Halere, bat eginda daude

Espainiako mugimenduak gorabehera, Navarra Suma eta PP-C's koalizioek «batuta» segitzen dute

Javier Esparza eta Pablo Casado UPNren eta PPren arteko akordioa sinatzeko ekitaldian, 2019ko martxoan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
PPk eta Ciudadanosek Murtziako Autonomia Erkidegoan duten aliantza pitzatu egin da, eta Madrilgoa, hautsi. Horrek, horrenbestez, lurrikara politiko bat sortu du Espainian. Nolanahi ere, ustelkeria eta traizioa argudiatuta azken egunetan gertatutako mugimenduek ez diete eragin eskuineko bi alderdi horiek Hego Euskal Herrian eratuak dituzten koalizioei. Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak adierazi du baietz, «etsigarria» dela Murtzian eta Madrilen gertatutakoa, ez diola mesederik egiten UPNk, PPk eta Ciudadanosek Nafarroan duten proiektu bateratuari, baina «elkarrekin» jarraituko dutela lanean. «UPN du buru Navarra Suman; beraz, lasai», nabarmendu zuen, herenegun. Carlos Iturgaiz PP-C's Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioaren eledunak ere lasaitasun mezu bat plazaratu zuen egun berean, adieraziz koalizioak «oso batuta» segitzen duela.

Murtzian PP dago gobernuan, eta PSOEk eta Ciudadanosek elkar hartu zuten Fernando Lopez Miras presidentearen aurka egiteko, ustelkeria egotzita. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dago argi Lopez Miras kentzeko joan den asteazkenean aurkeztutako zentsura mozioak biderik egingo ote duen, alderdi laranjaren hiru diputatu atzera egitekoak baitira. Hori guztia kontuan hartuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari galdetu zioten atzo, Radio Euskadin, ea PSOEren eta Ciudadanosen arteko hurbilketa batek nola eragin diezaiokeen Gernikako Estatutuko eskuduntzak transferitzeko prozesuari. Zupiriaren arabera, «alde batera» utzi behar dira Murtzian eta Madrilgo erkidegoan gertatutakoak, eta azpimarratu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta « dagokien» ministroek «konpromisoa» dutela eskumenak azkenik transferitzeko.

Madrilen, PSOEk eta Ciudadanosek ez dute elkar hartu. Isabel Diaz Ayuso erkidegoko presidenteak asanblea desegin zuen asteazkenean, Murtzian gertatutakoaren berri eduki eta berehala, eta hauteskundeetara deitu, maiatzaren 4rako. «Bestela, zentsura mozio bat aurkeztuko zuten Ciudadanosek eta PSOEk», azaldu zuen Diaz Ayusok. Jarraian, zentsura mozioak aurkeztu zituzten PSOEk eta Mas Madridek. Azkenean, ez dago argi hauteskundeak egingo dituzten edo mozioak bozkatuko dituzten, asanbleako mahaiko presidenteak—Ciudadanosekoa da— ganbera desegitearen aurkako helegitea jarri baitu. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ebatziko du auziaz.

Hain zuzen, Madrilgo giro «iskanbilatsua» izan zuen hizpide, atzo, Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Enplegu sailburuak. «Euskadin, zorionez, beste posizio batean gaude». PSE-EEko idazkari nagusiak Forum Europan adierazi zuenez, Madrilgo erkidegoan tematuta daude Espainiako Gobernuari oposizioa egitearekin. Esan zuen, bide batez, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioak «oso ondo» funtzionatzen duela, «beste koalizio batzuetan ikusten den zirku etengabearen aldean».

Espainiako Gobernuan

Espainiako Gobernuan koalizioan agintzen dute PSOEk eta UP Unidas Podemosek, eta azken asteetan gora egin du, berriro, bi bazkideen arteko tentsioak. EAJk ohartarazia du presio eltze bat dela koalizio hori.

Ciudadanos eta PSOE gerturatu egin direla interpreta daiteke Murtzian gertatutakoari erreparatuta. Gainera, Gaztela eta Leongo Parlamentuan zentsura mozio bat aurkeztu du PSOEk, presidentea, PPkoa, kentzeko, baina, aurrera egin dezan, Ciudadanoseko zenbait parlamentariren babesa beharko du.

PSOEren zenbait buruzagik iradoki edo esan izan dute Ciudadanosen babesa bilatu beharra dagoela. Egia da Ines Arrimadas buru duen alderdiak ez duela asko eragiteko indarrik, hamar diputatu baitauzka Espainiako Kongresuan, baina baldintzatu dezake jokaleku politikoa, eta tenkatu ditzake sortutako aliantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.