Nafarroako Probintzia Auzitegiak hamalau urteko zigorra ezarri dio gizon bati, sexu-eraso delitu jarraituagatik. 2013an izan ziren erasoak, Burlatan; biktimak 23 urte zituen orduan, eta akusatuaren etxean bizi zen urte hartako maiatza eta urria bitartean, bere seme txikiarekin batera. Akusatuak, biktimaren amaren senarra zenak, alabaordea bortxatu zuen, eta mehatxuak eta kontrol psikologikoa ere erabili zituen haren aurka. Are, auzitegiak esan du 2013ko maiatzetik urrira bitartean akusatuak jarrera menderatzailea izan zuela biktimarekin, eta horrek gertatutakoa salatzea eragotzi diola biktimari.
Erasoak etxe barruan eta beste leku batzuetan gertatu ziren, merkataritza gune bateko aparkalekuan, besteak beste. Epaiaren arabera, gizonak biktima behin baino gehiagotan bortxatu zuen, emakumearen zaurgarritasun emozionalaz baliatuta. Are, epaiak nabarmendu duenez, biktimak ondorio psikologikoak ditu erasoengatik.
Espetxe zigorra betetzeaz gain, erasotzailea ezin izango da biktimarengana hurbildu hogei urtez, eta ezin izango da harekin harremanetan jarri; gainera, epaileak debekatu egin dio adingabeekin harremana izatea eskatzen duen edozein arlotan lan egitea. Kartzela zigorra bete ondoren, zortzi urtez zaintzapean aske egongo da. Halaber, 60.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio biktimari, eragindako kalte moralengatik.
Prozesu judizialean «funtsezko» hainbat froga aurkeztu dituzte. Horien artean, biktimaren adierazpenak, txosten mediko eta psikologikoak, eta akusatuaren eta biktimaren arteko elkarrizketen grabazioak daude, akusatuaren abusu eta manipulazio dinamika islatzen dutenak.
Hiru atxilotu Iruñean
Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, hiru lagun atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxista egotzita. 21 urte ditu atxilotuetako batek, eta emakume bati ukituak egitea egozten diote. Larunbat gauean gertatu zen erasoa, hiriburuko taberna batean; han bertan atxilotu zuten gizona.
Asteburuan bertan, 41 urteko gizon bat eta 66 urteko beste bat ere atxilotu zituen udaltzaingoak, urruntze agindua ez betetzea leporatuta.