COVID-19ak bost urte

«Haien beharrak erabat baztertu zituen sistema bat onartu behar izan zuten gazteek, kexatzeko aukerarik gabe»

Koronabirusak ez zituen bereziki gogor jo haurrak eta gazteak; bai, ostera, pandemian ezarri zituzten arau murriztaileek eta zabaldu ziren kriminalizazio mezuek. Gazteek eta adituek salatu dutenez, kolektiboaren beharrak gutxietsi zituzten erakundeek.

Iraide Fontaneda, nerabeekin eta gazteekin aritzen den psikologoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iraide Fontaneda, nerabeekin eta gazteekin aritzen den psikologoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ANDOAIN
2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Nerabeak eta gazteak jomugan egon ziren pandemiaren garaian. Gaitzak haiei ondorio larririk eragiten ez zienez arduragabe jokatzea egotzi zitzaien. Hedabideetan indartu zen irudi hori: kaleko edanak, parrandak... maiz azaltzen ziren, eta gazteen axolagabekeria salatzeko baliatu zen hori. Iraide Fontaneda (Gasteiz, 1983) haurrekin eta gazteekin aritzen den psikologoa oso kritiko azaldu da erakundeek eta hedabideek pandemia nola kudeatu zuten aztertzerakoan: «Kriminalizatu egin zituzten, konponbideetan parte hartzeko inolako aukerarik eman gabe. Bizilagunak laguntzeko moduak proposatu zitezkeen, komunitatearen parte senti zitezen. Horren ordez, hau esan zieten: 'Bazterrean jarri eta protestarik ez egin'».

Gainera, psikologoaren iritziz, zabaldu zen irudi hura ez zen benetakoa. «Ezarritako arauak askoz ere gehiagotan apurtu genituen helduok, nerabeek eta gazteek baino. Kontsultan zein ikastetxeetan haiekin hitz egin izan dudanean, oro har, zintzo eta arduratsu jokatu zuten». Fontanedaren esanetan, arau hauste batzuk egonda ere, arrazoiak ulertzen saiatu behar da: «Zaila da irudikatzea zelan sentitu ziren, beldurtuta, zer gertatzen ari zen ondo ulertu gabe. Ardura handiegia jarri zuten haien bizkar, eta, aldi berean, babes gutxi. Aisialdirako estrategiarik ez, komunitate mezu gutxi eta babes gutxi».

Haren aburuz, sistemak oso modu interbentzionistan jokatu zuen: «Diktadura garaiaz geroztik ez da ezer antzekorik ikusi». Uste du pandemian ezarritako «sistema autoritario bat» onartu behar izan zutela gazteek; esan duenez, sistema horrek «erabat baztertu zituen haien beharrak, eta, gizarte osoaren hobe beharrez zelakoan, kexatzeko aukerarik ere ez zien eman». Fontanedak ikusten duen arriskurik handiena zera da, nerabe eta gazte askok mundua hobetzeko ilusioa galdu izana.

Psikologoaren iritziz, pandemian ezarritako politika autoritario haiek lagundu dute orain pil-pilean dauden eskuin muturreko diskurtsoak eta joerak hedatzen: «Indibidualismoaren goratzea, etorkizunari ezkor begiratzeko joera, guk ezin dugula ezer aldatu dioen ideia hori. Gazteek sistemari dioten haserre hori kapitalizatzen ari dira, Youtuberen eta beste sare sozialen bidez».

Komunitatearen babesa

Haurrek, nerabeek eta gazteek garapenerako eta ongizaterako ziurtasuna behar dutela uste du Fontanedak. «Nahiz eta gauzak konplikatu, komunitatearen eta familiaren babesa izango dutela jakin behar dute. Pandemian, ordea, hedabideetan ia munduaren amaiera iragartzen hasi ziren, eta beldurra sortu zen».

Estatuek interbentzionismo oso handiz jokatu zutela gogorarazi du, baina, beste alde batetik, segurtasunik ezaren sentsazioa nagusitu zela. «Mezua zen: ez zarete libreak, ezin duzue egin nahi edo behar duzuena. Baina, aldi berean, aginduak eta irizpideak etengabe aldatzen ari ziren, eta sentitzen zuten ez zeukatela ideiarik ere zer egiten ari ziren. Horren ondorioak ari gara pairatzen oraindik ere».

«Hedabideetan mezu katastrofistak ari gara ematen: etxebizitza duina lortzea ezinezkoa da, eta lan baldintza onak izatea, ameskeria hutsa. Gazteek ez dute oso etorkizun erakargarria irudikatzen»

IRAIDE FONTANEDAPsikologoa

Bestalde, bere jardunean antzeman du gazteek beldurra diotela etorkizunari. Ikasketetan lehiakortasun handia ikusi du gazteen artean, arrakasta lortuko ote duten kezka hori. «Mezu katastrofistak ari gara ematen: nahi duzuna ikasteko itzelezko ahalegina egin behar duzu, eta, hala ere, etxebizitza duina lortzea ezinezkoa da, eta lan baldintza onak izatea, ameskeria hutsa. Panorama horrekin, ez dute etorkizun oso erakargarria irudikatzen». Eta arazoak egon badaude ere, haren iritziz, «helduok eraikitzaileagoak izaten saiatu beharko genuke».

Fontanedaren esanetan, bada beste joera bat gazteen artean zabalduta dagoena: lan bokazioa bazterrean utzi eta egonkortasuna bilatzea. Gazteei normalean ez dagokien kontserbadurismoa sumatu du. Oso gaztetan, lan publikoetan sartzea dute erronka: «Kontsultan maiz entzuten diet gazteei esaten: ikasketa horiek ez dute irteera handirik. Harrituta geratzen naiz, hori lehen gurasoek esaten baitziguten, ez guk!». 

«Gazteen osasun mentalak merezi duen garrantzia hartu du gizartean. Orain hau diote: ez nago ondo, eta laguntza nahi dut»

IRAIDE FONTANEDAPsikologoa

Gazteen osasun mentalak ikastetxeetan, bereziki, lehentasunezkoa izan beharko lukeela uste du, baina horri heltzeko baliabideak falta direla antzeman du Fontanedak. Haren aburuz, hezkuntzaren kudeatzaileek ez diete modu egokian erantzun gaur egungo beharrei. «Irakasleei eskatzen zaie ikasleen osasun mentala eta ongizatea bermatzea, eta, gero, ez eskoletan ez institutuetan, ez dago horretan adituak diren profesionalik». Psikologoek askotan proposatu izan dute arlo hori lantzeko plan integral bat, baina alferrikakoa izan dela aitortu du. Ondorioz, «irakasleei arlo psikologikoaz arduratzeko zama uzten diete, baina, berez, ez dute formakuntza egokirik horretarako, eta, gainera, ez dute zertan eduki».

Argi apur bat emateko, psikologoaren aburuz, «osasun mentalak oro har, eta gazteenak batik bat, merezi duen garrantzia hartu du gizartean». Fontanedaren esanetan, gazteek orain dituzten arazoak ez dira beharbada lehengo gazteenak baino larriagoak, «baina orain oihuka ari dira: ez naiz ondo sentitzen, eta psikologo batengana joan nahi dut. Pandemiaren ondorio positibo bat da».

(ID_14632664) (/@FOKU) 2025-01-30, Andoain. Aita Larramendi ikastolako irakasle eta gazte batzuk Covid-19 pandemiari buruzko esperi...
Iker Telletxea eta Leire Arizeta irakasleak, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan. MAIALEN ANDRES / FOKU

«Pantailan elkarri aurpegia ikusten genion, baina urruntasun handia sumatu genuen»

Iker Telletxea eta Leire Arizeta Andoaingo (Gipuzkoa) Aita Larramendi ikastolako irakasleak dira. Pandemia garaian ikastetxeetan sortu zen anabasari ordena eman nahian, bete-betean aritu ziren. Gogoan dute noraez sentsazioa nagusi zela etengabeko aldaketak zeuden garai zoro haietan.

«Hasieran bi asterako kontua zela esan ziguten, eta hori planifikatu genuen. Ikasle guztiek ordenagailua zeukatenez, alde horretatik ez zen arazorik izan. Ikasle bakoitzak modu autonomoan ikasteko plana egin genuen», gogoratu du Leire Arizeta Biologia eta Kimika irakasleak. «Aste Santuan, egoera luzatuko zela ikusi genuen, eta Internet bidezko eskolak antolatzen hasi ginen. Izugarri konplexua izan zen: plataforman talde guztiak antolatu, ordutegi berriak egin, ikasleei nola sartu behar zuten azaldu...».

Egoera berrira egokitzeko arazoak egon ziren. «Garai hartan, bilera telematikoen aplikazioak arrotzak ziren gehienontzat. Eta, horretaz gain, etxe berean ez dakit zenbat pertsona konektatuta zeudenez, wifia ez zebilen ondo. Ikasle guztiak, gainera, ez zeuden egoera berean etxean», ohartarazi du Arizetak. «Orduan bertan sortu behar izan genituen bizirik irauteko oinarrizko tresnak eta arauak».

«Batzuk etxean gotortuta geratu ziren, konfort eremuan. Maskara kentzeko aukera izan zutenean, ez zuten kendu nahi»

LEIRE ARIZETABiologia eta Kimika irakaslea

Teknologiarekin eta antolaketarekin gorabeherak izan ziren arren, Iker Telletxea Historiako irakaslearen iritziz, «lortu genuen ikasleek errutina bat izatea eta etxeko lau hormetatik kanpoko beste errealitatearekin harremana izatea».

Edukien ikaskuntzan baino gehiago, arlo emozionalean eta harreman sozialetan gertatu zen benetako hutsunea, irakasleen aburuz. «Aurrez aurrekoa galduta, harreman emozionalak eta afektiboak bazterrean geratu ziren. Gertu zaudenean ikasleengandik jasotzen duzun feedback hori galdu zen. Batzuek konektatzeari utzi zioten, eta egoera horiek kudeatzea zaila zen», nabarmendu du Telletxeak.

Arizetaren esanetan, elkarri aurpegia ikusten zioten arren, urruntasun handia sumatu zuten: «Aurrez aurre, gelan, sumatzen duzu ikasle bat triste dagoenean-edo zerbait esan nahi dizula; baina pandemian, pantaila batean, laukitxo txikietan ikusten genituen ikasleak, eta informazio hori galdu egiten zenuen». Iritzi berekoa da Telletxea: «Ez-hitzezkokomunikazioa galdu zen. Ikasle proaktiboek adierazten zituzten sentimenduak eta kezkak, baina besteek ez. Ikasgai edo edukitik haragoko beste guztian galera handia izan zen».

Iker Telletxearen aburuz, aldaketa asko, arau asko, muga asko ezarri zituzten, eta batzuk zailak ziren ulertzeko. «Burbuilen araua jarri zutenean, adibidez, irakasleok, gelaren barruan, araua betearazten saiatzen ginen, baina, eskolatik irten bezain laster, denak batera jartzen ziren». «Naturaren aurkakoak ziren neurri batzuk», berretsi du Leire Arizetak.

Telletxearen ustez, «adin guztietako ikasleek sufritu zuten, denek galdu baitzituzten bizipen garrantzitsuak: lehenengo jaiak, irteerak, harremanak..., baina egoera bereziki larria bizi behar izan zuten batxilergoko bigarren mailakoek». Batxilergoko notak eta selektibitateak erabat baldintzatzen dituzte goi mailako ikasketen aukerak, eta, ondorioz, besteek baino presio eta urduritasun handiagoz bizi zuten garai hura.

Arizetak gogoan du eskolara bueltatzeko garaian konturatu zirela konfinamenduak eragin handiagoa izan zuela lotsatiengan eta izaera barnerakoiagoa dutenengan. «Etxean gotortuta geratu ziren, konfort eremuan. Maskararekin antzeman genuen hori. Kentzeko aukera izan zutenean, batzuek ez zuten kendu nahi». «Pinportak zirela, aldaketa fisikoak zirela, lotsa zela... bere buruarekin eroso ez zeuden nerabeentzat, babesteko eta ezkutatzeko tresna bat izan zen», berretsi du Telletxeak.

«Ez dakit pandemia ote den edo teknologiaren eragina eta gizartearen bilakaera bera den, baina konformismo kutsu hori egon badago»

IKER TELLETXEAHistoria irakaslea

Gazteen artean komunitatearen eta auzolanaren zentzua asko galdu dela diote bi irakasleak. Zalantza dute zerk eragin duen: pandemiaren garaiko arau zorrotzen eta sistemak kritikotasunari zirrikiturik utzi ez izanaren ondorio den, edo pandemiak lehendik zetorren joera indartu ote zuen. Horra hor Telletxearen hausnarketa. «Ez dakit pandemia ote den edo teknologiaren eragina eta gizartearen bilakaera bera den, baina egungo gazteen funtzionamendu ereduak lehengoen oso bestelakoak dira. Konformismo kutsu hori egon badago». Hala ere, adierazi dutenez, ikasle batzuengan ikusten dira jarrera kritikoak ere.

Osasun mentala, irakasleen bizkar

Pandemiak azaleratu zuen zein garrantzitsuak diren haurren eta nerabeen ongizatea eta osasun mentala. Horrekin zeharo bat egiten dute Aita Larramendi ikastolako irakasleek. «Seguruenik, Euskal Herriko ikastetxe guztietan ari gara horretaz hitz egiten», adierazi du Arizetak. Haurren eta nerabeen osasun mentala zaintzeko eta arazoak antzemateko, ardura handia jartzen da hezkuntzaren gainean. «Egungo ikasleak lehengoak baino askoz ere gehiago gerturatzen zaizkigu kezkak kontatzera, behar dute eta», adierazi du. Horregatik, haren ustez, «eskola leku estrategikoa da, ikasleen osasun mentala hobetzen lagun dezakeelako».

Baina salatu dute baliabideak falta direla behar horri behar bezala heltzeko. Haien kezka nagusia da gela bakoitzeko ikasleen ratioak oso altuak direla. «Ikasle askok motxila astuna dute. Arlo akademikoari baino askoz ere denbora gehiago eskaini behar diozu gatazkak, gorabeherak, familian dituzten arazoak eta harremanetan dituzten arazoak kudeatzeari», adierazi du Arizetak.

Iritzi berekoa da Telletxea: «Hamabost orduko formakuntza bat jasotzen dugu, eta ondo dago, baina ez da nahikoa. Esperientzia, norbere sentsibilitatea eta intentzio ona erabiliz moldatzen saiatzen gara, baina, geletan ikasle asko ditugunez, oso zaila da denengana iristea». Orientatzaileak egon badaude, baina «lanez lepo egoten dira». Eskoletan psikologoaren figura beharrezkoa dela uste dute.

(ID_14632661) (/@FOKU) 2025-01-30, Andoain. Aita Larramendi ikastolako irakasle eta gazte batzuk Covid-19 pandemiari buruzko esperi...
Lier Sarasola, Izaro Irazu, Naroa Asensio eta Ander Beunza ikasleak, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan. MAIALEN ANDRES / FOKU

«Orain, 17 urterekin gertatuko balitzaigu, askoz ere gehiago sufrituko genuke»

Naroa Asensio, Izaro Irazu, Ander Beunza eta Lier Sarasola batxilergoko bigarren mailan ikasten ari dira gaur egun. Pandemia hasi zenean, 12 urte zituzten. Orain, 17. Bizipen desberdinak izan zituzten, baina gai batean denek bat egiten dute: «Orain berriro gertatuko balitzaigu, askoz ere gehiago sufrituko genuke».

1

Etxeko konfinamendua

Lagunak eta kirola izan zituzten faltan gehienbat. Ander Beunzak gogoan du: «Hasieran ondo hartu nuen, ez bainuen pentsatu hain luzea izango zenik». Izaro Irazuren hitzetan, «lagunekin ezin egotea izan zen gogorrena. Bideo deiak egiten genituen, baina ez zen gauza bera». 

Uste dute haien beharrak ez zituztela kontuan hartu. Lier Sarasolaren esanetan, «etxeko leihotik begiratzen nuen, eta mendia ikusten nuen. Ez zitzaidan iruditu mendian ibilita kutsatzeko arriskua zegoenik. Ez nuen ulertzen zergatik geratu behar genuen etxean itxita». Ander Beunza ere kritiko azaldu da; haiekin zorrotzegi jokatu zutela iritzi dio. «Helduak lanera, erosketak egitera eta txakurra ateratzera joan zitezkeen. Gu, ordea, ezin izan ginen atera». Gainera, «gazteoi bota ziguten gaitza zabaltzearen errua. Orduan ez nintzen gehiegi jabetu, baina orain pentsatzen dudanean, nire ustez, nahikotxo pasatu ziren». Horrekin bat dator Sarasola. «Gazteak jo gintuzten gaitzaren hedapenaren erruduntzat. Burugabeak ginela eta kalean elkartzen ginela zioten, eta horren ondorioz besteak kutsatzen ari ginela. Bidegabea izan zen».

Naroa Asensiok ere uste du haien beharrak baztertu zituztela. «Garai zailak izaten dira lagunekin, eta etxetik ezin irtenda geratu ginen. Gero, kalera ateratzeko ordu tarte bat jarri zuten, baina etxekoekin bakarrik. Ume txikientzat, ondo, baina guk lagunen beharra sentitzen genuen. Oso bakartuta gelditu ginen».

2

Eskolak

Etxeko ordenagailutik eguneroko dinamikari eustea astuna egin zitzaien. «Ikasgelan besteekin batera egotea eta ekintzetan parte hartzea faltan sumatu nuen. Horren ordez, bakoitza bere mahaian eta pantailari begira... Askok pantaila itzaltzen zuten», adierazi du Asensiok.

Irazuri ere gogorra egin zitzaion: «Normalean asko galdetzen dut gelan, eta ordenagailutik ez nintzen hainbeste ausartzen. Hasieran kostatu zitzaidan ohitzea, baina gero irakasleei idazten nien zalantzak argitzeko».

Beunzak aitortu du nagiak harrapatu zuela. «Justu-justu jaikitzen nintzen ordenagailura konektatzeko. Hasieran lanak egiten nituen, baina aitzakiak jartzen hasi nintzen: 'Gaur konexio arazoak dauzkat, eta ez naiz konektatuko'. Normalean, lan egitea ez zait asko gustatzen, eta, ez badago kontrolatzeko irakaslerik... Pare bat astez ez nuen lanik egin, eta pentsatzen nuen inor ez zela enteratuko, baina irakasleek gurasoei esan zieten, eta lanean hasi behar izan nuen berriz».

Aurrez aurrekoa faltan sumatu zuen Irazuk. «Ohiko egoeran, urduri egonez gero, eta ezinegon edo kezkaren bat izanez gero, batzuei kostatzen zaie gurasoei kontatzea, eta lagunengana edo irakasleengana jotzen du askok». Pandemian, ostera, kezkarik izan zuenak barruan gorde zuen. «Irakasleei aurrez aurre kontatzea edo mezu elektroniko bat idaztea ez da gauza bera».

«Ikastolara itzuli ginenean, hasieran pozik geunden elkartzeagatik, baina gero, muga horiek guztiak jarri zizkiguten, banaka eserarazi, denbora osoan maskara jartzera behartu...»

IZARO IRAZU2. Batxilergoko ikaslea

Ikastolarako itzulera aldapa gora egin zitzaien zenbaiti. Asensiok honela gogoratu du: «Hasieran pozik geunden elkartzeagatik, baina gero, muga horiek guztiak jarri zizkiguten, banaka eserarazi, denbora osoan maskara jartzera behartu...». Irazu ere gogo txarrez itzuli zen gelara. «Ohitu nintzen beranduago jaikitzen, bideo deiak ohetik egiten... Alferkeria sortu zitzaidan ohiko erritmoa berreskuratu behar izan nuenean».

Arauak etengabe aldatzeak buruhausteak ekarri zizkion bati baino gehiagori. Beunzak hau dio: «Toki eta ordu jakin batean sartzen ginen, tenperatura hartzen ziguten, eta altua bazen, buelta bat ematera bidaltzen gintuzten. Maskara jantzita orduak eta orduak ematen genituen, gela eskuetan, leihoak irekita, kristoren hotza egiten zuen gelan... eta positibo emanez gero, inguruko guztiak etxera bidaltzen zituzten».

3

Alde positiboa

Familiarekin egoteko denbora eduki izana estimatzen dute. Elkarrekin otorduak egitea, mahai jokoetan aritzea, pelikulak ikustea eta bideo baten aurrean kirola egitea ohiko jarduerak bihurtu ziren itxialdian. Dena dela, «azkenerako apur bat nazkatuta ere bukatu genuen!», aitortu du, barrez, Asensiok. Sarasolak, esaterako, denbora librea baliatu zuen baterian hobetzeko: «Orduak sartzen hasi nintzenean, hobetzeko aukera izan nuen».

«Uste dut gazteok gauzak alda ditzakegula elkarrekin indarra eginez gero»

ANDER BEUNZA2. batxilergoko ikaslea

4

Etorkizuna

Etorkizunari begira, gazteen artean jarrera ezkorra eta etsipena igartzen dute. Asensiok azaldu duenez, «albisteak ikusten dituzu eta gerrak, klima aldaketa, etxebizitza duin bat ez dugula lortuko... Horren inguruan, batzuek hau pentsatzen dute: 'Nik bakarrik ezingo dut ezer egin egoera aldatzeko; orduan, zertarako saiatu?' Baina, jende gehiago elkartuta, beharbada lor dezakegu zerbait aldatzea».

Sarasolaren aburuz, gazte askok ikuspuntu indibidualista daukate, eta kexatzea alferrikakoa dela pentsatzen dute. Baina egon badago arazo kolektiboengatik protestatzeko gogoa. «20 urtetik gorakoen artean, etxebizitzaren inguruan adibidez, antolatu dira. Pandemiak guri kendu ziguna beste batzuei eman zien».

Uste berekoa da Beunza: «Mezu oso ezkorrak botatzen dituzte. Nik ez dut hain ilun ikusten, baina hori entzuten duzu leku guztietan, eta sinetsi egiten duzu. Gazte askori antsietatea eta urduritasuna sortzen die». Hala ere, itxaropenerako leihoa zabalik du. «Gazteok, elkarrekin indarra eginez gero, gauzak aldatu ditzakegula uste dut. Adibidez, selektibitatea aldatuko zela iragarri zutenean, hasieran ez zizkiguten azterketen ereduak erakutsi nahi. Eta protestak egin ziren, Bilbon, Gasteizen, eta, nire ustez, presio horren ondorioz, azkenean lortu genuen ereduak lehenago ateratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.