Gerra Ukrainan. Inbasioak urtebete

Hainbat erakundek eta herritarrek kalera jo dute gerraren kontra

Errefuxiatuei egindako harrera goretsi du Urkulluk. Gatazkak bide militarretik konpontzeko joera kritikatu du Gerrari Ez plataformak

Urkullu, Ukrainari elkartasuna adierazteko egindako ekitaldian, Gasteizen. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

Errusiako armada Ukrainan sartu zenetik urtebetera, kalera jo dute herritarrek eta instituzioek, gatazkan hildakoak gogoan hartzeko eta gerra buka dadila eskatzeko. Denek salatu dute «gerraren ankerkeria eta bidegabekeria», baina ñabardurak egon dira eragileen mezuetan: erakundeek deitutako mobilizazioetan elkartasuna adierazi diote Ukrainari, eta azken urtebete honetan ukrainarrei egindako harrera nabarmendu dute; Gerrarik Ez plataformak Bilbon egindakoan, berriz, alde guztietako biktimak hartu dituzte gogoan, desertoreei ere elkartasuna adierazi diete, eta Ukrainara armak bidali izana kritikatu dute.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat antolatu du Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du, eta gogor gaitzetsi du «Errusiako armadak egindako inbasioa, gerra bitartekoekin gauzatua eta inolako justifikaziorik ez duena». Esan duenez, Errusiaren erasoa «aldebakarrekoa» izan da, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du.

Urkulluk elkartasuna adierazi die biktimei. Gogora ekarri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek eta herritarrek errefuxiatu ukrainarrei egindako harrera, eta gizarteak erakutsitako konpromisoa eskertu du. Sostengua adierazi dio «Europako eta nazioarteko erantzun bateratuari», eta, «aldebakarreko inbasioa amaitzeko» aldarriarekin batera, «bake justu eta iraunkorra ekarriko duten bide diplomatikoak» jorratzearen egokitasuna ere azaldu du.

Nafarroako Parlamentuan ere ekitaldia egin dute, batez ere boluntario nafarren lana goraipatzeko. Parlamentuko presidente Unai Hualdek esan du Ukrainakoa «gerra absurdo eta justifikaezina» dela.

Eudelek ere mobilizaziorako deia egin du, eta elkarteko kide diren udalerrietan elkarretaratzeak eta bost minutuko isilaldiak egin dituzte. Bilbokoan, bertako alkate Juan Mari Aburtok «etxeko lanak egiteko» eskatu dio nazioarteko diplomaziari, «bigarren urteurreneko mobilizaziorik egin behar ez izateko». Elkarretaratze gehienak eguerdian izan ziren; Baionakoa, berriz, iluntzean egin zuten, herriko etxearen aitzinean.

«Gerra ez sustatzeko»

Bilbon, Gerrari Ez plataformak elkarretaratzea egin du, eta EHUko katedradun izandako Pedro Ibarrak eta Steilas sindikatuko Iratxe Barastayk agiri bat irakurri dute. Gatazkak jardunbide militarren bidez konpontzeko joera kritikatu dute: «Gure agintariei eskatzen diegu gerra ez sustatzeko, eta elkarrizketaren bidez irtenbide bat bilatzeko. Europako herri guztien arteko bizikidetza nahi dugu».

Errusiaren erasoa, NATOren «hedatzeko nahia» eta Europako gobernuen «militarismoa» kritikatu dituzte, eta salatu dute «lan eta gizarte eskubideak murrizteko» erabiltzen ari direla gerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.