Eskuineko oposizioak aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota, eta bere gehiengoa baliatu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aste honetan. Lau egun iraun du guztira. Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean hasi ziren departamentukako zuzenketak eztabaidatzen, eta gaur arratsaldean amaitu dute. Orotara, hirurehun zuzenketa inguru onartu dira, eta 15,5 milioi euro inguru finantzatuko dituzte.
Behin tramite hori osatuta, abenduaren 19ko osoko bilkuran onartuko dituzte 2025eko aurrekontuak. Hala, Nafarroako Gobernuak 6.431 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, inoizko handiena. Behin Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin aurrekontuei bide emateko akordioa lortuta, tramite luze bat izan da aste honetako eztabaida, baina prozesu horretan aurrekontua ez da handitu.
Onartutako zuzenketa gehienak ezbeharrei eta ustekabeko gertaerei aurre egiteko 27 milioi euroko diru sailetik finantzatuko dira. Falta den gainerakoa departamentuen aurrekontuetatik aterako da, gobernuak aurrez proposatutako diru sail batzuk ordezkatuta.
Ikusi gehiago
Diru kopuruari dagokionez, onartutako zuzenketen erdiak baino gehiago —zortzi milioi euro—, Nafarroako hainbat udaletako azpiegituretan inbertsioak egiteko baliatuko dira. Hirigintza arloa alde batera utzita ere, zuzenketa horietan diru sail ugari daude udalen zerbitzuak eta baliabideak indartzeko: batik bat kultur proiektuen ingurukoak, eta haur eskolak eta ikastetxe publikoak hobetzeko.
Beste onuradun nagusiak osasungintzan, gizarte arloan, berdintasunean, kulturgintzan eta euskaran aritzen diren elkarteak izango dira. Besteak beste, Gizarte Eskubideen Departamenturako 4,7 milioi jarriko dira, eta horietako gehienak gizarte elkarteentzako laguntzak izango dira. Onartutako ekarpen horietan, Kultura Departamentuak 3,2 milioi euro banatuko ditu; Hezkuntzak 1,7 milioi euro; Osasunak 1,1 milioi euro, eta Landa Garapenak 626.000 euro. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, berriz, beste 267.000 euro banatuko ditu.
Oposizioaren 871 zuzenketa
UPNk, PPk eta Voxek osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten aurrekontuen lege proiektuari, baina gainerako alderdiek atzera bota zituzten azaroaren 21ean. Alta, haren edukia aldatzen saiatuko dira zuzenketa partzialen bidez, eta proposamen horietan euren lehentasunak zehaztu dituzte. Alferrik. Orotara 871 zuzenketa aurkeztu dituzte. UPNk 52 milioi euroren ekarpenak proposatu zituen, eta PPk 46 milioirenak. Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru bazkideek eta EH Bilduk atzera bota dituzte guztiak.
Eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek salatu dute ez zaiela jaramonik egin. Eztabaida hasi aurretik, PSNko Ramon Alzorrizek ohartarazi zuen teknikoki eta politikoki ez zela bideragarria proposamen horiek onartzea. «Eskuineko politiken antitesia gara, baina ezin gara ibili aurrekontuak desorekatzen, zertarako-eta zuzenketa batzuk onartzeko aurrekontuak babestuko ez dituzten alderdi batzuei».
Javier Esparzak sozialistei leporatu die EH Bildurekin akordioa egin izana, eta salatu du PSNkoek nahiago dutela UPNren edozein proposamen «zakarretara bota, edukia irakurri ere egin gabe». Haren irudiko, aurrekontuak ez dira «ez sozialak, ez eta aurrerakoiak ere». Gaurko eztabaidan, PSNri eta Geroa Bairi leporatu die elkarbizitzan eta memorian kontzientzia zuritzea.
Geroa Baiko Mikel Asianek gogora ekarri du 52 milioi euroren ekarpenak proposatuta «ezinezkoa» dela horiek onartzea. «Haiek ere badakite».
EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du, behin zuzenketa horiek onartuta, aurrekontuak «hobetu» egingo direla, «herritarren eskubideei erantzunez eta zerbitzu publikoen beharrak zabalduz». Bide beretik, Daniel Lopez Zurekin Nafarroako parlamentariak nabarmendu du lehentasunezko kontuen finantzaketa sendotu egin dela. «Gure lehentasunak argi daude. Zerbitzu publikoak, gizarte politikak, berdintasuna eta lurralde kohesioa hobetzea».
ZUzenketak
- Lurralde kohesioa. Udaletako azpiegiturak hobetzeko ehun zuzenketa onartu dira, guztira zortzi milioi euro ingurukoak: Martzilla eta Alesbes arteko bidegorria, Altsasuko udaletxearen eraberritzea, Doneztebeko osasun etxe zaharra moldatzeko obrak, Otsagabiko zahar etxeko galdara zaharberritzea, Mendabiako kale bat zaharberritzea, Uztarrozen eta Hiriberrin udal etxeak eratzea, Antsoaingo Harrobi eraikineko eraginkortasun energetikorako egokitze lanak...
- Gizarte Eskubideak. 50 zuzenketa onartu dira, 4,7 milioi eurorenak. Batik bat gizarte erakundeentzako laguntzak eta udalen zerbitzuak hobetzeko diru sailak: garapen lankidetzarako laguntzak pobreziari aurre egiteko, Gaz Kalo elkarterako, menpekotasunari buruzko Iruñeko proiektu baterako...
- Kultura. 73 zuzenketa onartu dira, 3,2 milioi eurorenak. Nafarroako kultur eta kirol jardueretarako laguntzak: hala nola Bargotako monasterioa, Garañoko gaztelua, Nafarroako Antzerki Eskola, Cascanteko arkeologia zentroa, Iruñeko Orfeoia, Zaraitzuko batzar etxea, Oteiza museoa, Javier Zigaren ondareari buruzko proiektua, euskal pilotaren sustapenerako proiektua...
- Hezkuntza. Hogei zuzenketa onartu dira, orotara 1,7 milioi eurorenak. Diru sail nagusia, 600.000 eurokoa, Iruñeko Udalarekin batera hiriburuko lau ikastetxe publikotako jolastokiak hobetzeko izango dira. Horrez gain, beste hainbat inbertsio jaso dira Goizuetan, Lekunberrin, Villatuertan, Fiteron, Berriobeitin, Azagran, Tafallan, Fustiñanan, Los Arcosen...
- Osasuna. Hogei zuzenketa onartu dira, orotara 1,1 milioi eurorenak. Horien artean daude osasun arloan aritzen diren elkarteentzako laguntzak: ludopatiaren aurkako Aralar elkartea, minbizia duten haurrei laguntza psikosoziala emateko Adano taldea, suizidioaren prebentziorako eta familien laguntzarako Besarkada taldea, AEA gaixotasuna dutenen arreta, AFAN elkartea, Gizakia Helburu... Halaber, hainbat baliabide jarriko dituzte: ehun ohatila elektriko, ekografoak, ospitalerako klimatizazioa....
- Euskara, bizikidetza. Hamalau zuzenketa onartu dira, 267.000 eurorenak. Tartean, laguntzak Laba elkartearentzat, Euskarabenturarentzat, Loraldiarentzat, Kintondare proiektuarentzat eta Euskal Artzainak proiektuarentzat.
- Landa Garapena eta Ingurumena. 21 zuzenketa onartu dira, 627.500 eurorenak: besteak beste, basoen kudeaketarako, ardi latxaren artilea kudeatzeko, elikagaiak merkaturatzeko, ibaiertzak onbideratzeko eta piszifaktorietan inbertitzeko.
- Industria. Bederatzi zuzenketa onartu dira, 388.000 eurorenak.
- Berdintasuna. 46 zuzenketa onartu dira, 350.000 eurorenak. Adibidez, 30.000 euro jarri dira haur eta gazteen euskarazko ikus-entzunezkoak bikoizteko. Gainera, beste hainbat gizarte eragilerentzako laguntzak ere badaude: Medicus Mundi, IPES, Clara Campoamor, SOS Arrazakeria, Eraikiz, Burgi eta Erroibarko berdintasun zerbitzua...