HABEk euskara gaitasuna egiaztatzeko azterketak egin ditu ostegunetik gaur arte, eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 13.662 pertsonak parte hartu dute: 7.894ek Barakaldoko BECen egin dute azterketa; 4.436k, Irunen (Gipuzkoa); eta 2.288k, Gasteizen. Gainera, Bartzelonan egin dute etsamina 35 lagunek eta bederatzik Madrilen.
Mailari dagokionean, azterketari gehienek C1 mailako azterketa egiteko eman dute izena: %51,6 maila horretara apuntatu dira; aldiz, %30ek B2 mailako azterketa egiteko izena eman dute. Orain, ahozko proba egitea falta zaie: ekainaren azken astean eta uztaileko lehen bietan egingo dituzte azterketa horiek. Behin betiko emaitzak uztailaren 21ean egingo dituzte publiko.
Azterketen data gerturatu ahala, iruzurrari ere bidea zabaldu zaio: webgune batzuetan jendeari euskarako azterketa egiteagatik ordaintzeko prest agertu dira. Halakoak aurki daitezke: «Mutil baten bila ari naiz, euskarako C1 azterketa egiteko». 2.000 euro ordaintzeko prest dago.