HABEk doako ikastaroak eskainiko dizkie 16 eta 18 urte artekoei, euskarazko komunikazioa hobetzeko

Helburua da C1 maila hobetu nahi dutenen gaitasuna hobetzea, azterketa probarik egin gabe. Matrikulazio kanpaina ireki da euskaltegietan.

HABEren matrikulazio kanpainaren aurkezpena, gaur, Gasteizen. IREKIA
Edurne Begiristain.
2023ko irailaren 11
13:26
Entzun

Euskara ikastea gero eta errazagoa leloa hartuta abiatu du matrikulazio kanpaina HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Mezu argi bat helarazita hasi dute euskaltegiek ikasturte berria: herritarrak euskaltegian izena ematera animatu dituzte, bereziki inoiz euskaltegi batera joan ez direnak edo nahi duten komunikazio mailara iritsi ez direnak. Ideia horrekin lotuta dago kanpainaren leloa, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur azpimarratu duenez. Zupiriak herritarrak animatu ditu euskaltegietan izena ematera, «euskara ikastea merezi duelako, bide eta munduaren ikuspegi berriak irekiko dituelako».

Gasteizko Udaberria euskaltegian aurkeztu dute HABEren matrikulazio kanpaina; han izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabal, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako eta Bilboko udaleko ordezkariak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak.

HABEren euskaltegiek izango dituzte berrikuntzarik ikasturte berrian. Gazteen euskarazko komunikazioa hobetu aldera, doako ikastaroak eskainiko dizkiete 16 eta 18 urte arteko gazteei. Helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean euskarazko komunikazioaren ezagutza maila «handitzea» eta «sendotzea», era horretan, goi mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasterakoan edo lan merkatuan murgiltzerakoan euskarazko komunikazio maila egokia izan dezaten. «16 eta 18 urte arteko gazteei lanabesak eman nahi dizkiegu hizkuntza ez dadin traba izan etorkizunari buruzko erabakiak hartu behar dituztenean», azaldu du Zupiriak. Azterketa probarik egiteko beharrizanik ez dute izango izena ematen dutenek, baina gutxieneko asistentzia bat bermatu beharko dute. Ikastaroak ia doakoak izango dira, ikasleek 20 euroko matrikula baino ez dutelako ordaindu behar. Jaurlaritzak 850.000 euro jarriko ditu programa berrirako.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko duela azpimarratu du Zupiriak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 3,7 milioi euro jarriko ditu doakotasun hori bermatzeko. Gaur egun, B2 maila arteko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte arteko gazteena ere, betiere eskatzen diren baldintzak bete eta maila gaindituz gero.

Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleak laguntzeko asmoz, gainera, maila lortu duten ikasle gehienei irailera aurreratuko diete diru laguntza. Abuztura arte, 5.324 ikaslek eskatua zuten diru laguntza. Jaurlaritzak beste epealdi bat ireki du laguntza horiek eskatzeko; azaroaren 6ra arte egongo da horretarako aukera.

Irakasleen baldintzak
Halaber, euskaltegi pribatuetako eta zentro homologatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea izango du Jaurlaritzak lehentasunen artean, Zupiriak azpimarratu duenez. Haren hitzetan, iaz hasi zen Jaurlaritza baldintza horiek hobetzeko lanean, eta ikasturte berrian 90 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du xede horrekin. «Helburua da euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea», esplikatu du. Horrez gain, sailburuak nabarmendu du inbertsioen artean 170.000 euro jarriko dituztela 39 udal euskaltegietan arbel digitalak erosteko.

Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabalek, berriz, azpimarratu du euskaltegien eta erakundeen arteko «lankidetza sendotzea» ezinbestekoa dela. Uste du euskara «modu naturalean» irekitzeko bideak lagundu behar direla, eta euskaltegiek eta gizarteak «norabide berean» arraun egin dezaten irakasleek tresna eta baliabide nahikoak behar dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.