Atxiloketak

Hamabi lagun atxilotu dituzte, ETAren 'iraultza zergarekin' zerikusia izatea egotzita

Polizia operazio handia egin dute elkarrekin Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrek: hamabi lagun atxilotu dituzte, eta "ETAren finantza sarearekin" lotura izatea leporatzen diete. Zazpi lagun Lapurdin atxilotu ditu Frantziako Poliziak, beste hiru Gipuzkoan Espainiako Poliziak, eta beste bi polizia horrek berak Alacanten (Herrialde Katalanak). Atxilotuetako gehienak adinean aurrera doaz, ETAko kide historikoak dira, baina egun erabat bizimodu normala zutenak. Besteak beste, Julen Madariaga, Eloy Uriarte eta Angel Iturbe Abasolo daude atxilotuen artean. Jeanine Etxeberri Iñaki Aristizabalen emaztea lekuko gisa atxiki dute.

2006ko ekainaren 20a
17:02
Entzun
Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez, honakoak dira atxilotuak:

Julen Madariaga (Bilbo, 1932) Senperen —Aralarreko zuzendaritzako kidea da egun—.

Angel Iturbe Abasolo (Arrasate, 1953) Arrangoitzen.

Jose Luis Cau Aldalur (Azpeitia, 1943) Baionan.

Cristina Larrañaga (Arrasate, 1954) Azkainen.

Eloy Uriarte (Soraluze, 1941) Miarritzen.

Izaskun Gantxegi (Eibar, 1944) Miarritzen.

Jose Ramon Badiola (Eibar, 1958) Hendaian.

Joseba Imanol Elosua (Zumaia, 1934), Irungo bizilaguna, Santa Polan (Alacant, Herrialde Katalanak).

Jose Karmelo Lukin (Iruñea, 1974) Hondarribiko bizilaguna, Santa Polan (Alacant, Herrialde Katalanak) —Elosuaren suhia da—.

Ramon Sagarzazu (Bilbo, 1936) Oiartzunen.

Jean Pierre Harokarene (1963) Irunen.

Iñaki Aristizabal (Oiartzun, 1946) Oiartzunen.

Janine Etxeberri Baionako Ospitalean atxiki dute, baina lekuko gisa. Iñaki Aristizabalen emaztea da.

Horietako zenbait ETAko kide historikoak dira, iheslari izanak,baina egun bizitza guztiz normala egiten zuten.

Cauk eta Larrañagak osasun arazoak dituztela jakinarazi du Askatasunak, eta atxiloketak kalte handiak eragin diezaizkiekela-eta kezka agertu. Zehazki, erretinan ebakuntza egin zioten astelehenean Cauri, eta Larrañagak mediku tratamendu zorrotza bete behar du.

Albiste agentzien arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska eta Parisko Laurence Le Vert epaileak ari dira sarekada gidatzen. ETAren iraultza zergaren kobraketan bitartekari lanak egitea egozten bide diete atxilotuei; areago, azken 20 urteetan sare hori gidatzea leporatzen diete.

Miaketak eta bestelako neurriak

Atxiloketak ez ezik, bestelako neurriak hartu dituzte Frantziako zein Espainiako poliziek operazio honetan. Hala, miaketak egiten ari dira Gipuzkoako 14 lekutan, Ipar Euskal Herriko seitan eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) bitan. Era berean 50 bat aurrezki kontu blokatu dituzte, eta, halaber, hainbat ondasun bahitzen ari dira, besteak beste, Joseba Elosuak Pausun duen ostatu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.