Arnaldo Otegi. EH Bilduko koordinatzaile nagusia

«Haiena oihanaren legea da, guk ordena justu bat nahi dugu»

EH Bilduren bigarren kongresua igarota, Otegiren nahia da indar subiranista, «alternatiba sinesgarria izan den hori, gobernu izatea» aurrerantzean. Premiazkotzat du «egitasmo nazional askatzailea» eraberritzea.

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren azken adierazpenen berri izan gabe hartu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) BERRIA. «Zer esan du?». Ostiralean, Erkorekak esan zuen, Ernaik Ertzaintzaren aurka abiatutako «kanpainaren» harira, gazte antolakundea ez dela «mugitzen bere nagusien oniritzirik gabe». Otegiren erantzuna: «Utz diezaiola gezurrak esateari. Erkorekak, parlamentuan, bi aldiz gezurra esan dio Euskal Herriaren zati honi. Orain, gezurrak esaten jarraitzen du. Pentsa dezala edozein demokrazia formaletan parlamentuari gezurra esaten dion politikariak zer egin beharko lukeen».

[YouTube]https://youtu.be/eA6TDXgCPl0[/YouTube]

Otsailean, esan zenuen EH Bilduko jendea ere badagoela Ertzaintzan. Harrezkero, ematen du liskarrean zaudetela.

Ez zaie gustatzen polizia ereduaren eztabaida, oso urduri jartzen ditu. Hiru probintziotan [Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan], jendeak aukera izan du ikusteko zein polizia eredu dagoen; eta eredua ez dute ertzainek batzarrean erabakitzen. Ikusi ditugu ertzainak langileak eta gazteak jotzen. Hori da herri honek behar, nahi eta merezi duen eredua? Guretzat, ez. Ezin da onartu ertzain batzuk kamiseta faxistekin ibiltzea.

II. kongresua egin du EH Bilduk. Zein da bere ekarpen politiko nagusia lau urteotarako?

Irudipena daukagu ez garela kontziente zer momentu politikotan bizi garen. Fribolitatez eta infantilismoz betetako adierazpenak egiten dira; estatua sekulako krisian dago. Talka nagusia da, batetik, neofaxistak daudela, autoritarioak, kontrarreforma jarri nahi dutenak; bestetik, gobernu bat, non gutxienez alde batek kronifikazioaren aldeko apustua egiten duen; eta, azkenik, Euskal Herrirako benetako demokrazia exijitzen dugunak. Unea oso kritikoa da. Konturatu behar dugu zer datorren, eta horren aurrean eratu behar dugula fronte ahalik eta zabalena, minimo demokratikoak maila sozialean eta nazionalean defendatzeko.

Bigarrenik, herri honek urgentziaz behar du burujabetza berreskuratzea, aberastasuna banatzea eta presoak askatzea. Datozen iraultza guztiei alternatiba bat ematea. Ezker independentistak herri honi esan behar dio zein den bere eredua; osasunean, hezkuntzan, kulturan, hizkuntzan... Gure erronka da herri honi ordena alternatibo bat ematea.

Ordena ez al da oso kontzeptu eskuindarra? Zer esan nahi du EH Bilduk horrekin?

Eskuinak hainbat kontzeptu lapurtu nahi ditu. Orain, autoritarismoak askatasunaren izenean egiten du bere iraultza. Zergatik ordena? Jendarte honetan beldurra nagusi da: gaixotasunari, heriotzari, lana edo etxebizitza ez izateari, prekaritateari... Jendarteak helduleku sendoak behar ditu, ez galdera gehiago, erantzun gehiago baizik. Ezkerrak askotan galdera gehiago egiten dizkio. Guk diogu desordena ikaragarri batean bizi garela. Guretzat, desordena da planeta hankaz gora jarriko duen eredu produktibo eta kontsumitzaile batean bizi garela; batzuk gero eta aberatsagoak eta beste batzuk gero eta pobreagoak direla... Desordena beraiena da, eta guk hor ordena jarri nahi dugu, eta ordena da alternatiba bat eraikitzea. Alternatiba zer da? Mundua batzuen dirua zaintzeko eraiki beharrean, guztion eskubideak bermatzeko eraikitzea. Haiena oihanaren legea da, desordena, eta guk ordena jarri nahi dugu; justua, askatasunez, berdintasunez.

Txosten politikoak dio «euskal egitasmo nazionala gaurkotzea» dela helburua. Nondik dator gogoeta hori?

Askotan aipatzen da identitate anitzez osaturiko herri bat garela, eta egia da. Baina gaizki egingo genuke, gauza bat kontuan hartuko ez bagenu: hiru zatitan dagoen herri ukatu batean, desagertzeko arriskuan dagoena euskal identitate nazionala da. Horren aurrean, esaten dugu hemen proiektu nazional askatzaile bat egon dela urteetan. Orain behar dugu proiektu nazional berritu bat, XXI. mendean oinarritutakoa, beste bultzada ia definitibo bat emateko Euskal Herriaren askatasunari eta beste jendarte mota baten egitasmoari. Zeintzuk dira erronkak? Batzuk komunak dira: trantsizio ekologikoa, digitalizazioa, berdintasun soziala, askatasun demokratikoak... Eta gero lehentasunezko egitasmo bat dago: nazio hau burujabe egiten da edo desagertzeko zorian dago.

Diagnostiko hori egiterako, nabaritu dituzue akidura zantzuak.

Agortze zantzuak daude, baina ez soilik termino politikoetan. Impasse bat dago, eta, horretan, bi faktore egon dira: batetik, EAJk anestesiatutako kontzientzia nazional bat, eta, bestetik, estatuaren aldetik kronifikazioaren aldeko apustu bat. Gatazka nazionala agendatik desagerrarazi dute, eta «pultsurik» gabeko herri batera ekarri gaitu. Hori berreskuratu behar da, baina egitasmoa ezin da izan iraganeko nostalgia batera itzultzea; XXI. mendeko arazoei aurre eginez egin behar da. Nola lotzen dugu egitasmo nazional askatzaile bat XXI. mendearekin eta balio alternatiboetan oinarrituta? Hori da erronka.

Horixe galdera: nola lotzen dira?

Euskal Herrian, zorionez, hedatu ditugu beste balio batzuk. Egitasmo nazional horretarako, azterketa zorrotza egin behar da, autozorrotza, gure errealitateari erreparatzeko. Lizarra-Garazitik hona kontzientzia nazionalean egon den atzerapausoa ikaragarria da, eta kontuan hartu behar dugu hori ez dela gertatu gertatu behar zelako; hori gertatu da planifikatu egin delako. Agian, guk ere sekulako ardura dugu horretan, ez dugulako jakin izan hori mahai gainean jartzen.

Hamar urte bete ditu EH Bilduk; agerraldi ikusgarria izan zuen, gero apaldu zen, eta azken zikloan gora egin du. Zer egin behar du goranzko joeran jarraitzeko?

Esandako guztian asmatu behar dugu. Ezkerrak hitz egin behar du jendearen kezkez, eta horiei eman behar die alternatiba. Ezkerra despiste handi samarrean bizi da; hauteskunde eboluzioak ez dira kasualitatez gertatzen. Konbentzituta nago EH Bildu horretaz kontziente dela eta datozen lau urteetan mahai gainean jarriko dugula egitasmo nazional berritu bat, eta jendeari esango diogula guk defendatzen dugun errepublikan zeintzuk diren osasungintzarako, klima aldaketarako, gazteen emantzipaziorako ereduak. Horretaz hitz egiten badugu, Euskal Herriaren askatasunarekin batera, uste dut EH Bildu, alternatiba sinesgarri bat izan dena, gobernu izan daitekeela.

Zuzendaritza berriak ordezkatzen al du EH Bilduk adierazten duen aniztasun hori?

Uste dut baietz. Gure bokazioa da zabalkunde hori gero eta handiagoa izatea. Fronte zabal bat eraiki behar da, ez da egun batetik bestera egiten. Bigarrenik, zabaltasuna zerk ematen du, alderdiek? Zalantzak ditut. Funtsezko gauza bat lortu dugu: EH Bildun gero eta jende gehiago dago EH Bildukoa dena, ez Sortukoa, Alternatibakoa, Aralarrekoa edo EAkoa. Aberastasuna hor dago. Aurreikuspen bat: hemendik lau urtera zabalagoak izango gara, badaudelako sektoreak abertzaletasunean eta ezkerrean umezurtz sentitzen direnak. Horietara helduko garela uste dut. Hauteskundeetan etengabe igo gara; horrek esan nahi du EH Bilduk gero eta jende gehiagoren babesa daukala.

Instituzioetan sigla jakin batzuekin lotzen ez den jende gehiago dagoela dirudi, baina EH Bilduko zuzendaritzan, Sortukoak direla gehienak.

Kontuan hartu behar da nondik gatozen; alderdi jakin batzuen itun batetik. Eboluzioa kontrakoa da: alderdiak pisua galtzen ari dira EH Bildun, eta bilkideak hartzen ari dira. Jarraitutasuneko zuzendaritza bat egin dugu, emaitzak hor daudelako. Guk ez dugu prozesua soilik hauteskunde emaitzetan neurtzen; badauzkagu erronka inportanteak: masa ekimenak... Ez dugu uste partida soilik instituzioetan jokatu daitekeenik. Frontea zabaltzeko lan egingo dugu. Badugulako asmo bat: indar hegemonikoa izatea.



Balioak hizpide, gizarteak behar bezala jokatu du izurri garaian?

Pandemiak estres proba bat egin digu, eta esango nuke euskal gizartea ez dela asko desberdindu, Espainiako gizartearekin konparatuta. Ikusi zaigu gauza onenekin eta txarrenekin, eta horrek kezka puntu bat ematen dit. Nire ustez, pandemia batean beste modu batera jokatu beharko genuke denek. Baina, oro har, jendearen ardura handia izan da, baina ez du izan administrazio publikoaren laguntza handirik.

Zergatik?

Administrazioak mezu kontraesanezkoak bidali ditu. Ez da justua jendearengan ardura jartzea. Batzuek ez dute debekurik jarri nahi, botoak galtzen direlako. Ardura politikoa dugunok ez gaude jendeak entzun nahi duena esateko, pentsatzen duguna esateko baizik. Desproportzio ikaragarria dago esaten eta egiten dugunaren artean. Herri honek baditu baliabideak gauzak beste era batera egiteko; uste dut aukera bat galdu dugula.

Alarma egoera amaitu da; tresna gisa, zer balorazio egiten du EH Bilduk?

Aldeko botoa eman dugu Madrilen, uste genuelako erabaki bat hartu behar zela: osasun publikoko egoera larri baten aurrean neurriak hartu behar zirela. Guretzat, kontraesana zen zentzu batean: horrek islatzen du ez dugula aukerarik osasun publikoko arazo bati aurre egiteko Madrili baimena eskatu gabe. Funtsean, burujabetzaren eztabaida dago hor.

Pandemiak burujabetza beharrak eta gogoak hauspotu ditu, edo guztiz kontrakoa egin du?

Teorikoki, hauspotu. Burujabetza da nork, non, zer erabakitzen duen. Guk diogu gu euskaldunak garela eta dena Euskal Herrian erabaki nahi dugula. Estatuaren beharra dago erabakiak hartzeko. Uste dugu normala dela neurri batzuk hartzeko Madrilera joan behar izatea? Zer autogobernu klase da hau? Menpeko herri bati buruz ari gara; ez bandera bat jartzeko, gauza arruntei aurre egiteko baizik. Eta hori tragedia bat da. Tragedia hori narkotizatuta dago, oxigenoa bezala behar dugu arazo nazionala agendan jartzea.

Jendeak esan dezake: hemen erabaki, baina nola. Hemen eta hobeto ez dira sinonimoak.

EAEn, eredu bat egon da, eta Nafarroan, ñabardurekin, beste bat. Hemen erabaki nahi dugu uste dugulako gauza alternatiboak eraikitzeko aukera daukagula. Hiru probintzietan, agortuta dagoen gobernantza eredu bat dago, uste dutelako XXI. mendean, ditugun erronka izugarriei aurre egiteko, XIX. mendeko ereduarekin erantzuten zaiola; eredu autoritario batekin.

Katalunian adostu dute gobernu bat, eta elkarrizketa mahaia aktibatzekoa da. Zabal daitekeen eztabaidan, nola kokatu behar da Hego Euskal Herria?

Erreferendum itunduaren aldeko apustua egin dute. Mahai hori osatuko da. Lurralde ereduaren inguruko eztabaida piztuko da. Piztuko da. Horren aurrean, guk diogu katalanekin jokatu behar dugula, eta gure alternatiba propioarekin. Nafarroak eta EAEk ez lukete partida hori jokatu behar bakoitzak bere aldetik. Afera Hego Euskal HerriaEstatua da. Proposamen bat dugu mahaian: konfederazioa. Ortuzarrek esan du ez dagoela aitzakiarik eztabaida horri ez heltzeko. Kontxo, ongi. Ez baitago aitzakiarik EAJk ez esateko zer motatako estatusa nahi duen. Aukera bat irekiko da, eta tokatzen zaigu nazio gisa jokatzea, planteamendu zehatz batekin.

Zer aldartetan nabari duzu Ortuzar eztabaida horri begira?

Egunetik egunera bizi bazara, aldatzen zoaz, eta hori gertatzen zaio EAJri. Zain zegoen ea nola argitzen zen Kataluniakoa; argitu da, mahai bat egongo da. Orain ez dago aitzakiarik. Planteatuko dugu zer nahi dugun? Izango gara anbiziotsuak? Ez gara burujabeak, baina, behingoagatik, eztabaida burujabeki egin dezakegu? Mahaian jartzea daukaguna eta behar duguna. Hori ezin digute debekatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.