Errusiako armada Ukrainan sartu zenetik urtebetera, kalera jo dute herritarrek eta instituzioek, gatazkan hildakoak gogoan hartzeko eta gerra buka dadin eskatzeko. Denek salatu dute «gerraren ankerkeria eta bidegabekeria», baina ñabardurak egon dira eragileen mezuetan: erakundeek deitutako mobilizazioetan elkartasuna adierazi diote Ukrainari, eta azken urtebete honetan ukrainarrei egindako harrera nabarmendu dute; Gerrarik Ez plataformak Bilbon egindakoan, berriz, alde guztietako biktimak hartu dituzte gogoan, desertoreei ere elkartasuna adierazi diete, eta Ukrainara armak bidali izana kritikatu dute.
Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat antolatu du Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du, eta gogor gaitzetsi du «Errusiako armadak egindako inbasioa, gerra bitartekoekin egindakoa eta inolako justifikaziorik ez duena». Esan duenez, Errusiaren erasoa «aldebakarrekoa» izan da, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du.
Urkulluk elkartasuna adierazi die biktimei. Gogora ekarri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek eta herritarrek errefuxiatu ukrainarrei egindako harrera, eta gizarteak erakutsitako konpromisoa eskertu du. Sostengua adierazi dio «Europako eta nazioarteko erantzun bateratuari», eta, «aldebakarreko inbasioa amaitzeko» aldarriarekin batera, «bake justu eta iraunkorra ekarriko duten bide diplomatikoak» jorratzearen egokitasuna ere azaldu du.
Udalerrietan ere bai
Eudelek ere mobilizaziorako deia egin du, eta elkarteko kide diren udalerrietan elkarretaratzeak eta bost minutuko isilaldiak egin dituzte. Bilbokoan, bertako alkate Juan Mari Aburtok «etxeko lanak egiteko» eskatu dio nazioarteko diplomaziari, «bigarren urteurreneko mobilizaziorik egin behar ez izateko». Gasteizkoan, berriz, Gorka Urtaran alkateak esan du bakea ez dela soilik gatazka armaturik ez egotea: «Bakea balio batzuk errespetatuz lortzen da: demokrazia, askatasuna, berdintasuna, eta giza eskubideen, nazioarteko zuzenbidearen eta lurralde osotasunaren errespetua».
Bilbon, berriz, Gerrarik Ez plataformak elkarretaratzea egin du, eta EHUko katedradun izandako Pedro Ibarrak eta Steilas sindikatuko Iratxe Barastayk agiri bat irakurri dute. Gatazkak jardunbide militarren bidez konpontzeko joera kritikatu dute: «Gure agintariei eskatzen diegu gerra ez sustatzeko, elkarrizketaren bidez irtenbide bat bilatzeko. Europako herri guztien arteko bizikidetza nahi dugu». Errusiaren erasoa, NATOren «hedatzeko nahia» eta Europako gobernuen «militarismoa» kritikatu dituzte.