'Egunkaria'. Hemerotekaren digitalizazioa

Hamahiru urteko ondarea, eskura

Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren hemeroteka osoa digitalizatu du; 200.000 orrialde inguru. Torrealdaik nabarmendu du «bizirik» segitzen duela 'Egunkaria'-k; Itxasok, berriz, haren «ekarpena» txalotu du

Herritarren eskura. Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa dozenaka herritarrez bete zen. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
1990eko abenduaren 6an sortu zenetik 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak —Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok aginduta— indarrez itxi zuen arte, 3.789 zenbaki argitaratu zituen Euskaldunon Egunkaria-k. Denera, 200.000 orrialde inguru. Orain, eduki horiek guztiak kontsultagai egongo dira sarean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuko diru laguntza bati esker, Euskaldunon Egunkaria-ren eduki guztiak digitalizatu baititu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak, Gureak enpresaren laguntzarekin. Horrela, hamahiru urtez pilatutako ondarea herritarren eskura egongo da aurrerantzean.

Atzo aurkeztu zuten hemeroteka jasotzen duen webgunea (www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/), Koldo Mitxelena Kulturunean: goizean, prentsaren aurrean; arratsaldean, berriz, ekitaldi publiko bat egin zuten liburutegian bertan. Dozenaka lagun joan ziren ekitaldira, kazeta zenaren zenbaki zaharrak eskuragarri jarri dituen webgunearen nondik norakoak ezagutzera. Horien artean izan ziren Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakaria, Egunkaria zeneko hainbat langile ohi, Egin-en aurkako auziagatik bederatzi urtez espetxean igaro zituen Karlos Trenor abokatua, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, eta Castillo Suarez idazle eta BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea.

Denis Itxaso izan zen hitza hartzen aurrenekoa, eta Euskaldunon Egunkaria-k hamahiru urtez «euskarazko informazioari egin zion itzelezko ekarpena» goraipatu zuen: «Proiektu hari esker, hobeto ezagutu ahal izan genuen euskal gizartearen bilakaera, egungo errealitatera iritsi arte». BERRIA arduratu da 1990etik 2003ra bitarteko egunkariak biltzeaz, eta Koldo Mitxelenarenak izan dira argitalpenen digitalizazio eta OCR prozesuak. Elkarlan horren ondorioz, Egunkaria-ren hemeroteka bi plataformatan egongo da kontsultagai: BERRIAren atarian eta liburutegiaren Atzoko Prentsa Digitala atalean. 89 egunkari eta aldizkari daude jasota sail horretan. «Ekimen horri esker, liburutegiko erabiltzaileen eskura jarriko da Euskadiren historian giltzarri izan diren urteetako euskarazko prentsa, gure gizarteak izan duen bilakaeraren inguruko ezagutza aberastuz», azaldu zuen Itxasok. Era berean, gogorarazi zuen «bortxaz» itxi zutela kazeta, eta zazpi urte geroago «frogatu» zela proiektu hura «zilegi» zela.

Arratsaldeko ekitaldian, pasadizo bat kontatu zuen, atzo bertan hemerotekan topatutako artikulu baten kontura. 2002ko urriaren 27an, hari eginiko elkarrizketa bat argitaratu zuen kazetak, azken orrian. «Nahiko gaztea nintzen orduan». PSE-EEko zinegotzia zen garai horretan, eta, asteburuetan, futbol partidetako marrazain. «PSE-EEk txartel horia merezi du», zioen izenburuak: «Gauza bitxi bat gertatu zitzaidan: Errioxan partida batean nengoela, irain gisa esan zidaten Arzalluz terrorista, jendeak bazekielako euskaldunak ginela. Babestuta atera ginen. Muga igarotzean, beste bizkartzain batzuk genituen». Partida hartatik aste batzuetara, kartzelatik gutun bat jaso zuen, ETAkoa izandako preso batena: esan zion «kontuz» ibiltzeko, ez emateko hainbeste informazio bere bizimoduari buruz. Barruak inarrosi zizkion gutunak Itxasori: «Mekanismo berri honek ematen dizkigun erraztasunekin, berehala topatu du elkarrizketa. Balio du ikusteko zer momentu politikotan bizi ginen».

BERRIAri eskerrak emanez amaitu zuen hitzaldia, digitalizaziorako Koldo Mitxelena Kulturunea hautatuta haren lanean «konfiantza» erakusteagatik; «ohorea» da hori diputazioarentzat, haren hitzetan: «Euskal kulturaren ondarearen gordailu bibliografiko izateko bokazioa daukagu».

«Onenean geunden»

Joan Mari Torrealdai idazle, kazetari eta Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohiak ere hartu zuen hitza, eta esker mezuak zuzendu zizkien eduki guztiak eskuragarri jartzea ahalbidetu duten guztiei. Alabaina, hedabideak eginiko ibilbidea balioetsi zuen: «Euskaldunon Egunkaria bizirik dago, egin zigutenagatik eta, batez ere, egin genuenagatik. Gaurtik aurrera, ez bakarrik paper gordeetan, baizik eta mundu osoaren eskura. Berriz, gaur ere esan beharko dugu: Itxia, baina ez isildua». «Berriz», horixe izan zen Egunero-ren lehen orriaren izenburua 2003ko otsailaren 21ean, Poliziak Egunkaria itxi eta biharamunean argitaratutako berripaperean.

Hemerotekari erreparatuta, bi irakurketa proposatu zituen Torrealdaik. Alde batetik, kazetaren beraren historiari buruzkoa: «Leku naturalean jaio zen: euskalgintzan. Betiere, euskalgintza sozialaren baitan; alegia, gizarte zibileko euskalgintza antolatuan». Azaldu zuen hasiera zaila izan zutela, 1994an Jaurlaritzarekin hitzarmen bat egin zuten arte, baina ez zutela «zorte handirik» izan: «Pare bat urte lehenago, Ajuriaeneko Itunak bitan banatua zuen gizartea, demokraten eta ez-demokraten artean. Euskalgintza soziala ez-demokraten artean kokatu ziguten, ez maliziarik gabe». 2003an indarrez itxi zuten hedabidea, eta atxilotu hamar lagun, ETArekin lotura zutelakoan, eta hori bera gezurtatu zuen Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2010eko apirilean, auzipetu guztientzat absoluzio epaia eman zuenean: «Onenean geundenean itxi ziguten Egunkaria». Onenean, hiru urte lehenago Interneterako jauzia emana baitzuen.

«Tresna preziatua»

Hemerotekari begiratzean beste irakurketa bat ere egitea gomendatu zuen Torrealdaik: «Egunkaria-k nola ikusi duen mundua, eta, noski, zertan eta nola saiatu zen mundua aldatzen: sozialki, politikoki, kulturalki, linguistikoki... Hor duzue makina bat tesitarako gai zerrenda». Hori horrela, uste du hemeroteka digitala «tresna preziatua» dela Euskal Herriaren historian «historia bat gogoratzeko, historia bera gogoratzeko eta Egunkaria-ren ikuspegia aztertzeko».

Koldo Mitxelena liburutegia 2002. urtetik ari da bere bilduma digitalizatzeko lanetan, Patxi Presa zuzendariak gogorarazi zuenez: «Hasieratik, lan horren helburua izan da dokumentazioaren kontserbazioa garatzea eta edukien erabilpena eta hedapena bermatzea». Atzoko Prentsa Digitala atalak Egunkaria-ren hemeroteka jasoko duenak 33.115 bisita izan zituen iaz. Atzoko ikus-entzuleen artean, egin zioten eskaririk ere Itxasori: aldizkari guztiak digitalizatuz joatea galdegin zioten. Hark erantzun zuen obrak egitekoak direla Koldo Mitxelenan, liburutegia itxita egongo dela epe batez, baina epe hori baliatu nahi dutela digitalizazio lanei bultzada emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.