Julian Maciasek (Caceres, Espainia, 1967) desinformazio digitalaren aurkako ekintzailetzat dauka bere burua, eta, besteak beste, eskuin muturrak sare sozialen bidez hedatzen dituen desinformazio eta iruzur kanpainak aztertzen ditu Twitchen duen Pandemia Digitalkanalean. Espainiako eta Latinoamerikako politikan izandako eraginari gertutik erreparatu die azken urteetan.
Sare sozialak desinformazio iturri garrantzitsu bat dira. Halakoen atzean kanpaina koordinatuak izaten direla salatu duzu. Nola funtzionatzen dute?
Desinformazio kanpainek hiru kapa izan ohi dituzte: mediatikoa, digitala eta politikoa. Horiek koordinatuta funtzionatzen dute. Eta kontuan hartzeko beste elementu bat da plataforma digital hegemonikoak ere ez direla neutralak. Algoritmoek teknofaxismo deritzona indartzen dute. Edo, Metari dagokionez, adibidez, mundu osoko hauteskunde prozesuetarako informazio egiaztatzaile ofiziala Atlantic Council da, NATOrekin eta Atlas Networkekin lotura duen think tank bat. Desinformazioaren atzean egon ohi da hura, politikariekin kolaboratuz; Espainian, adibidez, Voxekin.
Algoritmoek nola sustatzen dute teknofaxismoa?
Modu batean edo bestean, indarkeria, gorrotoa eta gezurra indartzen dituzte. Eta hori ez da Twitterren kontua bakarrik. Facebookek, adibidez, hamar aldiz balio gehiago ematen dio algoritmoan haserre aurpegidun erreakzioari gustuko dut dioenari baino. Gainera, algoritmoek oihartzun ganberak sortzen dituzte. Horiek murriztuz joan dira, ia ados zauden jendearen edukiak soilik jasotzeraino. Orduan, bestelako estrategia bat jarri da martxan, hori hausteko gezurrak eta gorrotoa erabiliz. Esaterako, norbait difamatzen da, eta, oihartzun ganbera batean inork gezurtatzen ez badu, jendeak agian sinistu egingo du. Eta gezurtatzen baduzu, berriz, narratiba hori zure oihartzun ganberara daramazu.
Bot-en erabilera aztertu duzu, halako mezuak hedatzeko tresna gisa. Zer dira, zehazki?
Bot baten atzean pertsona erreal bat egon daiteke. Adibidez, Boliviako estatu kolpean, boliviar jatorriko AEBetako armadako beterano bat zegoen segundoko 70 mezu argitaratzen zituen bot baten atzean. Dozena bat inguru traol erabiltzen ziren Evo Moralesen kontra, eta horietako bat argitaratzen zen bakoitzean birtxiotu egiten zuen. Gainera, CLS Strategies enpresak 100.000 kontu faltsu baino gehiago sortu zituen, orduan Bolivian zeuden Twitter kontuak baino gehiago. Adibidez, [Marco Antonio] Pumarik, kolpean parte hartu zuen batek, 24 jarraitzaile zituen, eta astebetean 100.000 lortu zituen. Enpresa berak Hondurasko eta Paraguaiko kolpeetan ere parte hartu zuen. Eta zehaztu zuten Venezuelako eta Mexikoko gobernuen kontrako kanpainen atzean ere bazegoela.
Herrialde sorta bat aipatu duzu. Nazioarteko fenomenoa da, baina badaude espezifikotasunak tokian-tokian?
Leku batzuetan beste batzuetan baino garatuago daude estrategia digitalak, eta herrialdeko idiosinkrasiara egokitzen dira. Baina eredu asko errepikatzen dituzte. Hedabide, kazetari eta politikariek parte hartu ohi dute, eta horiekin batera troll star delakoak daude. Kontu anonimoak, ekintzaren zuzendaritzaren aginduetara.
Hain erraza da diru truke zure zerbitzura jartzea milaka kontu?
Ez dute publikoki egiten, baina hainbat komunikazio agentziak eskaintzen dituzte kontu faltsuak, espioitza digitala, hauteskunde iruzurrak hauspotzeko kanpainak... Duela urtebete inguru, hedabide partzuergo bat [tartean ziren The Guardian, Le Monde, Der Spiegel...] ezkutuko kamerekin grabatzen aritu zen enpresa horietako bat: Israelgo Team Jorge. Argitaratu zuten 30 hauteskunde baino gehiagotan eragin zuela, besteak beste sare sozialetan desinformazioa zabalduz.
Eskuin muturraren diskurtsoetan badira zentraltasuna hartzen duten gaiak. Identifikatuak dituzu halako kanpainetan gehien azaleratzen direnak?
Egituraren parte bat neoliberala da, eta bestea, kontserbadorea. Oso presente daude Yunque sekta eta Opus Dei. Agenda oso kontserbadorea dute, eta, beraz, LGTB kolektiboari eta feminismoari eraso egiten diete. Gogor egiten dute bataila kultural deritzoten horretan, besteak beste abortua eta eutanasia kriminalizatzeko. Era berean, kolpezaleak dira, eta demokraziari uko egiten diote, askatasunaren kontrakoa delakoan.
Oraintsukoak dira: Bonaireko aparkalekuan (Valentzia, Herrialde Katalanak) hildako andana zegoela, AEBetan migratzaileek maskotak jaten dituztela... Oso gezur baldarrak dira, baina nahikoa da sareetan datuak ematea kontakizun horiei gailentzeko?
Datuak kontakizuna hiltzen duela esatea optimismo demokratikorako eta egiaren defentsarako deia egitea da. Baina, egiatan, emozioak arrazionaltasunaren gainetik daude. Zer da 200 hildako utzi dituen hondamendi bat baino emozionalagoa? Asmoa da amorru, beldur edo haserre hori norbaiten kontra zuzentzea. Egoera mingarri bat baliatzen dute euren narratibak zabaldu eta gorroto hori bideratzeko.
Bada modurik horri aurre egiteko?
Inpunitate handia dago, justizia garestia delako eta jendeak salatzen ez duelako. Era berean, mundu digitalerako legedia falta da. Eta babes handia dago kazetaritzaren sektorean ere. Prentsa askatasuna eta pluraltasuna oinarrizkoak dira, baina, zure editorialak sistematikoki gezurrez betetzen badituzu, hori ez da kazetaritza. Uste dut gezurra gehiago fiskalizatu beharko litzatekeela, beste lanbide batzuetan egiten den bezala.