Hamabi urte euskarazko marrazki bizidunik gabe

ETB3 katea ezin da ikusi Nafarroako herri eta eskualde guztietan, eta Sakanako euskalgintzako hainbat talde elkartu egin dira aspaldiko eskaera berriro hizpidera ekartzeko. Nafarroako Gobernuak eskaera egina dio Madrili, partez.

maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Konfinamenduan argi gelditu da: etxe askotan ez da euskaraz egiten; hizkuntzaren transmisio eremua eskola da, eta, konfinamenduan, eskolarik gabe eta, gainera, telebista asko ikusita, umeak euskarazko edukirik gabe gelditu dira». Fermintxo Zabaltzak azaldu du Sakanako euskalgintzako eragileek zabalduriko kezka: ETB3 katea ezin da ikusi Nafarroa osoan, eta konfinamenduak are ageriago utzi du ume askoren arazoa: euskarazko marrazki bizidunik ikusi ezina, eta ondoriozko euskararen galera. «Haurrek inoiz baino gehiago kontsumitu dute telebista, eta hor euskarazko kontsumoa bermatzea oso inportantea da», gehitu du Ibai Iriarte Iñigo Aritza ikastolako zuzendariak. Kezkatuta, gazteleraz ikusi behar izan dutelako.

Ez da kontu berria: 2008an abiatu zen ETB3ren emisioa, eta ETB1eko marrazki bizidunak ETB3ra igaro ziren. Kate berria ez zen iritsi Nafarroako leku guztietara, eta, beraz, euskarazko marrazki bizidunak desagertu egin ziren etxe batzuetatik. «Hamabi urte daramatzate Nafarroako toki batzuetan euskarazko marrazki bizidunik gabe», kexatu da Zabaltza. ETB1ek eta ETB2k ere ez dute bide erraza izan Nafarroan, baina azken urteotan bideratu egin da horien egoera: ETB1 2016tik ikus daiteke Nafarroa osoan, eta, ETB2, 2018tik. ETB3 ez, ordea. Zabaltza: «Nafarroan ikus daiteke Lizarran, Iruñerrian, Tafallan, Zangozan eta Tuteran. Beste lekuetan, ez». «Eskubide eta justizia kontua da», Iriartek.

Sakanan ezin dute ikusi, eta euskalgintzako hainbat eragile bildu egin dira soluzio bat eskatzeko. Horien artean dira ikastolak, D ereduko ikastetxeak, AEK, Guaixe fundazioa, Irurtzungo Euskara Taldea, Ziordiko Liburutegia, Euskal Herrian Euskaraz taldea eta ETB3ren aldeko plataforma bera. Sakanako udaletara bidali dute orain eskaera, eta helburua da ondoren Nafarroako Gobernuarengana jotzea.

Arazo «teknikoa»

2017an elkartu zen plataforma Nafarroako ordezkari politikoekin, baina azaldu zieten arazoa teknikoa zela. «Espainiako Gobernuak multiplexadore bat eman zion Nafarroari, eta horren bidez lau kate eman daitezke: Navarra Televisioneko bi, eta ETB1 eta ETB2», Zabaltzaren hitzetan. Multiplexadore lokalak ere badira, eta horien bidez ikusten da ETB3 leku batzuetan, baina beste leku batzuetan ez. «Multiplexadore lokalen perimetroaren arabera, herri batzuetara ez da iristen». Nafarroa iparraldean, gainera, ez dago multiplexadore lokalik.

Aurreko Nafarroako Gobernuak ETB3 Nafarroa osoan hedatzeko eskaera egin zion Espainiakoari, Zabaltzak azaldu duenez. «Multiplexadorean legez baimena dago bakarrik lau kanal erabiltzeko, baina praktikan sei ere eman daitezke». Nafarroako Gobernura jo du BERRIAk, eta, Pablo Roncal Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak zehaztu dionez, «zaila» da hori. Baztan-Bidasorako eta Sakanarako mutiplexadore bat eskatu zioten Madrili otsailean: «luze gabe», han ere ikus dadin ETB3. Nafarroa osorako bertze multiplexadore bat eskatzea ere ez dute «baztertzen», baina zailtasunak daudela azaldu du Roncalek. «Konpromisoa» badutela, halere. Asteazkenean eskaera horixe egin zuen Nafarroako Parlamentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.