Eudelek ekainean argitaratutako udal ordenantzaren proposamenak ez du erabateko adostasuna lortu. Hainbat elkarte animalistak gaitzetsi egin dute Euskadiko Udalen Elkarteak katu koloniei buruz egin duen proposamena, komunikatu batean.
Etxeko animalien ongizatea, babesa eta edukitze arduratsurako udal ordenantzak HEI metodoa (harrapaketa, esterilizazioa, markaketa eta itzulera) erabiltzea eta Katu Komunitarioen Udal Errolda sortzea gomendatu du, udalek onartutako katu koloniak inskribatzeko.
Azken neurri horrekin katu gehienak antzutu gabe geratuko direla salatu du Agnes Dufauk, FdCats Kataluniako elkarteko presidenteak: «Ordenantza horrek ez du uzten katuen populazioa kontrolatzen, kolonia aitortuak eta ez-aitortuak desberdintzen dituelako».
Elkarte hori katuen populazioa kontrolatzeaz arduratzen da, eta Euskal Herriko hainbat elkarterekin hitz egin dutela onartu du: «Hainbat mezu bidali dizkigute Euskal Herritik, eta beste elkarteei idatzia egiten lagundu diegu».
Adierazpenean zehaztu dutenez, Eudelen udal ordenantza berriko «oker nagusia» 23. artikuluko «udaletxeak aitortutako katuak» kontzeptua da, ez duelako utziko udalerri osoan HEI metodoa erabiltzen. Etxeko Animaliak Babesteko Espainiako Legeak eta Animalien Ongizaterako Legeak katu kolonien banaketa hori debekatzen dutela gogorarazi du Dufauk.
Gainera, beste «oker larri», «gaizki azaldutako kontzeptu» eta edo aipatu ez diren kontzeptu garrantzitsu batzuk ere badaudela kexatu da Dufau: «Adibidez, ez dute katuen edukitze arduratsua aipatu».
Azkenik, udal ordenantza lehenbailehen kentzeko eskatu dio Eudeli. Baita «HEI metodoan eta katuen populazioaren kontrolean adituak direnekin» hitz egiteko ere, ordenantza berria prestatzeko.