Meteorologia

Haizeak ehunka ezbehar eragin ditu, nagusiki kostaldean

AP-8 errepidea itxi egin dute Deba parean, eta tren zerbitzua sei orduz etenda egon da Orio eta Usurbil artean. Lapurdin argindarrik gabe geratu dira hainbat herri. 133 kilometro ordukoko haize ufadak erregistratu dira Zarautzen.

Zenbait surflari Donostian, gaur goizean. JUAN HERRERO /EFE
Zenbait surflari Donostian, gaur goizean. JUAN HERRERO /EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 24a
20:30
Entzun

Haize ufada izugarriek astindu dute Euskal Herria azken orduetan. Alerta laranja ezarrita dago, eta kalteak izan dira ia herrialde guztietan. Lapurdin, esaterako, haizeak eragindako gertakari baten ondorioz, argindarrik gabe geratu dira hainbat herri, tartean, Donibane Lohizune, Azkaine, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Biriatu. Eguerditik aurrera konpondu du arazoa Enedis enpresak.

Hegoaldean, berriz, AP-8 errepidea Irungo noranzkoan itxita egon da 8:30etatik 15:00ak arte, Deba parean (Gipuzkoa), zuhaitz bat erori delako. Tren zerbitzua ere sei orduz eten dute Orio eta Usurbil artean. Araban, Herrerako gaina itxita dago zuhaitzak erortzeko arriskuagatik.

Zuhaitz bat erorita, Lasarte-Orian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zuhaitz bat erorita, Lasarte-Orian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Kostaldean erregistratu dira haize ufada indartsuenak: 133 kilometroko ordukoak Zarautzen (Gipuzkoa), eta 124koak Bermeon (Bizkaia). Haizea nabaritu da Lezon (115 km/h), Zizurkilen (104 km/h), Urduñan (102 km/h), Asparrenan (96 km/h) eta Donostian (92 km/h) ere.

Zenbait tokitan gertatu dira ezbeharrak. Andoainen (Gipuzkoa) N-1 errepideko errei bat itxi dute beste zuhaitz bat erori delako, baina irekita dago jada. Herri horretan bertan, haizeak frontoiaren teilatua bota du. Zorionez, ez da zauritutik izan. Elizondon (Nafarroa) ere zuhaitz handi bat erori da haurrentzako parke batean.

Parke bat haizeagatik itxita, gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Cristina Enea parkea haizeagatik itxita, gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE

Segurtasun Sailak 354 intzidentzia baino gehiagoren berri eman du, gehienak Gipuzkoan, 250. Nafarroan 45 gutxienez izan dira. Eguraldiak eragina izan du aireportuetan ere, eta zenbait hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte Loiun eta Hondarribian. Bilboko suhiltzaileek ere, besteak beste, 30 irtenaldi baino gehiago egin dituzte azken orduetan haizeagatik.

Nafarroan ufada indartsuenak iparraldean eta Pirineo inguruan izan dira, 100 kilometro orduko artekoak.

Haizeak, printzipioz, indartsu jarraituko du bihar arte. Hegoaldekoa izaki, baso suteak izateko arrriskua ere handia dela jakinarazi du Euskalmetek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.