Guztion Alardea taldeko kideek ohar bat plazaratu dute, jakinarazteko orain jaso dutela Hondarribiko alkateari uztailaren hasieran egin zioten eskabidearen erantzuna, eta adierazi dute aparteko aurrerabiderik ez diela proposatu. Hondarribiko alardean andreen parte hartzea bideratu nahian eratutako taldea da, 2019tik martxan dagoena. Aurtengo uztailean, taldeak jakinarazi zuen 64 andrek eskaera formala egin zutela desfilean parte hartu nahi dutela esanez; bai Hondarribiko Udalera, bai eta alarde baztertzailea antolatzen duen Alarde Fundaziora bideratu zituzten eskeak. Izen-abizenekin egin zuten urratsa, eta oihartzuna izan zuen berriak, 90eko hamarralditik piztuta dagoen gatazka hori bideratzeko erabakigarria izan zitekeelakoan. «Herriko emakumeak gara, gatazkaren inguruan bizipen eta sentsibilitate ezberdinak ditugunak. Alardea maite dugu, eta gizonek duten eskubide berarekin parte hartu nahi dugu gure alardean», esan zuten. Aste gutxiren buruan jaso zuten Alarde Fundazioaren ezezkoa. Hain justu, aurten ere ohiko eran egin zuen fundazio horrek bere desfilea irailaren 8an: andreak baztertuta. Desfilatu nahi izan zuten emakumeek, ohi bezala, Jaizkibel konpainian desfilatu zuten, alardetik kanpo, eta desfile parekide baten aldeko aldarria eginez. Justu egun batzuk lehenago, argazki jendetsu baterako deia egin zuten Guztion Alardea taldekoek, eta herritar ugari elkartu ziren alarde parekide baten alde daudela esateko.
Guztion Alardea taldekoek oharrean kontatu dutenez, sei hilabeteko atzerapenez erantzuteagatik «barkamena» eskatu die Txomin Sagarzazu alkateak, baina ez die inolako aterabiderik proposatu gatazkan aurrera egite aldera. «Alardearen antolaketa udalari ez dagokiola esan ondoren, adierazi du bideak sustatzen ari direla egungo egoerari aurre egiteko, gure eskaera elkarrizketa prozesu horren barnean sartuko dutela argudiaturik». Erantzunak ez ditu asebete. «Alkate jauna, hitzak ederrak dira, baina denbora azkar doa aurrera gatazka luze honetan, eta elkarrizketa prozesu honen berririk ez dugu izan momentuz», adierazi dute. «Zentzuzko konponbide bat bideratzeko ausardia zuen esku dagoela uste dugu».
Alkategai berriaren hitzak
Kezka agertu dute, halaber, Alarde Fundazioak sare sozialen bidez zabaldu duen berri baten harira. Hain justu ere, lehengo astean adierazi zuten bilera bat egin dutela hurrengo udal bozetako jeltzaleen alkategai Gonzalo Carrionekin, eta Alarde Fundazioak alardea antolatzeko duen «eskubidea aitortu» ziela hark bileran. Era berean, esan dute alkategaiak guztiz bat egin zuela hautu parekidearen aldekoek egun darabilten argudio nagusiarekin, eta hain justu ere adierazi zuela «jaiegun horiek sentitzeko eta bizitzeko modu desberdinen arteko ulermena» lortzen saiatuko dela.
Guztion Alardeak irmo kritikatu ditu hitz horiek: «Benetan sinestezina iruditzen zaigu alkategai batek zilegitasuna ematea emakumeen parte hartzea debekatzen duten herritar batzuen esku uzteari hondarribiar guztion alardea». Nolanahi ere, erantsi dute ez diotela muzin egingo «ezberdin pentsatzen» dutenen arteko «ulermena errazte aldera» lan egiteko konpromisoari. «Gure aldetik, prest eta gogotsu gaude gure alarde maitea gatazkaren iluntasunetik aterako duen elkarrizketa eta negoziazioari ekiteko».