Iruzur egitea leporatu diote hainbat homosexual hiltzea egotzia dioten gizonari

Gizon horren kontrako bigarren epaiketa hasi dute gaur. Saioa hasi aurretik, Gehituk eta Euskal LGTBI+ Behatokiak epaiketarik ez egiteko eskatu dute, Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat hartu arte.

Hainbat homosexual hiltzea egotzia dioten gizonaren lehen epaiketa, iazko urrian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Hainbat homosexual hiltzea egotzia dioten gizonaren lehen epaiketa, iazko urrian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urriaren 21a
10:25
Entzun

Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten 2022ko maiatzean. Iazko urrian, haren aurkako lehen epaiketa hasi zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Gizon bat hiltzen saiatzeagatik epaitu zuten, eta zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten. EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, hamar urtera igo zion zigorra, hilketa-saiakera delitua egotzita. Gaur, gizon horren kontrako bigarren epaiketa hasi dute. Iruzur delitu batengatik epaitu dute.

2021eko irailean, 61 urteko gizon bat aurkitu zuten etxean hilda. EITBk jakinarazi duenez, hildako gizonaren kreditu txartel batetik 8.000 euro inguru atera zituzten, eta delitu horrengatik epaituko dute gaur gizona. Izan ere, heriotza ikertzeko auzia artxibatu egin zuten. Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen elkarteak —herri akusazio gisa aurkeztea erabaki zuen iazko uztailean— helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, kasua berriro ireki dezatela eskatzeko. Saioa hasi aurretik, Euskal LGTBI+ Behatokiarekin batera bidalitako ohar batean, exijitu du epaiketarik ez egiteko Konstituzionalak erabaki bat hartu arte.

«Babes errekurtsoa aurkeztu genuen, uste baitugu kasu hori artxibatu egin dela hilketari buruzko ikerketa eraginkorrik egin gabe», nabarmendu dute. Eta erantsi dute gaurko epaiketak ez duela zentzurik. Babes errekurtsoa onartuz gero, elkarteek jakinarazi dute epaiketa berriz egin beharko dutela, eta biktimek «bigarren biktimizazio» bat pairatu beharko dutela. «Epaitegiek eta alderdiek denbora eta baliabide materialak alferrik galduko dituzte; gainera, horrek biktimen sufrimenduan sakontzea ekarriko du». Argi utzi dute: «Zuzeneko eta zeharkako biktimek errespetua merezi dute».

Epaiketa mantendu dute

Epaiketa gelditzea eskatu duten arren, gaurko saioa bere horretan mantentzea erabaki du magistratuak. Akusatuak onartu du gizonaren kreditu txartela erabili zuela, baina adierazi du ez zekiela «norena» zen; «lagun batek» eman ziola esan du, «dirua atera eta euren artean banatzeko».

Fiskaltzak bi urte eta erdiko zigorra eskatu du akusatuarentzat. Akusazio partikularrak, berriz, bi deliturengatik zigortzea eskatu du. Batetik, kreditu txartela iruzurrez erabiltzea leporatu diote, eta, bestetik, iruzur informatikoa egin izana. Adierazi dutenez, 5.000 euro baino gehiago kobratzen saiatu zen Bizum bidez. Ez zuen lortu, bankuak mugimendu horiek blokeatu baitzituen. Beste 3.000 euro ere lapurtzen saiatu zen. Akusazioak eskatu du biktimaren «sexu orientazioa» astungarri gisa onartzea, akusatua «zitak edukitzeko aplikazio baten bidez jarri zelako biktima guztiekin harremanetan». Lau urte eta erdiko zigorra eskatu dute lehenengo delituarengatik; bost hilabete eta erdikoa, berriz, bigarrenarengatik.

Saioa amaitu eta gero, akusazio partikularraren abokatuak gaurko epaiketa balioetsi du, oraindik ikertzen ari diren «hilketen zioa egiaztatzeko» balio izan duelako: «Kreditu txartelak erabiltzeko eta dirua lortzeko hil zituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.