Koronabirusa. Urtebete lehen kasuetatik

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. LUIS TEJIDO / EFE.
Edurne Begiristain - Mikel P. Ansa
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusaren eraginez 4.804 gaixo hil dira urtebetean Euskal Herrian. 2020ko otsailaren 28an baieztatu zituzten aurreneko kasu ofizialak, bat Araban eta beste bat Gipuzkoan. Urtea joan da, beraz, eta balantzea egiteko parada da, ikusteko zer-nolako eragina izan duen koronabirusak Euskal Herrian.

Ia 5.000 hildako horiek dira gaitzaren arrastorik sakonena, baina bada pandemiaren larritasuna erakusten duen beste datu bat: 20.000 lagun inguru ospitaleratu dituzte urtebete honetan koronabirusaren eraginez. Egunero, batez beste, 54 lagun ospitaleratu behar izan dituzte, beraz. Zenbat lagun kutsatu diren jakiterik ez dago zehazki. PCR eta antigeno test azkarrekin, kutsatutakoen portzentaje bat baizik ez dute atzematen osasun zerbitzuek —lehen olatuan, %20 baino gutxiago detektatu zituzten; hurrengo olatuetan, bolada batzuetan %60-70 atzeman dituzte, baina beste bolada batzuetan, gutxiago—. Herritarren artean egindako inkesta serologikoek adierazten dute, ordea, azaroaren bukaerarako gutxienez 280.000 herritar kutsatuak zituela SARS-CoV-2ak. Geroztik joan diren hiru hilabeteetan kutsatutakoen estimazio bat eginez, esan liteke 320.000 euskal herritar inguru kutsatu direla orain arte: biztanleriaren %10-11 inguru.

COVID-19aren sintoma eta ezaugarri nagusiak ezagunak izanagatik, hamaika aurpegi ditu gaitzak, eta oso modu ezberdinean erasaten die herritarrei: arinago batzuei, gordinago beste batzuei. Azken urtebetean birusarekin gaixotu diren hainbat pertsonaren bizipenak jaso ditu BERRIAK, gaitzak nola eragin dien jakiteko.

Raul Bogajo / Foku

ANDRES KRAKENBERGER
«Uste nuen betiko ahaztua zitzaidala nire kabuz jaten»

Andres Krakenbergerren (Lima, Peru, 1957) amaginarreba koronabirusak jota hil zen iazko martxoan, baina berak ezin izan zuen haren ehorzketara joan, ordurako «nahiko makal» zegoelako. Bi egun geroago, martxoaren 23an, gaitzagatik ospitaleratu behar izan zuten, larri. Bi aste zeramatzan sukar pixka batekin, eta egunak eman zituen Osakidetzak herritarren arretarako jarritako telefonora deika: alferrik, kolapsatuta baitzegoen. Azkenean, bere osasun zentroko medikuarekin hitz egitea lortu zuen. Kontatu zion hamar egun zeramatzala febrikularekin eta «izugarri nekatuta» zegoela. Aurrez aurre artatu zutenerako, odoleko oxigeno saturazioa apalegia zuen, eta larrialdietara eraman behar izan zuten: «PCRa egin zidaten eta negatibo eman nuen, baina negatibo faltsua izan zen. Medikuek argi ikusi zuten birikak birrinduta neuzkala eta gaitzagatik zela». Hortik aurrerako guztia oso azkar pasatu zen: aire falta izugarria, ahultasuna, nekea...

Gasteizko Santiago ospitaleko ZIUra eramatea erabaki zuten medikuek, eta ordutik aitzinera «zeharo lausotuta» dauzka oroitzapenak; memoriatik ezabatuta bezala. «ZIUrako bidearen hasiera kontatu ahal dut, baina ez amaiera, ordurako pelikula erabat itzali egin baitzitzaidan». Astebete eman zuen ZIUan, hortik bost egun sedatuta eta hodiak jarrita. «Benetan larri egon nintzela esaten zuten medikuek», dio, saminez. ZIUan izandako egunetako oroitzapenik ez du, baina lasaigarrien eraginez haluzinazio antzekoak izan zituela bai. «Burmuinak lan egiteari utzi zion, eta amets hiperrealista eta absurdoak izan nituen».

ZIUtik atera eta ohiko gela batera igo zutenetik, bestelakoa izan zen esperientzia, baina inola ere ez samurragoa, Krakenbergerrek dioenez. «Handik egun batzuetara, ohartu nintzen ezin nintzela ibili, eta ez nintzela kapaz koilara bat hartzeko ere. Medikuek eman behar zidaten jogurta, eta ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zitzaidan. Uste nuen betiko ahaztua zitzaidala nire kabuz jaten». Denera, 25 egun egon zen Gasteizko Santiago erietxean. Bakartuta eta bisitarik gabe. «Bikotekidea leihotik agurtzen nuen egunero. Bera erosketak egitera joaten zenean, ospitalearen ondoko optikaren ondoan jartzen zen, eta elkar agurtzen genuen, urrunetik». Erietxean bere kabuz hartu zuen lehen dutxa ere ezin du ahaztu; oxigenoa jarrita izan zen. «Everestera igotzea eta tontorrean ikurrina jartzea bezala izan zen».

Ia urtebete igaro da COVID-19 eritasunarekin gaixotu zela, eta oraindik sintoma batzuk dituela azaldu du Krakenbergerrek. «Lehenago nekatzen naiz». Memorian ere lehen ez zituen hutsuneak ditu. Hala ere, oro har «ongi» sentitzen dela dio, baina hunkituta mintzo da gaitzarengatik bidean geratu direnez: «Gaur bertan hil zait birusak jota eskola garaiko lagun bat, Jose Armada».

Andoni Canellada / Foku

FELI DE CASTRO
«Medikuek zioten ezin zutela ezer egin niri bizia salbatzeko»

Oztopoz beteriko bizitza bat egokitu zaio Feli de Castrori (Abadiño, Bizkaia, 1965): 2005ean, tiroideko minbizia diagnostikatu zioten; 2014an, eskumako bularreko minbizia detektatu zioten; eta, bi urte geroago, ezkerreko bularrekoa. Hiru minbizi bederatzi urtean, ebakuntzatik ebakuntzara, eta tratamendu bat bestearen atzetik. Azken ebakuntza iazko otsailean egin zioten, ezkerreko bularra kentzeko, eta, martxoan, ebakuntzatik osatzen ari zenean, bakartuta egon behar izan zuen ospitaleko gelan: koronabirusagatik itxialdia ezarri berri zuten Hego Euskal Herrian, eta berrogeialdian egon behar izan zuen berak ere. Etxera bueltatu zenean ere konfinatuta jarraitu zuen, eta horrek zaildu egin zion behar bezala osatzea: «Ez nintzen beste ebakuntzetan bezala osatzen ari: ez nuen lortzen ongi sendatzea».

Okerrena, baina, etortzeko zegoen. Minbizitik osatu gabe zegoela kutsatu zen koronabirusarekin. «Eztul lehorra, buruko mina...Ohikoak nituen halako sintomak, eta ez nien garrantzirik eman. Sukarra igotzen hasi zitzaidan gero, eta orduan bai, medikuari abisatu nion». PCR proban positibo eman eta hortik aurrerako guztia ez duela gogoratzen dio. «Audioak entzunda eta senarrak kontatuta baino ez dakit zer gertatu zitzaidan». Sukar oso handia zuen, eta erietxeratu egin behar izan zuten. Tratamendu esperimental bat jarri zioten, baina ez zuen behar bezala erantzuten. «Oso larri nengoen, kalentura izugarriarekin. Medikuek zioten ezin zutela ezer egin niri bizia salbatzeko».

Berrogei egun igaro zituen zainketa intentsiboetako unitatean, oso larri. Handik irtetea lortu zuen, eta beste hogei egun eman zituen ospitalean, birusarekin gaixo. Guztira, ia hiru hilabete erietxeratuta: abuztuaren amaieratik urriaren 18ra arte. Ospitaleko egonaldiak lur jota utzi zuen De Castro, fisikoki «birrinduta»: hemezortzi kilo argaldu zen, gorputzaren masa ia guztia galdu zuen, eta berriro ikasi behar izan zuen ibiltzen eta hitz egiten.

Koronabirusagatik erietxean igarotako hilabeteak memoriatik ezabatuta dauzkala aitortu du; kontatzen duen guztia besteek kontatu diotela, berak ez duelako oroitzen. Baina jabetzen da oso larri egon dela, eta bizirik irteteko aukera oso txikia izan duela: «Heriotza aurrez aurre izan dut». Gainera, birusak osasunean eragin dizkion kalteak ez dira desagertu, eta, minbiziek gorputzean utzitako arrastoarekin batera, SARS-CoV-2ak eragindako ondorioak pairatzen ari da De Castro. Birusak tronbo bat eragin zion ezkerreko hankan, eta ordutik makuluarekin dabil. Minbiziek eta koronabirusak, De Castroren osasun fisikoa ez ezik, buruko osasuna ere higatu dituzte. «Ez dut gogorik kalera ateratzeko; ez dut gogorik ezer egiteko». Eta herritarrentzat badu mezu argi bat: «Arduraz joka ezazue, jendea hiltzen ari da eta».

Bob Edme

XAN BIDEGAIN
«Egun batzuetan ez naiz ezta etxetik ateratzen ere»

Willis Drummond musika taldearekin mundu bira amaitu eta Euskal Herrira itzuli berritan kutsatu zen Xan Bidegain (Baiona, 1980) koronabirusarekin. Apiril hasieran hasi zen sintomak sumatzen, Euskal Herrira iritsi eta hamar bat egunera; ordurako, konfinamendua ezarrita zegoen Ipar Euskal Herri osoan. Susmoa dauka hegazkinean kutsatu zela, bidaiatik bueltan, nahiz eta ezin duen erabat ziurtatu. Esaldi bakar batean laburbildu du birusak berarengan utzitako arrastoa: «Oso gaizki pasatu dut».

SARS-CoV-2 birusak gogor jo zuen Bidegain, eta hamazazpi egun igaro zituen ohean, «ezin zutitu». Bereziki buruko min handia izan zuen, «deskribaezina», eta «oso nekatuta» zegoen. Itolarria ere pairatu zuen, arnasa egiteko zailtasuna eta bularreko estutasuna. PCR testak ez ziren lar egiten garai hartan, baina maiatzean proba serologikoa egin zioten, eta antigorputzak zituela baieztatu. Gaitza igaroa zuen.

Kutsatu zenetik ez da berriro osatu, Bidegainek kontatu duenez: «Gorabehera asko izan ditut, eta sintomak behin eta berriz bueltatu zaizkit. Ez naiz sekula sendatu». Apiriletik uztaila bitartean sintomekin jarraitu zuen, eta apur bat hobeto sentitzen hasi zenean berriro kutsatu zen. Urrian berrinfektatu zen. «Lehenengo kutsatzetik erabat osatu gabe nengoela, berriro kutsatu nintzen. Ez dut burua altxatu».

Bigarrenez gaixotu zenean, beste hamar egun igaro zituen sintomekin, nahiko makal, baina, tratamendu bati esker, lehen gaixoaldia baino apur bat hobeto igaro ahal izan zuen. Kortisona hartu zuen hanturarako, eta opioarekin egindako botika bat mina arintzeko. Birusarekin hain denbora laburrean berrinfektatzeko arriskua oso txikia da, ohikoa izaten baita kutsatzerakoan immunizazioa lortzea. Ikerlariek diote hori gertatzen dela kasuen %84tan; gainerako %16k bakarrik daukatela berriro kutsatzeko arriskua. «Ni portzentaje horretan nago. Egokitu zait».

Ez apirilean, ez urrian, inguruko lagunak eta senideak ez dira kutsatu, ezta etxekoak ere. Bikotekidearekin bizi da, eta hura ez da positibo izan behin ere. Musika taldeko beste kideek ere negatibo eman dute PCR probetan. Bidegainek, ordea, sintomekin jarraitzen du. «Ez nago bere garaian bezain gaizki, baina egun batzuetan ez naiz ezta etxetik ateratzen ere». Iazko udaberritik ez zaio kendu buruko mina, eta «nekatuta» dago. Medikuek hainbat proba egin dizkiote, baina ez dakite zehatz-mehatz zer duen. Bidegainek umorez azaldu du bere egoera zein den: «Baionako bestetan asteazkenetik igandera ateratzen bazara, astelehenean oso nekatuta egoten zara. Bada, ni horrela nago egunero, baina parrandarik egin gabe». Aitortzen du koronabirusak osasuna okertu diola, eta bizitza erabat baldintzatu. «Egunero dauzkat presente nekadura eta COVIDaren istorio hau».

Gorka Rubio / Foku

ISABELLE DELGADO
«Birusa gorputzetik atera ezinik nago, eta sintomak ditut»

Bere bizipenak kontatzen hasi orduko hasi da eztulka Isabelle Delgado (Bilbo, 1969), eta eztulka jarraitu du elkarrizketa guztia. «Martxoaren 11tik ez diot eztula egiteari utzi. Akituta nago». Bera bezala, asko dira, gaixotasunaren lehen oldarraldia gaindituta ere beren onera bueltatzerik ez dutenak. COVID-19 luzea edo iraunkorra deitzen zaio fenomeno horri, eta Euskal Herrian egoera berean dauden gaixoek sortutako plataforma bateko kide da Delgado. «Guk modu iraunkorrean ditugu sintomak, hau da, birusak gure organismoan jarraitzen du, eta sintoma horiek ez zaizkigu sekula desagertzen». Bata bestearen atzetik zerrendatzen ditu martxoaren hasieratik koronabirusak eragin dizkion gaitzak: eztula, buruko eta giharretako mina, arnasa hartzeko zailtasuna, arreta jartzeko zailtasuna eta sukar pixka bat arratsaldero. «51 urte ditut, baina beti eman dut hamar urte gazteagoa, oso aktiboa nintzelako. Orain, hamar edo hogei urte gehiago ditudala ematen du».

Delgadok ongi daki non eta noiz kutsatu zen koronabirusarekin. «Otsailak 29 zituen, eta haurrentzako opera batean egon nintzen, jende askorekin. Ziur naiz han kutsatu nintzela». Martxoaren 11n sintomekin hasi zen: sukar handia, buruko min izugarria, eztula... Osakidetza gainezka zegoen, eta, kontsulta pribatu batean artatu zutenean, PCRrik egin gabe ziurtatu zioten kutsatuta zegoela, sintomak argiak zirelako. Etxean igaro zituen hortik aurrerako egunak, minerako eta eztarrirako hainbat botika hartzen. Amarekin eta semearekin bizi da, eta haiek kutsatzeko beldur zen Delgado. «Bereziki ama kutsatzeko beldur nintzen, 74 urte baititu». Haatik, etxekoek ez dute gaitza harrapatu.

Berak, ordea, bi hilabete eman zituen etxetik irten gabe eta hasierako sintoma berberekin. Hala jarraitzen du oraindik:«Birusa gorputzetik atera ezinik nago, eta horregatik jarraitzen dut sintomekin». Aurki urtebete egingo du gaixorik. COVID-19 iraunkorra existitzen dela aitortua du Osasunaren Mundu Erakundeak, baina Delgadok salatu du osasun sistemak ez dituela behar bezala artatzen sintoma horiek dituztenak. Aitortza ofizialik ez dutenez lan esparruan gaixo baimena hartzeko traba ugari topatzen dituztela salatu du: «Gaixo askok lanera bueltatu behar izan dute, beste aukerarik ez dutelako».

Hainbat proba serologiko egin dizkiote, eta antigorputzak dituela baieztatu diote. Baina COVID-19 iraunkorra duten guztiek ez dute proba serologikoa egiterik izan, eta ez dute nola demostratu gaixorik daudela. «Sintoma iraunkorrak ditugun ia gehienak emakumezkoak gara, eta ohikoa da entzun behar izatea antsietatea dugula, menopausiaren sintomak direla, depresioarenak...». Delgadok aitortu du bere egoera «etsigarria» eta «nahasgarria» dela, eta ezinbestekoa dela COVID-19 luzea behingoz gaixotasun gisa aitortua izatea.

Jagoba Manterola / Foku

AINTZANE MUGURUZA
«Gizarte hobea izango ginela esaten zuten, baina ez du trazarik»

Aintzane Muguruzari (Donostia, 1969) pneumonia atzeman zioten duela hamabost urte, Eneko bere semeaz erditu zenean. Urrian, koronabirusarekin kutsatu zenean, duela hamabost urte izandako antzeko sintomak nabaritu zituen. «Izutu egin nintzen. 51 urte ditut, gizena nago, diabetikoa izatetik gertu... Banuen nolabaiteko arriskua». Larrialdietan artatu zutenean, ez zuten pneumonia arrastorik atzeman, baina koronabirusa zuela baieztatu zuten test diagnostikoetan. Etxean pasatu zuen gaitza, bakartuta, semearekin eta bikotekidearekin batera. Haiek ez ziren kutsatu, nahiz eta elkarrekin bizi ziren. Muguruzak azaldu du neurriak ahalik eta zorrotzen betetzen saiatu zela, baina etxea txikia izanik ez zela samurra izan. «Ahal izan genuen moduan moldatu ginen. Etxea txikia da, komun bakarra daukagu... Ni bakarrik joaten nintzen bazkaltzera, eta ahal nuen denbora gutxien egoten nintzen logelatik kanpo».

Gela barruan bakartuta egon behar izatea bereziki «nekeza» izan zen semea zaindu ahal izateko. 15 urte ditu, eta autismoa dauka. Menpekotasuna dauka, eta gurasoen laguntza behar du egunerokoan: «Haren gainean egon behar dugu gauzak egin ditzan; ez da bere kabuz moldatzen». Koronabirusarekin kutsatu zenetik bi aste eman zituen Muguruzak logelan bakartuta, eta, tarte horretan, semea behin baino gehiagotan sartu zen gelara, berarekin egotera. Autismoa duen haur bati gauza batzuk ulertaraztea «zaila» dela azaldu du Muguruzak, batez ere arauak bete behar direnean: «Guk esaten genion ezin zela gelara sartu, koronabirusa nuelako, baina berak bere modura ulertzen ditu arauak. Ez du ulertzen arau bat bete behar dela atzean arrazoi bat dagoelako». Semea ohituta dago errutina batzuetara, eta ama izan ohi da janzteaz arduratzen dena; bakartuta egon zen egunetan, bikotekideak hartu zuen zaintza horren arduraren zati bat.

Bi aste egon ziren hirurak etxean itxita. Semea eta bikotekidea ez bezala, Muguruza sintomekin egon zen egun guztietan. Nekatuta eta indarrik gabe egon zen astebete luze, eta buruko minak ia hilabete iraun zion. Behin PCRak negatibo emanda, sintomak ez ziren berehala desagertu: «Jipoituta bezala sentitzen nuen gorputza, eta hilabeteak behar izan nituen usaimena berreskuratzeko». Are, gaur egun oraindik ez zaio erabat leheneratu usaimena: «Beti izan dut usaimen oso fina, eta oraindik labean gauzak erretzen zaizkit eta ez naiz ohartzen».

Urtebete da COVID-19aren lehen kasuak Euskal Herrian agertu zirenetik, eta etorkizunari «etsipenez» begiratzen dio Muguruzak. Uste du pandemiaren kudeaketa eta gizartearen jarrera ez direla eredugarriak, eta ezkor mintzo da aurrera begira: «Gizarte hobea izango ginela esaten zuten, baina ez du inolako trazarik».

Jaizki Fontaneda / Foku

MARISA KORTABARRIA
«Esaten didate honekin bizitzen ikasi behar dudala»

Biziki gaitzituta dago. Eta bere bizipenak kontatzen dituenean igartzen zaio haserre hori. Izurriaren kudeaketarekin, osasun profesionalen artarekin, eta, oro har, koronabirusak ekarri duen guztiarekin. «Suminduta nago, bai». Marisa Kortabarriak (Gasteiz, 1961) irailaren 2an eman zuen positibo PCR proban, eta ordutik birusak «erabat baldintzatu» dio bizitza, txarrerako. Osasuna nabarmen makurtu zaio ordutik, eta albo kalteak ekarri dizkio horrek bizitza pertsonalean ere. «Izugarri eragiten dit», esan du, etsita.

Birusak kutsatu dituen beste hainbat eta hainbat pertsonak bezala, Kortabarriak ere ohiko sintomak izan zituen gaixoaldian: sukar handia, giharretako eta buruko mina, eta eztula. «Hiru astez oso-oso makal egon nintzen.Gripe bat bezalakoa izan zen, baina gripe latz bat baino hamar aldiz okerragoa». Kontatzen duenez, ordutik ez zaizkio desagertu sintoma asko, eta gaur-gaurkoz zorabioak ditu, eta buruko min «izugarriak». Buruko minak bereziki latzak direla azpimarratu du, eta sarritan ohetik altxatu ezinik egoten dela: «Buruak eztanda egiten dit. Gero eta gehiago pisatzen duen txapel bat buruan izango banu bezala, gero eta pisu handiagoa duena, gero eta handiagoa... Apurka-apurka hilko banintz bezala da».

Guztira lau aldiz egin dizkiote PCR probak, azkena urrian, eta lauretan positibo eman du; azken PCRarekin batera, proba serologikoa ere egin zioten, eta antigorputzik ez duela esan diote. Medikuek maiz artatu dute Kortabarria, baina, berak dioenez, ez behar beste. «Medikuek ez dakite zer esan, eta ez didate ezer argirik esaten. Ez naute arretaz aztertzen. Esaten didate nire sintomak arinak direla eta honekin bizitzen ikasi behar dudala. Kutsatu nintzenetik gaizki nago, eta inork ez dit esaten noiz arte egongo naizen horrela».

SARS-CoV-2 birusaren eraginez, botika dezente hartu behar ditu Kortabarriak, eta horrek kalte egin dio bere osasunari. Buruko minekin batera, zorabioak ere izaten ditu, eta kentzeko botikak ere hartu behar ditu. Hainbeste sendagai hartzea min egiten ari zaio gibelean eta giltzurrunean; gainera, bitaminak izugarri gutxitu zaizkio, eta burdina, berriz, gehiegi igo. D bitaminaren gabezia sumatzen ari dela azaldu du: «Uztailean ahoan inplante bat jarri zidaten, eta, bigarren ebakuntza egitera joan nintzenean, inplanterik ez zegoen, bitamina faltak eraginda».

Kortabarriak aitortu du «oso akituta» dagoela, eta animoz «ahul». Azaldu du koronabirusarekin kutsatu zenetik «goitik behera» aldatu zaiola bizimodua, «ezegonkortu» egin dela, eta etxeko giroan ere eragina izan duela, bereziki bikotekidearekin: «Asteburuetan mendira joateko ohitura dugu, baina askotan ezin naiz joan, ezin naizelako ohetik ezta mugitu ere egin». Eta triste dago, ama apenas ikus dezakeelako. «COVID-19a buruko osasunean eragiten ari zait», laburbildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.