Krisia Nafarroako Gobernuan

Hamabost eguneko epea eman dio PSNk Barcinari dimisioa emateko

Nafarroako presidenteak karguari eusten badio, haren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dutela erran du JimenezekUPNk gobernua babestu du eta azpimarratu du ez diela beldurrik hauteskundeei

Joxerra Senar. Edurne Elizondo
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Bere kabuz alde egin dezala; bertzela, guk botako dugu». Esaldi horrekin laburbiltzen ahal da PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek atzo kazetarien aurrean egindako agerraldia. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari zuzendu zizkion hitz horiek, sozialisten zuzendaritza batzordeak atzo egindako ezohiko eta premiazko bileran erabakitakoaren harira: hamabost eguneko epea eman dio PSNk Barcinari dimisioa emateko; denbora tarte horretan kargua uzten ez badu, alderdi sozialistak zentsura mozioa aurkeztuko du UPNko agintariaren aurka.

Hamabost eguneko epea zehaztu dute sozialistek, denbora hori delako, haien ustez, Nafarroako Parlamentuak osatuko duen ikerketa batzordeak bere lana egiteko beharko duena. Batzordea martxan jartzeko lehen urratsa gaur eginen du parlamentuak: batzordea osatzea onartu eginen du. Datorren astelehenean, berriz, egutegia finkatuko dute parlamentuko taldeek.

«Ikerketa batzordeak erakusten badu Idoia Nievesek egindako salaketak benetakoak direla, Barcinak kargua utzi eta hauteskundeetara deitu beharko du. Ezin du jarraitu. Amaitu zaio UPNri Nafarroako Gobernuaren buru izateko denbora», erran zuen Jimenezek, atzoko agerraldian. Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxearen lana jarri zuen auzitan asteartean, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, eta ustez kargua haren alde erabiltzea egotzi zion egungo Ekonomia kontseilari eta gobernuko presidenteordeari. Jimenezek argi utzi zuen atzo «erabateko sinesgarritasuna» ematen diela Nievesen hitzei. Goikoetxeak orain arte emandako azalpenei, ordea, ez. «Ez du azalpen sendorik eman, ez da batere sinesgarria izan», erran zuen sozialisten buruak, atzo.

Jimenez, gobernu buru

«Arduraz» joka dezala eskatu zion Jimenezek Barcinari, atzo. «Bere kabuz alde egiteko azken aukera du oraingoa», zehaztu zuen. Gobernuko presidenteak karguari eusten badio, zentsura mozioa aurkeztuko du PSNk; sozialistek Jimenez bera buru izanen lukeen behin-behineko gobernua osatzeko proposamena jarri dute mahai gainean. «PSN da Nafarroako bigarren indar politikoa, eta, ondorioz, guri dagokigu martxan jarriko den prozesuaren buru izatea», azaldu zuen sozialisten idazkari nagusiak.

Oposizioko bertze taldeekin ez zuela auzi horri buruz hitz egin onartu zuen Jimenezek. «Urrats bakoitzak badu bere denbora. Bertze talderen batek zentsura mozioarekin bat egin nahi badu, hitz eginen dugu», gaineratu zuen. Lehentasuna Nafarroako kontuen «benetako» egoera argitzea dela nabarmendu zuen atzo Roberto Jimenezek. Zentsura mozioaren bitartez osa daitekeen gobernuaren zeregin nagusia horrek beharko luke, hain zuzen ere, PSNko idazkari nagusiaren ustez. «Hauteskundeak egin eta gero osatuko den gobernuak hutsetik hasi ahal izateko», azaldu zuen.

Datorren maiatzaren 25ean Europako Parlamenturako hauteskundeak eginen dira, eta data hori bera baliatu nahi dute sozialistek ere Nafarroako Parlamentua osatzeko bozetarako. «Hori litzateke aukerarik egokiena», azaldu zuen Jimenezek.

«Hagitz larritzat» jo zuen egungo egoera. «2012. urtean Nafarroako kontuetan zuloa bazela salatu genuen guk, eta zulo hori handitu bertzerik ez da egin».

Nafarroako Gobernuak «sinesgarritasuna galdu» egin duela erantsi zuen Roberto Jimenezek, eta horrek nafar guztiei «kalte» egiten diela salatu zuen. Egoera hori kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak ezin duela UPNren esku jarraitu berretsi zuen sozialisten idazkari nagusiak.

UPN: PSN «epaile» bihurtuta

Barcina 24 orduz ez da publikoki agertu. Atzo, 20:30ean, UPNren zuzendaritza batzartu zen alderdiaren egoitzan. Sartu aurretik kazetariek galdetu zioten ea Jimenezen agerraldia ikusi zuen eta Barcinak esan zuen ezetz, «soilik zertxobait». Ordu eta erdiz bildu ostean, UPNk babesa adierazi zion Goikoetxeari eta «erabateko babesa» Gobernuari.

PSNren erabakiari buruz, ikerketa batzordeari «mespretxua» azaldu diola uste du. «Epaile bihurtu da eta bere epaia prest du», gaitzetsi du. Bere ustez, PSNk «gezur sorta bat oinarri hartu du mugimendu politikoa egiteko». «Errugabetu du salatutako gertaerak frogatzera behartuta zegoen salatzailea». Dena den UPNk gaineratu du ez diola beldurrik bozei. «Gezurra da inoizko krisi instituzional handienaren aurrean gaudela.

EH Bilduk gauean ohar bidez adierazi zuen Nafarroak «guztiz jasanezina den salbuespen egoera» bizi duela. «Herritarrei ahotsa itzuli behar zaie, hauteskundeen bitartez, gure ardura hala delako». Beste indarrei dei egin diete «ardura berdinarekin» jokatzera.

Geroa Bairen irudiko, lehen erantzukizuna Barcinak du. Ez badu ezer egiten, oposizioari mugitzea dagokiela uste du. «Dei egiten diogu PSNri zentsura mozioa denboran eta formetan berehala egin dadin eta parlamentuaren desegitea eta hauteskundeen aurrerapena ahalbidetu ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.