Udal eta foru hauteskundeak. Alderdiak. Begiradak

Hainbat urrats

Xabier Aierdi.
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Joan den igandeko datu elektoralei erreparatuz, egun berberean urrats ugari egin denaren inpresioa ateratzen da. Printzipioz, egoera politikoa normaltzen laguntzera zetozen hauteskundeak zirela genekien, baina horrezaz gain, zutabe berriak ezarri dira, zaharrago batzuk ahuldu eta, ororen gain, aspalditik genekusan euskal gizartearen ezaugarrikuntza birbaieztatu. Jakin badakigu herri/gizarte honetan lau hanka duen mahai ekidinezina dugula, baina errekonozitzea kostatu egiten zaigu. Askotan eremu politikoa gizartearen kontrako konspirazioan ari da, onartuko ez balu bezala identitate bikoiztuko espazio ideologiko bikoiztua dugula, eta gainera Lopez-ek dioenaren kontra identitate-ardatza da erabakigarriena. Beraz, lau espazio handi eta, oro har, bakoitzari adierazpen politiko bat dagokio. Hauteskundeok honen kontzientzia balekarte lehen ikasgaia ikasia genuke. Igandeko datuekin ez dago sinplifikaziorik sistema politikoan, erredukzioa baino, aktore erabakigarri gutxiago, konplexutasun handiagoa. Ongi etorriak etorkizunera! Itunak, akordioak eta aliantzak zailak diren arren, ez dago beste erremediorik: lau herrialde, hiru adierazpen nagusi (PP, EAJ eta Bildu); laugarrena (PSE-PSN) oso ahul eta zenbait alderdi txikiagoren berlerrou beharra.

Datu guztietatik, Bilduren irrupzioa da esanguratsuena. Botere kopuru asko eskuratu du, kolpean falta zitzaigun laugarren erreferentzia sendotu du eta, neurri batean, mugimendu batekin bi helburu beteta, EAJri distantzia laburtu eta baita aurrera begira hegemonia lehia planteatu dizkio. Ez da gutxi hasiera baterako. Ez litzateke zuzena Gipuzkoan eta Donostian gobernatzeko duen aukera trabatzea ezelango koalizioren bidez. Agian gerta liteke, baina kasu horretan EAJrentzako ere kaltegarria izango litzateke, gizartearen eta batez ere abertzaletasunaren sektore handi batek ez bailuke onartuko, zeren zaildu egin da efektu kolateralen panorama. Kontuz, beraz, alferreko edo urrats desegokiekin! Noski, Bilduren datuak bakearen bidea bizkortuko dute, eta, espero dezagun erritmoa azkartu dezatela, aspalditik gehienok ikusten genuena gauzatu da: Sortuk eta etorkizuneko ezker abertzale integralak indarkeriarik gabe galtzeko baino gehiago irabazteko duela. Zenbat denbora alferrik galdua! Bestalde, datuok ez dezatela nostalgi antzurik berpiztu.

EAJ ezin da guztiz pozik egon datuekin, Gipuzkoan eta Araban gehiago espero zuelako. Gainera, ez zitaion komeni Bildu bigarren alderdi bilakatzea. Nolanahi ere, oso eremu sendoa du, hala elektoralki nola geografikoki, nahiz eta Bilduren sarrera oso nabaria izan den bereak betidanik zituen udalerri askotan. PPk, Araban izan ezik, ez du aprobetxatu PSEren ahulezia, baina lurzoru finkoa du ere.

Aurreko iritzian nioen moduan, PSEren teilatuan dago orain pilota. Estatu desmobilizazioak gogor zigortu du alderdi hau, oinarri sozialik gabe Eusko Jaurlaritza kolokan jartzeraino eta errekuperatze lanetarako oso tentu handiz ibiltzeaz gain, arazo bati ekin beharko dio: merezi dio PPrekin aurreranzko ihesean aritzea? Euskal gobernua mantentzea ala hauteskundeetara deitzea?Inoiz baino gutxiago merezi baitio hemen gobernu bat mantentzea Estatuan ezerezera daramakion alderdiarekin. Egoera oso zaila dauka eta bapatean konpondu beharrekoa, datorren urteko hauteskundeetara begiratuz egungo kaltea txikitu egin behar duelako. Pairatu duen desafekzioa ez dator bat errealitatean duen oinarri sozialarekin, beraz errekuperatu eta mobilizatzeko gogor eta zuzen ekin beharko du.

Beraz, errealitatearen erreinura bueltatu gara, hau da dagoena, eta berau gestionatu behar da. Gainera, urrats azkarrekin gailendu da errealitatea. Agian ez da argazkirik nitidoena, baina nabariki hurbiltzen zaio. Argazki zahar-berritu honi kasu egin ezean, berriro politikatik gizartearen kontrako arituko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.