EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldea aldatu izana; Kutxabankeko presidenteak euskarazko irakaskuntzaren inguruan adierazpenak egin izana; Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri izana unibertsitate pribatuak sortzeko irizpideak gogortzea; hasieran EHU Euskorporan ez sartu izana... Zuzenean ez bada zeharka, aspalditxoan hainbat auzik zipriztindu dute Juan Ignacio Perez Iglesias (Salamanca, Espainia, 1960) gidari duen Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila. Guztien gainean eman du iritzia.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila sortu duzue legegintzaldi honetan, eta hura martxan jartzen ari zara orain. Zer moduz?
Lehendakariak sortu zuen, bai. Oso interesgarria izaten ari da, hainbat arrazoirengatik; zerbait sortzea polita da berez. Baina ni akademiatik nator, eta administrazioa oso desberdina da: bestelako logika batekin lan egiten du, eta denborak ere desberdinak dira; akademiaren denborak luzeak dira, baina administrazioarenak, are luzeagoak. Horrek, batzuetan, frustrazioa sortzen dio ni bezalako jendeari. Halere, bi aldeak balantzan ipinita, pozik nago. Oraindik gauza gutxi daukagu erakusteko; hemendik aurrera hasiko gara gauza gehiago izaten, segur aski.
Zeintzuk dira lehentasunak?
Lehentasun absolutua taldea sortzea izan da, hori gabe ezin baituzu ezer egin. Gainera, sistema ahalik eta ondoen ezagutu nahi izan dut. Nik unibertsitate publikoa ezagutzen nuen, hor bizi izan bainaiz bizitza osoan, baina ez nuen ondo ezagutzen ikerketa zentroen sarea, ezta unibertsitate pribatuak ere. Sartu nintzenean, pentsatu nuen hori ere lehentasunezko gauza zela. Zer eta nola egingo dugun aztertzen ere aritu gara; emaitzak ikusiko ditugu datozen hilabeteotan.
EHU aipatu duzu. Bada berrikuntzarik, errektoretza taldea aldatu baita. Bildu al zarete?
Bai, bai. Ni egonda nengoen errektorearekin hauteskundeen ostean. Gero, goiz oso bat egon ginen bilduta gure taldekook eta errektoretza taldekoak. Batzar oso emankorra izan zen. Hortik aurrera, dinamika batekin hasi gara.
Zer moduzko harremana duzue?
Ona. Uste dut helburu batzuetan bat egiten dugula; beste gauza batzuk ez ditugu berdin ikusten. Normala da. Gobernuaren eta unibertsitatearen arteko harremanean beti egoten dira iritzi desberdinak lehentasunei eta egin beharrekoari dagokienez. Zenbait gairi buruz negoziatu beharko dugu, eta ziur asko gauzak ez dira izango ez guk nahi dugun bezala, ez haiek nahi duten bezala, baina pentsatzen dut kapazak izango garela ados jartzeko.
«Helburu batzuetan bat egiten dugu [EHUko errektoretza taldearekin]; beste gauza batzuk ez ditugu berdin ikusten»
Zein dira desadostasun eta adostasun nagusiak?
Azpiegituren egoerari eta arlo horretan egin beharreko obrei dagokienez, uste dut ez dela desadostasunik egongo. Langile beharrari dagokionez, desadostasunak egon daitezke. Uste dut kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikarien arloan ados jarriko garela, ikusten baitut badaudela beharrak. Beste gauza bat da beharrak nola betetzen diren; horretaz hitz egin beharko dugu. Eta irakasleei dagokienez, ez dakit erraza izango den ados jartzea; uste dut zailtasun gehiago egon daitezkeela. Egitasmo akademikoei dagokienez —zein ikasketa eman behar diren, zein ez...—, iniziatiba unibertsitateari dagokio; guk baloratu behar dugu. Ez litzateke zaila izan beharko horretan ere ados jartzea.
Errektoretza talde berriak finantzaketa handiagoa eskatu izan du behin baino gehiagotan. Zuk ere uste duzu behar dela?
Bai. Ohiko ekarpena igo genuen aurrekontuetan, ohartzen baikinen diru gehiago behar zela. Ez dakigu zer gertatuko den datozen hilabeteetan, ekonomiak zer bilakaera izango duen... baina, gauzak normal badoaz, jarraitu beharko genuke ahalegina handitzen. Bermatu behar dugu finantzaketa nahikoa izango dela; hortik aurrera, argi daukagu ahalegina kontzentratu egin behar dela zenbait helburutan, eta, horretarako, legeak baditu tresnak: kontratu programak. Unibertsitatearekin adostu beharko dugu helburu horiek zein diren, eta, beraz, baliabide horiek zertan gastatu.
Unibertsitate lege berria ontzeko asmoa ere erakutsi zenuen. Zertan da?
Aztertzen hasi gara zer eduki dauden LOSUn, Espainiako legean, baita gure legean zer dagoen eta zer egin nahi genukeen ere. Gauza batzuetan, LOSUk itxi egiten du joko zelaia, ez dago gehiago egiterik; beste batzuetan, badago aukera, eta horietan erabaki behar dugu noraino iritsiko garen. Gustatuko litzaidake ahalik eta adostasun handienarekin ateratzea legea, baina oraindik ez dugu eskema finko bat aurkezteko eta proposatzeko: horretan ari gara; nahi nuke eztabaidatzen hasteko zirriborro bat edukitzea urte bukaerarako. Hor beldur naiz, batzuen eta besteen eskariak direla eta, azkenean Biblia bat izango ote den lege bat bainoago; nik nahi nuke artikulu eta atal gutxiko legea izatea, malguagoa izan dadin etorkizunari begira.
Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri du unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortzeko proposamena. Zer iruditzen zaizu?
Gu aintzat hartu gabe egin duela, eta guri dagokigula funtsezko zenbait erabaki hartzea. Gainera, atal jakin batean, nire ustez, guri dagokigun eskumen bat berreskuratu nahi du: irakaskuntza telematikoa nagusi izango den balizko unibertsitate bat sortzekoa; ez nator bat horrekin. Gero, uste dut erabiltzen dituen irizpide batzuk oso eztabaidagarriak direla. Adibidez, esan dute 4.500 ikasle behar direla. Begira: Massachusetts Institute of Technology munduko unibertsitate onenetako bat da, eta ikasle kopurua hor nonbait ibiliko da, 4.500-5.000 izango dituzte. Ikasle gutxiko unibertsitate bat oso txarra izan daiteke, baina oso on batek ere izan ditzake ikasle gutxi. Gure unibertsitateei dagokienez, nik ikusten dut Mondragon Unibertsitateak —eta hango errektorearekin hitz egin dut honi buruz— zailtasunak izango lituzkeela zenbait irizpide berri betetzeko, eta ez dut uste Mondragon Unibertsitateak, garai honetan, ezer frogatu behar duenik kalitateari dagokionez. Beraz, ni ez nator bat erabili dituzten irizpideekin.
Uste al duzu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate pribatuak kalitatezkoak direla?
Bai, noski. Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari dagokienez, ez daukat inolako dudarik: kalitate handikoak dira. Euneiz unibertsitateaz hitz egiteko goiz da oraindik; bi ikasturte daramatza martxan, eta denbora bat dauka zenbait irizpide betetzeko. Laguntzen ari gara bete beharreko irizpideak bete ditzan. Ez daukat ez erreserbarik ez mesfidantzarik gure unibertsitate pribatuen kalitateari buruz.
«Ez daukat ez erreserbarik ez mesfidantzarik gure unibertsitate pribatuen kalitateari buruz»
Beraz, Euneizek ez dizu kezkarik eragiten?
Kezka ez. Gu laguntzen ari gara; horixe dagokigu. Hemendik bi edo hiru urtera gauzak ez baldin badoaz behar bezala, orduan kezkatuko naiz.
Puri-purian dago adimen artifizialaren arloa. Eusko Jaurlaritzak Euskorpus aurkeztu du: haren hitzetan, eremu digitalean euskararen presentzia «bermatzeko» proiektua. Alta, orain arte arlo horretan aritutako zenbait izenen falta sumatu zen Euskorpus sustatzeko Euskorpora elkartean; besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearena. Zergatik ez zen sartu hasieran?
Hori Euskorporako arduradunei galdetu behar litzaieke, baina, Eusokorporako zuzendariak bere garaian esan zidanez —eta horrela adierazi nuen [Eusko] Legebiltzarrean—, EHUra mezu bat bidali zen horren berri emateko, eta ez zen erantzunik egon. Nik interpretazio hau egin nuen: unibertsitatea hauteskunde prozesu batean murgilduta zegoenean bidali zen mezua, egoera horiek beti izaten dira nahasgarriak, eta horregatik ez zen egon egon beharreko erantzuna. Gero, nik harremanak izan ditut batzuekin eta besteekin, eta ja publiko egin da EHU Euskorporan sartu dela, eta EHUrekin batera, Hitz zentroa eta Euskara Institutua, balio handiko corpusa baitute. EHUri dagokionez, uste dut gauzak ondo bideratu direla.
Bere garaian, zer iruditu zitzaizun EHU elkartean ez egotea?
Harritu egin ninduen, baina egoera hauek ez ditut dramatizatzen; hau da, norbaitek zerbaiten ardura badu, nire ustez, ez zaio esan behar gauzak nola egin behar dituen: gauzak ez badira ondo egiten, kontuak eskatu behar zaizkio gero. Ni harritu ninduen EHU ez egoteak; gainera, aurkezpenean ikusi nuen Mondragon Unibertsitatea bazegoela eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez. Galdetu nuenean, azalpen hori eman zidaten, eta esan nuen: «Nire ustez, hau zuzendu beharra dago». Baina beti argi eduki nuen erantzukizuna horren arduradunarena dela, eta, beraz, askatasuna eduki behar duela gauzak berak uste duen bezala egiteko.
«[EHU Euskorporan ez egoteak] Harritu egin ninduen, baina egoera hauek ez ditut dramatizatzen»
Beste zenbait eragile ez daude elkartean: esaterako, Elhuyar. Sartu beharko al lirateke?
Hori Euskorporako zuzendaritzak baloratu behar du. Beste eragileei dagokienez, ni ez naiz aditua.
Berriki beste polemika bat sortu da, Kutxabankeko presidenteak esan baitu euskarazko irakaskuntza oztopo dela talentua erakartzeko. Zuk ere hala dela uste al duzu?
Kutxabankeko presidenteak mugatzaile edo horrelako zerbait esan zuen. Faktore asko dira talentua erakartzea baldintzatzen dutenak, eta, nire ustez, soldatak eta etxebizitzen prezioa dira benetan oztopo edo mugagarri nagusiak. Uste dut hainbat faktore daudela talentua erakartzea mugatzen dutenak, eta hizkuntza izan daiteke bat: euskara, gaztelera? Bakoitzaren egoeraren arabera. Hau da, seme-alabekin etorriko al da? Hemen izango al ditu seme-alabak? Ez da gauza bera. Seme-alabekin baldin badator eta beste hizkuntza batean ikasi badute, normalean munduan mugitzen den jendeak seme-alabak ingelesez eskolatzen ditu; horrek esan nahi du zientziaren eta teknologiaren munduan mugitzen den jendea erakarri nahi badugu guk ere eduki behar genukeela zerbitzu hori.
«Nire ustez, soldatak eta etxebizitzen prezioa dira benetan oztopo edo mugagarri nagusiak [talentua erakartzeko]»
Azkenean, euskara aipatu baitzuen berak mugatzaile moduan, baina, kasu horretan, gaztelera ere berdin-berdin izango litzateke mugatzaile.
Bai. Nik haren hitz guztiak entzun ditut, eta argi adierazi nahi zuena zera zen, hemen nazioarteko ikastetxeak behar direla, eta, horretarako, malgutasuna behar genuela; ni bat nator ideia horrekin. Hori haratago eramaten badugu, ziur asko ez naiz ados egongo.
Baina ez al da arriskutsua euskara beti begiradapean egotea?
Ez dakit, hori interpretazio bat da. Arriolaren kasuan, euskalduna da, harekin beti hitz egiten dut euskaraz, haren seme-alabek ikastolan ikasten dute...
Zuk gidatzen duzun sailari zuzenean lotuta, kultura zientifikoaren aldeko aliantza bat aurkeztekotan zarete. Zer izango da?
Aliantza bat. Horretan jarduten duten eragileen arteko harremanak sustatu nahi ditugu, bakoitzak egiten duenaren berri izan dezaten besteek, eta praktika onetatik eta txarretatik ikasteko. Bestalde, baliabideak ipini nahi ditugu, kultura zientifikoa egun baino gehiago hedatzeko. Aurkezten dugunean azalduko dugu zehatz-mehatz zer den, baina, batez ere, eragileak harremanetan jarri nahi ditugu, eta behintzat urtean behin denak elkartu. Aliantza hilaren 30ean aurkeztuko dugu jendaurrean.