Hamabost eurodiputatuk bat egin dute Sarek larunbaterako deitutako mobilizazioarekin

Atxikimendua adierazi dutenen artean daude JxCko, ERCko eta Sinn Feineko kideak. EH Baik ere bat egin du Bilboko manifestazioarekin.

(ID_13424178) FRANCE EU PARLIAMENT
Carles Puigdemont, Europako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 9a
11:20
Entzun

Hamabost eurodiputatuk, tartean Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont, sostengua adierazi diete Sare Herritarrak larunbaterako deitutako mobilizazioari eta plataformak plazaratutako Konponbiderako Giltzak manifestuari. Sarek eskertu egin die «presoei aplikatzen zaien espetxe salbuespenaren amaieraren» alde erakutsitako jarrera.

Puigdemontekin batera, larunbatean mobilizatzeko deia egin dute Clara Ponsati eta Toni Comin alderdikideek (JxC) eta ERCko Jordi Sole eta Diana Riba i Giner parlamentariek ere. Kataluniako horiek ez ezik, atxikimendua adierazi dute Espainiako Idoia Villanueva, Eugenia Rodriguez (Unidas Podemos) eta Miguel Urbano (Antikapitalistak) europarlamentariek; Irlandako Chris MacManus (Sinn Fein), Clare Daly eta Mick Wallace (Independenteak Aldaketaren Alde) politikariek; Galiziako Ana Mirandak (BNG); Greziako Dimitrios Papadimoulisek (Syriza); Korsikako François Alfonsik (RPS); eta Danimarkako Nikola Villumsenek (Enhedlisten).

Sare Herritarrak «sentsibilitate ezberdinetako» kide horiei eskerrak eman dizkie «euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera itzultzeko modua emango duen behin betiko ebazpenaren alde» erakutsitako konpromisoagatik. Era berean, plataformak helburu hori lortzearen aldeko «lan politikoaren garrantzia» nabarmendu du, eta herritarrei dei egin larunbatean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera: 16:00etan, Casillatik abiatuta.

«Jarrera mendekatzailea»

EH Bai koalizioak ere dei egin du larunbatean Bilbon mobilizatzera. Adierazi du azken urteetan «antzinapauso nabarmenak» eman direla presoen etxeratze prozesuan, eta hori zuzenean lotu du «gehiengo sozial eta politiko zabalen» eta «herri mobilizazioaren» bultzadarekin.

Halere, koalizioaren ustez, oraindik ere bada zer egina: «Arranguraz ikusten dugu nola oraino ere jarrera mendekatzaileari eusten dioten Espainiako Auzitegi Nazionaleko hainbat fiskaltzak». Hori ikusita, Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Xabier Goienetxea euskal presoarekin izaniko jarrera gogoratu du. Hura baldintzapean aske geratu zen azaroan. «Presoen etxeratze fasea abiatu beharra dago, funtsezkoa baita elkarbizitza eraikitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.