Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa Donostian izan da gaur, Koordinazio Operatiboko Zentroaren bileran, G7koen goi bileraren harira hartuko dituzten segurtasun neurriez hitz egiteko. Bilera larunbatetik astelehenera bitartean izango da, Miarritzen, baina jada oztopoak eragiten ari da Miarritze inguruko herrietan. Hendaian, berriz, kontragailurra egiten ari dira atzotik biharrera.
Asteburuan "segurtasuna eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko", Espainiako Gobernuak 2.810 polizia prestatu ditu; hala jakinarazi du Grande-Marlaskak: "Poliziak prest daude goi bilera batzuetan sortzen diren ekintza biolentoak saihesteko". Zehazki, 1.878 guardia zibil eta 932 polizia ariko dira "informazio, atzerri eta mugen kontrol" lanetan.
Bileran hartu dute parte Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dituen ordezkari Jesus Lozak eta Jose Luis Arastik ere. Ertzaintzako, Foruzaingoko eta Espainiako Segurtasun Indarretako goi kargudunak ere izan dira, Eric Morvan Baionako suprefetaz gain.
Grande-Marlaskak azaldu du "koordinazio lan garrantzitsua" egin dutela, ziurtatzeko G7koen goi bilera eta horren aurkako kontragailurra modu "baketsuan" igaroko direla, "sentsibilitate sozial guztiek gauzatu ditzaten beren eskubide eta askatasunak modu baketsuan. Hori da zuzenbide estatuen handitasuna".
Beraz, Euskal Herrian egunotan egongo diren poliziak 20.000ra iritsiko dira guztira. Izan ere, Frantziako Gobernuak 13.200 polizia eta jendarme ekarri ditu goi bilerarako, Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak jakinarazi zuenez. Jaurlaritzak, berriz, 4.000 ertzain inguru prest ditu.