«Guztiondako euskara», migratzaile familiak D eredura hurbiltzeko gonbita

Nafarroako D eredu publikoaren aldeko kanpaina aurkeztu du Sortzen elkarteak, 2025-2026ko ikasturteko aurrematrikulazioari begira.

Sortzen elkarteko Aitziber Garmendia eta Eneko Elizari, gaur, Plazara gunean egin duten aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sortzen elkarteko Aitziber Garmendia eta Eneko Elizari, gaur, Plazara gunean egin duten aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko otsailaren 26a
15:15
Entzun

D eredua aukeratu, guztiondako euskara!. Lelo hori aukeratu du Sortzen elkarteak 2025-2026ko ikasturteko aurrematrikulazio kanpainarako. Urtero bezala, euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko mezua hedatuko du Sortzen-ek; aurten, baina, familia migratzaileei helarazi nahi diete D eredura hurbiltzeko gonbita, bereziki: «Migratzaile jatorria dutenei eskatzen zaie integrazioa, baina hori ez da haien ardura bakarrik, guztion ardura baizik», azaldu dute elkarteko kideek gaur, kanpainaren aurkezpenean.

Iruñeko Plazara gunean egin dute agerraldia Sortzen-eko koordinatzaile Eneko Elizari Aldaiak eta Aitziber Garmendia Lizasok, eta, azaldu dutenez, ezinbestekoa da migratzaile familiei «harrera egokia» egitea, besteak beste, euskarazko baliabideen berri emanez eta kulturartekotasuna landuz: «Askotan, oztopoak besterik ez dute aurkitzen D eredurako bidean; izan ere, A eta G ereduetara bidaltzen dituzte, beste aukerarik eman gabe».

Gaztelania hutsezko ereduek, inklusioa sustatu beharrean, «diskriminazioa eta segregazioa» areagotzen dituztela uste du Sortzen-ek, umeek etorkizunean izanen dituzten aukerak murriztuta. Hori guztia aldatu nahi dute, aurtengoaren gisako kanpainen eta bestelako egitasmoen bidez: «Eskua luzatu nahi diegu migratzaile jatorriko familiei, elkarrekin urrats bat egin; euskarara hurbildu eta sentitu daitezela gure komunitatearen parte. Badakigu lan handia dagoela egiteko, eta hau lehen urratsa dela soilik, baina lanean jarraituko dugu», esan du Garmendiak. Hain zuzen, SOS Arrazakeria elkartearekin batera otsailean aurkeztutako Denon eskola, guztiondako euskara egitasmoa aipatu dute, lantzen ari diren ekinbideen artean.

Gizarteratzeko bidean euskara traba baten gisara irudikatzen duten topikoen kontra, familia migratzaileek euskararekin izan ditzaketen loturak nabarmendu ditu Garmendiak: «Migratzaile familia asko eleaniztunak dira berez: hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dute, eta, ziurrenik, hizkuntza gutxituak izanen dira horietako batzuk. Gurea ere hizkuntza gutxitua da, eta, gainera, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu, bizi garen tokiaren arabera».

Ikasleen testigantzak

Migratzaileen komunitateekin elkarlana sustatzeak «bertako errealitatea aberastu» eta komunitate sareak indartuko dituela uste du Sortzen-ek. «Euskara ez da hizkuntza bat soilik, hori baino gehiago da: euskara ezagutzeak komunitate baten parte izatea dakar, eta inklusiorako eredu da, besteak beste, euskarak batzen gaituelako. Jakintza gehiago eta munduaren ikuskera berri bat ematen digulako», azaldu du Elizarik.

Horiek horrela, eta hizkuntza hautuak ikasleen etorkizunean duen garrantziaz jabetuta, euskararen komunitatea zabaltzeko ahalegina egin nahi du Sortzen-ek, D eredua aukeratu, guztiondako euskara lelopean. Elizariren esanetan, helburua da «euskara denon aukera» izatea: «Euskarak batzen gaitu, komunitate pluralago bat sortzeko aukera ematen du, eta, gainera, bide berriak zabaltzen dizkigu». Ideia hori irudikatu nahi izan dute kanpainako bideoan. Iruñeko Sanduzelai eskola publikoko zenbait ikasleren testigantzak bildu dituzte bideo batean. «Bertan, euskaraz azaldu digute nolakoa den beren egunerokoa, zer den D ereduko eskola publiko batean ikastea eta zeintzuk diren euskarak eskaintzen dizkien aukerak eta esperientziak».

Horrez gain, afixak ere banatuko dituzte ikastetxeetan eta bestelako eremu publikoetan, D ereduaren aldeko mezua zabaltzeko. Hainbat hizkuntzatan aterako dituzte; euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.