Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bigarren atalak hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri dio 33 urteko gizon bati, 13 urteko neska bat bortxatzeagatik. Zigortua, gehienez hamar urteko kartzela zigorra bete ondoren, zaintzapean aske geldituko da.
Halaber, hurrengo hamabost urteetan ezingo da biktimarekin harremanetan jarri, ez hirurehun metro baino gehiagora hurbildu ere. Erantzukizun zibil gisa, akusatuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dizkio biktimari «eragindako kalte moralengatik», eta beste 225 euro lesioengatik. Epaiari helegitea jar dakioke.
Auzitegiak nabarmendu du biktimaren deklarazioa froga objektiboekin berretsi dela. Adibide gisa jarri du auzitegiko peritu froga: neskak indarkeria jasan izanaren lesioak zituen, eta zigortuaren DNA laginak topatu zituzten neskaren gorputzean.
Burlatako atari batean
2023ko abuztuaren 16ko gauean, 13 urteko neska 17 urteko lagun batekin joan zen Burlatako (Nafarroa) jaietara. Gauean «edari alkoholdun ugari» edan zituztela zehaztu du epaiak. 01:30ak aldera, autobuseko geltokira bidean abiatu ziren, Ermita kaletik Nogalera kalerantz, etxera itzultzeko asmoz. Orduan, bi neska gazteek akusatuarekin eta harekin zihoazen beste bi gizonekin egin zuten topo, eta hitz egiten hasi ziren. Gizon guztiak ziren adinez nagusiak.
Epaiaren arabera, biktimak eta akusatuak musu eman zioten elkarri, eta, orduan, akusatuak «besotik heldu» eta atari batean sartu zuen neska, bizilagun batek atea ireki zuela aprobetxatuta. Biktimak whatsapp bat bidali zion lagunari, hamar minutu itxaroteko esanez. Baina, handik minutu gutxira, neska «larritzen» hasi zen, eta alde egin nahi zuela esan zion gizonari.
Hark, baina, ez zion alde egiten utzi, eta eskumuturretatik heldu zion. Jarraian, bularrak ukitu zizkion. Biktimak laguntza eskatu zuen garrasika, baina inork ez zion entzun; are, gizonak ahoa tapatu zion, eta, segidan, bortxatu egin zuen. Atarian soinu bat entzun zuenean eten zuen erasoa, eta joan egin zen.
Ordutik, behin-behineko espetxeratze komunikatuan egon da akusatua, eta bermea ordaintzeko aukerarik gabe.
Epaiketa iazko abenduaren 19an egin zuten. Fiskaltzak hamahiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen, 16 urtetik beherako adingabe bat indarkeriaz bortxatzeagatik; akusazio partikularrak hamalau urtera igo zuen eskaera; eta defentsak absoluzioa eskatu zuen.
Zigortua «biktima»
Epaiketan, akusatuak sexu harremanak eduki izana ukatu zuen, eta «ia biktima gisa» aurkeztu zuen bere burua, epaiaren arabera. Adierazi zuen neskak musukatu zuela kalean, berak heldu zuela besotik eta atarira sartzera behartu zuela. Bortxatu izana ere ukatu zuen, baita bortizki jokatu izana ere.
Halere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak gizonak esandakoa gezurtatu du: «Larrialdietako ginekologia txostenek eta auzitegi txostenek eskumuturretan egindako zauri batzuk erakusten dituzte, heldu izanaren seinale; gainera, himeneko urradura bateragarria da sarketarekin; froga horiek, salatzailearen lekukotzak eta DNA frogen emaitzek erabateko babesa eta sinesgarritasuna ematen diote akusazioaren tesiari».
Magistratuek nabarmendu dute, gainera, adingabeak «lotsaz baina irmo» deklaratu zuela gertatutakoari buruz, argi utzi zuela sexu harremanaren aurka agertu zela beti, eta gizonari horixe jakinarazi ziola; are, laguntza eskatu zuela eta geratzeko eskatu ziola, baina akusatuak ez ziola kasurik egin.
Auzitegiak baztertu egin du gizonak «gaitasunak kaltetuak zeuzkanik» alkohola edateagatik. Bide beretik, egiaztatu du ez daukala gaitasun intelektualei eragiten dien patologiarik edo gaixotasunik. Gainera, auzitegiak ziurtatu du gizonak bazekiela biktimak 16 urte baino gutxiago zeuzkala.