Hamabost pertsona aitortu dituzte Eliza katolikoan izandako sexu abusuen biktima gisa Nafarroan

Delituen biktimei laguntzeko batzordeak txostena aurkeztu du gaur. Batez beste, orain 63 urte dituzte erasoak jasandakoek, eta 9 urterekin hasi ziren sexu abusuak pairatzen.

Sexu abusuen biktimen aitortzarako batzordea, artxiboko irudi batean. MIGUEL OSES
Sexu abusuen biktimen aitortzarako batzordea, artxiboko irudi batean. MIGUEL OSES
nerea intxausti
2024ko irailaren 4a
17:30
Entzun

Eliza katolikoaren barruan izandako sexu abusuen 53 espediente onartu zituen Nafarroako Gobernuak iaz. Horietatik hamabost jada aitortu dituzte Elizaren barruan gertatutako sexu abusuen biktima gisa, bederatzi aitortzeko bidean dira eta beste 28k abiatzear dituzte tramiteak. 

Delituen biktimei laguntzeko batzordeak egindako balorazio txostenak 2022ko urrian hasi eta 2023ko abendua bitartean jasotako eskaerak bildu ditu. Gaur aurkeztu dute Josean Etxauri batzordeko presidenteak, Mikel Cordoba presidenteordeak eta Esther Aldabe batzordeko kideak, Nafarroako Parlamentuan. 

Etxaurik azaldu du biktima gisa aitortu direnen artetik 11 gizonak direla eta bost emakumeak. Gizonen abusuak jasan zituzten bost emakume horietako lauk, eta gizon guztiek. Hamalau erasotzaile gizonezkoak dira, beraz. Hiru biktimak erantsi dute pertsona batek baino gehiagok egin zietela eraso. 

Batez beste, 63 urte dituzte erasoak jasandakoek, eta 9 urterekin hasi ziren sexu abusuak pairatzen —lehen aldiz 6 urterekin jasan zituen bat ere badago—. 60ko hamarkadan gertatu ziren abusu gehienak, zortzi; bost kasu izan ziren 70eko hamarkadan, bi 80ko hamarkadan, eta bat 50eko hamarkadan. Biktima ia guztiak ikasleak ziren, bi izan ezik: eliztarrak ziren bi parrokiatan.

Hamabi biktimak lehendik ez zioten inori abusuen berri eman, bik eskolan jakinarazi zuten, eta beste bik senideei kontatu zieten. Hamarrek esan dute norbaitek ikusi zituela; gehienetan, ikaskideek. 

Txostenak hiru mailatan bereizten ditu abusuak: arinak, moderatuak eta larriak. Zazpi kasutan abusu «moderatuak» izan ziren, hau da, ukituak; lau kasutan, berriz, abusuak «arinak» izan ziren —arropa gainetik egindako ukituak—; eta beste lau kasutan abusuak «larriak» izan zirela baloratu du batzordeak. 

Abusu gisa aitortu direnetatik hamabi hezkuntza eremuan eta eskoletan gertatu ziren; hiru, parrokiaren batean; eta bat, etxean. Bederatzi erasotzaile irakasleak ziren, hiru parrokoak, beste bi erizainak eta azken biak zaintzaileak. 

Kalteak erreparatzeko, 11 biktimak aitortza publikoa eta pertsonala egiteko eskatzen diete Eliza katolikoko zenbait erakunderi, baita erantzukizuna onartzeko ere. Hiru biktimak nahi dute jendaurrean barkamena eskatzea, eta beste hiruk nahi dute erasotzaileen izen-abizenak plazaratzea. Azken biek kalte ordainak eskatu dituzte.

Batzordea, erreparaziorako bide

Nafarroako Gobernuak iazko azaroan eman zuen Eliza katolikoaren barruko sexu abusuen biktimentzako erreparazioa lortzeko proiektuaren berri. Adituen batzorde independente bat abiarazi zuen, abusuak salatu dituztenak biktima gisa aitortzeko eta erreparaziorako bide bat eskaintzeko xedez.

Orotara, delituen biktimak laguntzeko batzordeak 62 eskaera jaso zituen: 58 biktimek egin zituzten, eta lau, lekukoek. Horien artetik 26 aztertzen ari dira, eta 16 kasuren azterketa amaituta dago — horietatik 15 aitortu dituzte abusu gisa—. Beste bederatzi eskaera esperoan daude batzordeak balorazioa noiz bukatuko, eta 28 kasuren tramiteak hastear dira. 

Cordoba presidenteordeak ziurtatu du ez dutela zailtasunik izan lana aurrera eramateko, eta artzapezpikutzarekin izan duten elkarlana «ona» izan dela. Erantsi du Elizak bideratutako bi pertsona batu direla batzordera orain gutxi, eta horregatik «oso pozik» daudela, uste baitute lagungarri izango direla. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.