COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainan beste urrats bat egiteko bultzada eman du Espainiako Osasun Publikoko Batzordearen erabakiak. Hiru talde berri zehaztu dituzte txertaketarako: 12-19 urte bitartekoak, 20-29 urte bitartekoak eta 30-39 urte bitartekoak. Batzordeak azaldu duenez, orain arte zehaztutako ordenarekin segituko dute txertoa ematen; zaharrenetik gazteenera, alegia.
Bilkuraren ondotik emandako informazioaren arabera, COVID-19ari kontra egiteko txertoen dosi gehiago eskuratu izanak eman du aukera pausoa emateko.
Txertaketaren gaiaz gainera, aurreikusia zen Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek maskararen gaineko araudia aztertuko zutela gaur arratsaldeko batzarrean, baina ez da hala gertatu, eta gaia ez da izan hizpide.