Hamabi lagun Espainiako Auzitegi Nazionalera urriaren 12ko ekintzagatik

Koroaren aurkako delituak leporatuta deklaratu beharko dute, Kolonen estatua bat eta Felipe VI.a Espainiako erregearen bat eraisteagatik

Espainiako Auzitegi Nazionalera deiturikoen agerraldia, atzo, Iruñean. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek deituta, protesta bat egin zuten Iruñean urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna salatzeko. Felipe VI.a Espainiako erregearen eta Kristobal Kolonen figura erraldoiak lurrera bota zituzten Diputazio Jauregiaren aitzinean, eta adierazi zuten urriaren 12an ez zeukatela «ezer ospatzeko». Urriaren akaberarako, polizia etxera deklaratzera deitu zituzten hamasei lagun, eta horietako hamabi Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte orain. Ikertu gisa deklaratu beharko dute, urtarrilaren 12an, 13an eta 14an. Koroaren aurkako delituak leporatu nahi dizkiete.

Deklaratzera deituek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, auziaren «izaera politikoa» salatzeko. Haien hitzetan, «kritika politikoa kriminalizatu» nahi dute, eta «oso larritzat» jo dute hori: «Espainiako erregearen figura, Espainiaren historia koloniala eta espainiar proiektua bera kritikatzea zigortu nahi dute».

«Oinarrizko askatasunen» eta adierazpen askatasunaren aurkako «eraso larri bat» da Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu izana, ikertuen ustez. Adierazi dute ez dela «berria» ekitaldi politiko batengatik prozedura judizial bat irekitzea, «non eta salbuespenezkoa den Espainiako Auzitegi Nazionalean», baina «eskandalu politiko bat» dela salatu dute. Ohartarazi dutenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak abiatu zuten ikerketa; «ekitaldiak zigorgarriak zirela ebatzi zuten beren kabuz», eta Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten ondoren auzia. Gaitzetsi dutenez, halaber, «sektore erreakzionarioenek» ere ekitaldia zigortzeko eskatu zuten, «hasieratik».

«Ez gara isilduko»

Ekintzaileek adierazi dute ez daudela «prest» isiltzeko, eta ez dutela hala eginen. Jakinarazi dute «erantzun bateratua» emanen diotela gertatuari: «Gaur gu gara, atzo beste batzuk izan ziren bezalaxe, eta bihar edonor izan daiteke». Horretarako, batetik, harreman bira bat eginen dute eragile sozial, politiko eta sindikalekin; eta, bertzetik, urtarrilaren 12an 10:00etan Iruñeko Auzitegiaren aitzinean elkarretaratzera deitu dute —handik deklaratuko dute, telematikoki—. Manifestu bat ere zabalduko dute, eta helbide elektroniko bat jarri dute martxan atxikimenduak emateko: [email protected]. Halako auzibideak «amaitu» eta «beste jendarte eredu bat» eraikitzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.