Alardeak

Hainbat andre gazte plazatik bota dituzte Irunen, alardearen entsegu batean

Atzoko entseguen amaieran gertatu zela salatu du Alarde Parekidearen Juntak. Mutil gazte talde bat oldartu zitzaien andreei, oihuka: «Joan daitezela, joan daitezela»

jarraia229821.jpg
arantxa iraola
2023ko ekainaren 23a
19:38
Entzun

Ohar baten bidez jakinarazi du Alarde Parekidearen Juntak atzo Irungo alarderako entseguetan zer gertatu zen, hiriaren bihotzean, San Juan plazan: «Entseguen amaieran, txilibitua jotzen ari ziren emakume gazte batzuek San Juan plazatik alde egin behar izan zuten». Motiboa izan zen oldartu egin zitzaizkiela entseguan zebiltzan hainbat mutil gazte. Oihu egin zieten: «'Joan daitezela, joan daitezela''».

Betiko Bigotudak taldekoek ere salatu dute jazotakoa. Haien arabera, «behin entseguak amaituta» Irungo kaleetatik musika jotzen ari ziren gizon talde bati hiru emakume gazte batu zitzaizkien, eta orduan hasi zitzaizkien oihuka.

Ezagunak dira Irunen eta Hondarribian alarde parekideen aldeko aldarriek izan dituzten kontrakotasun handiak. Irunen ekainaren 30ean izaten da urtero usadio zaharra berritzeko eguna, eta aurten ere bi desfile egingo dira: andreak baztertuko dituzte batean eta parekidea da bestea. Parekidea bestea baino txikiagoa da, eta beti izan du udalaren partetik babes instituzional apalagoa, askotan ezdeusa. Adibide bat: alkateak ez die inoiz oles egin. Beste desfileari beti egiten dio harrera. Alarde parekidearen antolatzaileek urteak daramatzate udalari esaten desfilearen antolaketa bere gain hartu behar lukeela, eta egungo legeriek eskatzen duten eran, parekidea izan behar lukeela. Hor ikusten dute konponbidea. Zentzu horretan aurrera urratsik ez da egon, ordea.

Alarde Parekidearen Juntak «elkartasuna» adierazi nahi izan die kanporatuak izan ziren andreei, eta «jai eremuetatik kanpo» uzten dituzten gainerakoei. «Horrelako jarrerek, nahiz eta jakin gutxiengo bat baino ez dutela ordezkatzen, gizarte gisa kezkatzen eta interpelatzen gaituzte», adierazi dute.

Aurten berriro

Hautu parekidearen defendatzaileek alarde mistoa antolatzen bi hamarraldi pasa daramatzatela gogoratu dute, eta aurten ere berrituko dutela herritarren aurrean konpromiso hori. «Guk, hilaren 30ean, San Martzial Alardea antolatuko dugu, duela 25 urtetik egin dugun bezala. Alarde integratzailea, jai girokoa eta abegikorra da, eta pertsona guztiak daude parte hartzera gonbidatuta, inolako diskriminaziorik gabe».

Jai giroa zapuztea ez dela komeni gogoratu dute eta «inolako probokaziotan» ez erortzeko «borondate irmoa» dutela esan dute: «Jaiak berdintasunetik eta errespetutik gozatzera dei egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.