Hainbat alegazio aurkeztu dizkiote Sader Bilboko portura lekualdatzeko proiektuari

Agaleus enpresa taldeak 2026rako lekualdatu nahi du Zorrotzatik Bilboko portura. Elkarrekin Podemosek, PPk eta Getxoko Udalak egin dituzte alegazioak.

(ID_13551899) Sader enpresa
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 18a
16:50
Entzun

Bilboren udal eremutik partez ateratzeko asmoa du Agaleusek, Sader eta Profersa fabrika kutsatzaileen jabeak, eta Bilboko portura mugitu nahi du, Zierbenako lurretara (Bizkaia).  Bi lantegiak oso kutsagarritzat jota daude, eta Bizkaiko hiriburuan dagoen tankera horretako azken industria konplexua osatzen dute. Askotan izan dituzte arazoak lantegian gertatutako intzidentziengatik, eta bizilagunen haserrea piztu dute azken urteetan. Profersa, esaterako, kautelaz itxi zuen iaz Eusko Jaurlaritzak, bi hilabeterako, behin baino gehiagotan ke zuri asko bota zutelako tximinietatik.

Enpresa taldeak jada aurkeztua du proiektu bat hondakinak tratatzeko lantegi bat egiteko, hau da, gaur egun Sader enpresaren lantegiak betetzen duen funtzioa betetzeko, baina ingurumen inpaktuaren txostenak baditu aurkariak jada. Lehenbizi, duela bi aste, PPk adierazi zuen alegazioak aurkeztuko zizkiola proiektuari, eta enpresak segituan gezurtatu zituen PPk esandakoak. Atzo Getxoko eta Santurtziko (Bizkaia) Elkarrekin Podemosekoek hainbat alegazio jarri zizkieten inpaktu txostenari eta proiektu teknikoari, eta, gaur, Getxoko Udalak egin du hori bera.

Proiektuaren aurka ari diren horiek bat datoz zenbait gauzatan, eta garrantzitsuenek lotura dute enpresak ingurumen inpaktuari buruz egindako txostenarekin: denek uste dute ez dela errealitatean oinarrituta egin. Getxoko Udalak jarritako alegazioen arabera, enpresak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren txostenak ez ditu behar beste kontuan hartzen lantegi berriak airearen kalitatean, usainetan eta herritarrengan eragin ditzakeen kalteak.

Hori dela eta, udalak eskatu du gehiago ikertu dadila eta bilatu dadila beste toki bat Sader mugitzeko; izan ere, azken mende erdian hamaika industria kutsatzaile atera dira Euskal Herriko hiriguneetatik, horien kutsadurak jende gehiagori eragiten diolako, eta istripu handi bat izanez gero jende gehiagok pairatuko dituelako kalteak. Argudio horiek berak plazaratu dituzte Zorrotzako (Bilbo) eta inguruko bizilagunek, baina, irizpide horien arabera, Bilboko portua ere ez da leku egokia, handik bi kilometro baino gutxiagora baitago Getxo, Bizkaiko udalerri jendetsuenetan hirugarrena. Hori dela eta, nahiz eta Getxoko Udalak industria horren garrantzia nabarmendu, gogorarazi du fabrikek jendearengan ahalik eta inpaktu apalena izango duten lekuetan egon behar dutela.

Hor jada hutsegite juridiko bat ikusi du Getxoko Udalak, enpresak hiru kokaleku proposatu behar baititu legez, eta Agaleusek soilik bi aurkeztu ditu: Bilboko portua eta Artigas zabortegiaren ondoko eremua. Horrez gain, udalaren arabera, txostena egiteko irizpideak ez daudela ondo justifikatuta, eta eskatu dute Getxon airearen kalitatearen neurgailuak jartzeko; izan ere, enpresak aurkeztutako txostenak Zierbenako (Bizkaia) estazio bat soilik hartzen du kontuan — herri horrek 1.300 biztanle ditu—.

«Adar jotze bat»

Getxoko eta Santurtziko Elkarrekin Podemoseko kideek hamarretik gora alegazio aurkeztu zituzten atzo, eta azaldu Idom enpresak Saderren lantegi berriaren ingurumen inpaktuari buruz egindako txostena «adar jotze bat» dela; are, nabarmendu dute Ibaizabal ibaiaren bi aldeetako biztanleei eragingo diela fabrika berriak. Txosten horri ez ezik, proiektu teknikoari ere jarri dizkiote alegazioak, eta nabarmendu nahi izan dute Bilboko portuak plan berezi bat izan beharko lukeela halako proiektuak arautzeko. Bestalde, esan dute zaratei buruz zehaztasunik ez dagoela, eta gogorarazi fabrika horren jarduna ez datorrela bat portuetan izaten denarekin. Itsas ingurunean izan dezakeen inpaktua kontuan ez hartzea ere salatu du Elkarrekin Podemosek.

Azkenik, koalizioak gogora ekarri zuen Getxoko Udalak duela gutxi egindako txosten bat, non nabarmentzen zen Bilboko portuak zer-nolako inpaktua duen Getxoko kutsaduran, eta, hori kontuan hartuta, uste dute Sader hara mugitzeak arazoa larriagotu besterik ezin duela egin.

PP ere aurka

Getxoko PPk eskatu zuen «errealitatean oinarritutako» txosten bat egiteko, eta adierazi Getxori zuzenean eragingo ziola lantegiak, haizearen norabideagatik. PPk uste du balitekeela lantegiak eragindako kutsadura atmosferikoa handiagoa izatea udalerrietako araudietan gehienezkotzat jotakoa baino.

Bada, enpresak gezurtatu egin zuen lantegiak isuri kutsagarriak izango dituela, eta gehitu «proiektuaren xehetasunak dituen dokumentazioan» ikus daitekeela hori. Adierazi zuen lantegiak ez duela prozesu industrialaren ondorioz sortutako kutsatzailerik isuriko, eta soilik galdara baten eta aire sistemaren isuriak izango direla, «edozein etxetan bezala». Bestalde, enpresak gogorarazi nahi izan zuen Bilboko portuko proiektuaren oinarria ez dela Zorrotzako (Bilbo) bi lantegiak «lekualdatzea»: «Enpresak behin baino gehiagotan adierazi duen moduan, Saderrek amaitu egingo du Zorrotzako ibilbidea, eta Profersak ongarria ez du Bilboko portuan ekoitziko».

Getxoko Udalak egin bezala, PPk ere kritikatu egin du enpresak Zierbenako estazioa erabili izana erreferentzia gisa, nahiz eta idazketaren hasieran esan Getxoko Galea estazioa dela erreferentziazkoa. Alderdiak uste du horrela neurketak ez direla errealistak, eta enpresak errazago justifika dezakeela kokaleku berria, Zierbenako 1.300 bizilagunak izango bailirateke kaltetuak, eta ez Getxoko 75.000 bizilagunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.