HABEk euskarazko komunikazioa hobetzeko ikastaroak emango ditu

16 eta 18 urte artekoentzat izango dira, doan. Euskaltegietan matrikulatzeko epea zabalik da

HABEren matrikulazio kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Euskara ikastea gero eta errazagoa leloa hartuta abiatu du matrikulazio kanpaina HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Mezu argi bat helarazita hasi dute euskaltegiek ikasturte berria: herritarrak euskaltegian izena ematera animatu dituzte, bereziki inoiz euskaltegi batera joan ez direnak edo nahi duten komunikazio mailara iritsi ez direnak. Ideia horrekin lotuta dago kanpainaren leloa, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez. Zupiriak herritarrak animatu ditu euskaltegietan izena ematera, «euskara ikastea merezi duelako, bide eta munduaren ikuspegi berriak irekiko dituelako».

Gasteizko Udaberria euskaltegian aurkeztu zuten atzo HABEren matrikulazio kanpaina; han izan ziren Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabal, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako eta Bilboko udaleko ordezkariak, UEMAkoak, eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak.

Ikasturte berri honetan HABEren euskaltegiek izango dituzten berrikuntzen artean, honako hau nabarmendu zuen Zupiriak: euskarazko komunikazioa hobetzeko ikastaro bereziak eskainiko dizkiete 16 eta 18 urte arteko gazteei. Helburua da gazteei lanabesak ematea gai izan daitezen euskaraz ongi komunikatzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta lan merkatuan, unibertsitatean edo goi mailako prestakuntza profesionalean murgiltzen direnean. Euskarazko C1 titulua egiaztatzeko modua izango dute horrela, baina azterketarik egin gabe, helburua baita komunikatzeko gaitasuna «hobetzea» eta «sendotzea». Larrazabalen esanetan, «tresna baliagarria» eskaini nahi dute «hezkuntza sistemak betetzen ez duen esparru bat» betetzeko.

Ikastaroak ia doakoak izango dira —20 euroko matrikula baino ez da ordaindu behar—, baina izena ematen dutenei eskatuko zaie gutxienez saio kopuru jakin batera joateko. Jaurlaritzak 850.000 euro jarriko ditu programa berri horretarako.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko duela azpimarratu zuen Zupiriak. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 3,7 milioi euro jarriko ditu doakotasun hori bermatzeko. Gaur egun, B2 maila arteko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte arteko gazteena ere, betiere eskatzen diren baldintzak bete eta maila gaindituz gero.

Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleak laguntzeko asmoz, gainera, maila lortu duten ikasle gehienei irailera aurreratuko diete diru laguntza —abuztura arte, 5.324 ikaslek eskatua zuten—. Jaurlaritzak beste epealdi bat ireki du laguntza horiek eskatzeko; azaroaren 6ra arte egongo da horretarako aukera.

Irakasleen baldintzak

Halaber, euskaltegi pribatuetako eta zentro homologatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea izango du Jaurlaritzak lehentasunen artean. Zupiriaren hitzetan, iaz hasi zen Jaurlaritza baldintza horiek hobetzeko lanean, eta ikasturte berrian 90 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du xede horrekin. «Helburua da euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea», esplikatu zuen.

Udaberria euskaltegiko zuzendariaren irudiko, bestalde, premiazkoa da euskaltegien eta erakundeen arteko «lankidetza sendotzea». Haren ustez, euskara «modu naturalean» irekitzeko bideak lagundu behar dira, eta, euskaltegiek eta gizarteak «norabide berean» arraun egin dezaten, irakasleek ezinbestekoa dute «tresna eta baliabide nahikoak» edukitzea.

Bestelako inbertsioak ere egingo ditu Eusko Jaurlaritzak euskaltegietan. Horietako bat, 170.000 euro jarriko dituela 39 udal euskaltegietan arbel digitalak erosteko. Arbel digitalak eta haien euskarriak honetarako erabiltzen dira, besteak beste: urrutiko irakaskuntzarako eta bilera birtualetarako, bideokonferentzietarako edo dokumentuak partekatzeko.

Euskaltegien ikasturte berria aurkeztearekin batera, aurrekoko hainbat datu jakinarazi zituzten atzo HABEko buruek. 31.688 ikasleen soslaiari begira, badira datu aski deigarriak. Gehienak, esate baterako, andrazkoak izan ziren: %64,37. Eta ikasleen batez besteko adina 37 urtekoa izan zen. Euskaltegietako ikasle gehienek —10.701 lagunek— C1 maila gainditzeko eman zuten izena, eta 8.647 lagunek, B2 maila gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.