunaren, Euskal Herritarrok-en eta Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izana da Otegi, eta legebiltzarkidea 1995etik 2005era. 2009an atxilotu zuten Bateragune auzian, eta 2016ko martxoan irten zen espetxetik, zigorra osorik beteta. 2017tik da EH Bilduko koordinatzaile nagusia.

Zuzendaritzako gainerako karguei dagokienez, Garikoitz Mujikak zuzendari nagusi gisa segituko du. Zeregin berean jarraituko dute udal politikako zuzendari Onintze Oleagak, nazioarteko harremanetarako zuzendari Gorka Elejabarrietak eta komunikazio zuzendari Larraitz Ugartek ere. Ainhoa Beola programa zuzendari izan da orain arte, baina politika instituzionalean hasiko da, eta Sonia Jacinto, orain arte zuzendari nagusiaren albokoa izan dena, antolakuntza zuzendari izango da. Zuzendaritzan sartuko da, berriz, Pello Otxandiano, programa zuzendari gisa. Mahai Politikoak proposatutako zerrenda baizik ez zen aurkeztu.

Herrialdeko arduradun politikoei dagokienez ere, babesa oso zabala izan da; Ibon San Saturnino zen Arabarako hautagaia, eta %87,27 bilkidek babestu dute. %7,88k eman dute kontrako botoa. Gainerako lurraldeetan, %90etik gora dago baiezkoen ehunekoa: Bizkaian, %91,29 aldeko boto jaso ditu Asier Vegak; Gipuzkoan, %95.46 Nekane Zinkunegik, eta %94,51 Miren Zabaletak.

Kontrol eta Berme Batzorderako, eta Kontu Batzorderako hautagaitzek, berriz, %93ko babesa lortu dute. Berme Batzordea osatuko dute Ino Galparsorok, Ander Bilbaok, Lore Erriondok, Antton Izagirrek, eta Iban Arrunategik; Galparsoro eta Bilbao batzorde horretako kide ziren aurretik ere. Kontu Batzordea, berriz, Maider Otamendik, Manuel Frailek eta Gorka Ortiz de Guineak osatuko dute.

Kongresuan hautatutakoez aparte, beste zortzi kidek osatzen dute Mahai Politikoa; Arkaitz Rodriguez, Oskar Matute eta Eba Blanco Sortuko, Alternatibako eta EAko ordezkariek; Mertxe Aizpurua Espainiako Gorteetako hautetsien ordezkariak; Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta taldeko koordinatzaileak; eta Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuko eledunak eta talde parlamentarioko koordinatzaileak.

EH Bilduk urtarrilean abiatu zuen bigarren kongresua, etagaur egingo du amaierako ekitaldia, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Bertan, hitza hartuko du Otegik, 11:40etik aurrera.

«Egitasmo nazionala»

Mahai Politikoak otsailean zabaldu zuen txosten politikorako proposamena, eta, horren arabera, indar subiranistaren asmoa da, besteak beste, «euskal egitasmo nazionalaren oinarri sinboliko eta programatikoak eguneratzea». EH Bilduren iritziz, «zibilizazio krisi» batean, subiranismoak frogatu beharra dauka «euskal eskala garaiko erronka kolosalei erantzun baikor bat emateko funtzionala» dela. Horretarako, beharrezko jo du «herri egitasmo sendo bat» jostea, «narratiba berritu bat, zehaztasun programatiko nahikoarekin». Langiletza horri EH 2030. Merezi Duzun Herria deitu diote, eta asmoa da «datozen hilabete eta urteetan nazio elkarrizketa zabal baten bidez» taxutzea.

Oinarri estrategikoen artean, «gizarte esparru guztietan barneratzea» ere kokatu du EH Bilduk: «Subiranismoak herri erakunde eta boteregune guztietan barneratu behar du, herria eta nazioa ahal beste esparru desberdinetatik egin ahal izateko». Funtsean, nahia da EH Bilduren proiektuak «influentzia gaitasuna» irabaztea «gizarte zibileko esparru askotarikoetan», «herri burujabetzaren aldeko botere metaketa» garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.