Hamabi lagun daude salmonellosiak jota Bizkaian

Eusko Jaurlaritzak abian duen ikerketaren arabera, agerraldia lotuta dago zenbait ostalaritza lokaletan kontsumitutako jakiekin.

Zartagi bat sutan, tortilarekin.
Zartagi bat sutan, tortilarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko abuztuaren 15a
16:20
Entzun

Gutxienez hamabi lagun kaltetu dira Bizkaian salmonellosi agerraldi batean, arrautza sorta jakin batekin egindako jakien kontsumoaren ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa bat abiatu du agerraldia eragin duten arrautzak atzeman eta merkatutik erretiratzeko.

Ikerketak ondorioztatu du agerraldia lotuta dagoela ostalaritza lokal batzuetako jakiekin. Guztiak oilategi bereko arrautzekin egindakoak dira. Arrautza kaltegarriak Agotzaina SM enbalajearekin banatu dira, eta agerraldia eragin duten arrautzak Aspuru ustiategikoak direla adierazi du Jaurlaritzak. Hala ere, Osasun Sailak zehaztu du Agotzainaren enbalajearekin beste ustiategi batzuetako arrautzak ere banatzen direla, baina horiek kontsumitzeko egokiak direla.

Jaurlaritzaren Osasun Publikoko zuzendaritzak neurriak hartu ditu arrautza kaltegarriak oilategitik eta ostalaritza lokal horietatik kentzeko, baita salmenta debekatzeko ere. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Animalia Osasun Zuzendaritzak beste ikerketa bat hasi du, eta laginak hartu ditu arrautza kaltegarriak ekoitzi dituen oilategian.

Lagin horien azterketaren emaitzak zein diren jakin artean, Osasun Publikoak herritarrei gomendatu die ustiategi horretako arrautzak ez kontsumitzeko, eta jatorri bereko arrautzak izan ditzaketen ostalariei eskatu die halakorik ez erabiltzeko.

Bestalde, Jaurlaritzak gogorarazi du uda garaian intoxikazioak eragozteko neurriak areagotzea komeni dela, tenperatura handiengatik; bereziki, arrautzak erabiltzen dituzten jakien kontsumoari dagokionez, salmonellosi kasuak saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.