Hamahiru urte eta erdiko zigorra ezarri diote Mario Lopezi, sexu eraso jarraituak egiteagatik

Sexu erasoak egin zizkion entrenatzen zuen neska adingabe bati. Epaiak nabarmendu du Lopezek bere adina, boterea, neskaren egoera zaurgarria eta eragiten zion izua baliatu zituela erasoak egiteko.

Mario Lopez, ezkerrean, bere kontrako epaiketara sartzen. MIGUEL TOÑA / EFE
Mario Lopez, ezkerrean, bere kontrako epaiketara sartzen. MIGUEL TOÑA / EFE
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 25a
11:00
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. Atalak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Mario Lopezi, Gernikako Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari, neska adingabe bati sexu eraso jarraituak egiteagatik. Lopezek neska entrenatzen zuen, eta sexu erasoak 1998an hasi zituen. Neskak 13 urte zituen, eta Lopezek 31. Hiru urte eta erdiz egin zizkion sexu erasoak. Larrigarri gisa aplikatu dio neska «bereziki zaurgarria» zela.

Auzitegiak frogatutzat jo du Lopez 50 bat aldiz egon zela neskarekin bakarrik, eta neskarekin izan zituen «jokabide sexualak» gero eta gehiago eta gero eta gogorragoak izan zirela: «Gero eta okerragoak ziren: gero eta maizago eginak, eta gero eta larriago».

Erasoak 1998ko uztailean hasi ziren. Lopezek bere gurasoen etxera eraman zuen neska, saskibaloi partida bat ikusi behar zutela aitzakia gisa baliatuta. Etxean, ukituak egin zizkion. Neska negarrez hasi zen, eta Lopezek esan zion ez zela «berriro gertatuko». Ordutik aurrera, «edozein aitzakia baliatuta», Lopezek bere etxera joateko esaten zion neskari. Sexu erasoak egin zizkion.

«Bigarren aldian xalotasunez zoaz, pentsatuz ez dela gertatuko, 13 urteko neskatila bat zarela, eta berriro gertatzen da, gauza bera gertatzen da, eta dena handituz joan zen»

 Mario Lopezen biktima

«Bigarren aldian xalotasunez zoaz, pentsatuz ez dela gertatuko, 13 urteko neskatila bat zarela, eta berriro gertatzen da, gauza bera gertatzen da, eta dena handituz joan zen», deklaratu zuen neskak epaiketan. «[Haren etxera] Joateko arrazoia beldurra izan zen, beldurra muturrekoa da, ez dakizu bigarren bisita horrek zer eragingo dizun, beraz, joatea da aukera bakarra, beldurra nuen baita nire bizitzagatik ere».

Egun batean, Lopez neskaren etxera joan zen, eta han ere egin zion sexu erasoa. Saskibaloi txapelketa batera bidean ere, autobusean, sexu eraso bat egin zion. Txapelketa horretan bertan, hoteleko gelera eraman zuen. Indar fisikoa baliatzea ohikoa zela zehaztu dute epaian.

Neskak epaiketan esan zuen menderatze, beldur eta izu harremana zela. Neskatila bat zela, eta ez zela ezetz esateko gai. Gainera, bazekien egiten ziona ez zegoela ondo, baina errudun sentitzen zen. «Ezin zara ausartu laguntza eskatzera, ezin zara ausartu ezetz esatera», esan zuen epaiketan. «Lehen aldian izoztuta geratzen zara, zure erreakzio gaitasuna desegiten da».

Bere etxean zer gertatzen zen inori ez kontatzeko ohartarazi zion Lopezek neskari. Ez zion inori esan, 2021era arte. 2020an laguntza psikologikoa jasotzen hasi zen, eta 2021ean psikologoari kontatu zion. 2022ko ekainaren 13an jarri zuen salaketa.  

Epaiaren arabera, Lopezek baliatu egin zituen neskaren egoera pertsonalaz eta familiarraz zuen ezagutza, haien adin aldeak ematen zion «boterea», neskaren entrenatzailea zela, eta neskak Lopezi zion «beldurra». Nabarmendu du adingabeak ez ziola eman inolako onespenik: «Haren borondatea makurrarazi egin zuten baldintza horiek guztiek». Frogatutzat jo du Lopezek neskaren borondatea «hautsi» egin zuela «bortizkeriarekin eta larderiarekin», eta ez zela aukerarik izan «inolako onespenik emateko».

Lekukotzaren «sendotasuna»

Epaihamaiak aintzat hartu ditu neskaren lekukotzaren «sendotasuna», «logika» eta «koherentzia». Baita emandako xehetasunak eta erasoen testuinguruen deskribapenak ere. Neskaren lekukotzan ez du ikusi «ez hutsunerik, ez puntu ilunik, eta kontraesan garrantzitsurik ere». Lekukotza hori «guztiz fidagarria» da, eta «barnean hartzen du, zalantzarik gabe, prozesatuak erabilitako indar fisikoa». 

«Ezin zara ausartu laguntza eskatzera, ezin zara ausartu ezetz esatera. Lehen aldian izoztuta geratzen zara, zure erreakzio gaitasuna desegiten da»

 Mario Lopezen biktima

Lekukotza hori berretsi egin zuten Balorazio Integralerako Auzi Medikuntzako Unitateak eta lekukoek esandakoek. Auzitegiak dio baieztatu egin zutela biktima urte horietan babesik gabe eta mendekotasun egoeran zegoela, eta «izua eta beldurra» ziola Lopezi. Ez Lopez auzitara eraman duen neskak bakarrik. Epaian, azaldu dute «izuan» oinarritzen zela Lopezek entrenatzen zituen neskekin zuen harremana, eta beldurra eta mendekotasuna erabiltzen zituela horretarako.

Neskaren sexu askatasunaren kontrako erasoak beldur eta testuinguru horretan ulertu behar direla uste du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak: «Horrek eragotzi egiten du inolako onespen motarik antzematea. Horrek sexu erasoa seinalatzen du, bortizkeriaz eta larderiaz egina».

Lopez, «zalantzati eta funsgabe»

Epaiak aurrez aurre jarri ditu neskaren lekukotzaren sendotasuna eta Lopezen testigantzarena: neskarena «kaltegabea izan zen eta bat zetorren»; Lopezena, aldiz, «zalantzatia eta funsgabea» izan zen. Horretarako, Lopezek bertsioa aldatu duela aipatu du. Izan ere, Lopezek lehen deklarazioan esan zuen ez zutela sexu harremanik izan; ahozko epaiketan, ordea, onartu zuen musuak eman zizkiola eta ukituak egin zizkiola, eta guztia neskak onetsita gertatu zela. 

Auzitegiarentzat, auziaren «giltzarria» zera da, Lopezek onartu izana adingabearekin «sexu topaketak» izan zituela, «horiek zenbat iraun zuten, zenbat aldiz izan ziren eta zer egin zuten gorabehera». 

Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez, epaiketaren lehenbiziko egunean, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzaile ohia bizkarrez, epaiketaren lehenbiziko egunean, Bilboko epaitegian. MIGUEL TOÑA / EFE

Lopezek ezingo du saskibaloi talderik entrenatu zigorrak irauten duen bitartean, eta ezingo du neskaren etxera 300 metro baino gehiago hurbildu bost urtean (espetxean baimenak jasotzen hasten denetik edo baldintzapean aske geratzen hasten denetik). 80.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio.

Epaiari errekurtsoa jar dakioke EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Auzitegiaren gaitzespena

Epaian ez dute Lopez bakarrik zigortu. Kasuak izan duen oihartzun mediatikoa aipatu dute, eta gaitzetsi egin dituzte epaiketaren aurretik egindako zenbait adierazpen, justiziak indarkeria matxistaren biktimekin duten jokabideari buruz. «Ez pertsona batek, ez talde batek, inork ezin du beretzat hartu justizia nahierara banatzeko ahalmena», azaldu du. Uste dute zilegi dela babesa ematea salaketa jarri zuen neskari eta indarkeria matxistaren biktimei, baina ez dute bat egiten auziari buruz egindako zenbait adierazpenekin. Zehaztu dituzte: «ez dugu ezer espero sententziatik», «sistema judizial honek ez ditu babesten biktimak», «biktimari frogatzeko eskatzen zaiona ezinezkoa da», «neska baten frogatzeko premian jartzen da arreta» eta «ez dugu zigorrik behar, bermeak baizik».

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uste du ezin dela «halako urruntasunik eta nahitasun faltarik» izan erakunde judizialen aldera eta bertan parte hartzen dutenen aldera: «Inoiz inolako biktimari ez zaio exijitzen ezer frogatzeko. Haren kontakizuna entzuten da, eta erabakia hartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.