1. Nafarroatik nola ikusten dituzu hauteskundeok?
2. Zeintzuk dira gakoak, zure ustez?
3. Zer gertatzea espero duzu?
4. Nafarroan ondoriorik izango al du?
1. Euskalduna eta abertzalea naizenez, interesez eta jakin-minez.
2. Hiru gako ikusten ditut. Hasteko, ETAren itzala desagertu izana, zuzeneko eragina duelako politikan eta errotik aldatu dituelako jardun politikoaren baldintzak. Beste ezaugarria krisi ekonomikoa da. Krisi hau, ukitu behar ez diren gauza asko aldatzen ari da, dena kolokan jarri duelako. Gizartea bera ere. Eztabaidaezin ziruditen printzipioak eta eskubideak kolokan jarri dituzte, krisiaren aitzakian. Horrek zuzeneko eragina izango du herritarren pertzepzioan. Ez dakit nola, baina isla izango du. Krisi politikoa ere bada, eta hor pizten da jakin-mina. Krisi egoerek bere txarrean gauzak aldatzeko aukera ematen dutelako.
Kataluniak ere nolabaiteko eragina izango du. Handiagoa litzateke hango hauteskundeak hemengoak baino lehenago izan balira, baina horrek ere baldintzatuko du alderdien jarrera. Jada hasi da. Bi alderdi abertzaleen diskurtsoak ausartagoak dira independentziari eta soberanismoari dagokienez, eta alderdi estatalisten diskurtsoak hasi dira muturreratzen kontrako norabidean.
3. ETAren indarkeriaren desagerpenak euskal alderdi abertzaleen alde jokatuko du. Horretarako ez da kristalezko bolarik behar. ETAren biolentziak egoera politikoa urte askoan usteldu zuen, eta abantaila bezala baliatu zuten batzuek. Oztopo izan da oso demokratikoak ez ziren jarrerei eusteko. Hori guztia desagertuta, horrelako gauzak aldatu behar dira. Politikan ari nahi duten guztiek beste modu batean jardun behar dute. Pentsatzen dut arnasa dela euskal alderdientzat, eta besteentzat urduritasuna. Ez dakit neurtzen zenbakitan.
4. Zeharka bada ere, denak egongo gara begira. Azken finean, ondo-ondoan gaude, eta nahiz eta esan diferenteak garela, hori denok dakigu ez dela egia. Zuzenean eta automatikoki ez dakit nolako eragingo duen. Ematen du hemen batzuek asmatu dutela estrategia batekin hor jarraitzeko.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Galdera zuzena. Inma Errea. Idazle eta itzultzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu