«Ez duzue adostutakoa bete. Ez duzue legea bete. Eta ohitura betetzeari ere utzi diozue. Dena zuen ondoan emakume bat txilibitua, danborra edo eskopeta eramaten ez ikusteagatik; hori da zuentzat Hondarribiko herria sufrimendu honetara kondenatzeko arrazoi bakarra». Igandean izan zen irailaren 8a, Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde eguna, eta egun batzuen buruan Guztion Alardeak —alardeko gizonak dira, emakumeek ere alardean soldadu gisa desfilatzeko aukera izatea defendatzen dutenak— hitz gogorrak izan ditu HAOSE Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearentzat. «Marra gorri guztiak» hautsi izana egotzi diote: «Irailaren 8an orain arte ukiezinak ziruditen marra gorri guztiak gainditu zituen HAOSEk». «Batzuen fanatismoa» gero eta handiagoa dela salatu dute: «Eta fanatikoei, azken finean, alardearen ohiturak bost axola zaizkie».
Guztion Alardeak baikor hasi du alardeko eguna baloratzeko atera duten oharra: «Errealitatea da hondarribiarrok irailaren 8 hau inoiz baino elkartuago bizi izan dugula». Haien esanetan, igandean emakumeen parte hartzea «gerturatu zen», eta alardeko kideek, Jaizkibelekoek eta ikusleek elkarrekin ospatu zuten, eta elkar agurtu eta besarkatu zuten.
Ordea: «HAOSEko kargudunek kontrakoa irudikatu nahi izan dute». Nabarmendu dute Gernikako Arbolan Jaizkibel eta alardeko konpainiak nahastea ekidin nahi izan zutela. «Horretarako, jada inork sinesten ez duen segurtasunaren aitzakia atera dute mahai gainera. Paradoxikoena da beraiek izan direla segurtasun arazo eta tentsio hori sustatu dutenak, azken urteetan ikusi dugun presio kanpaina bortitzenetako bat antolatuz». Bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte kanpina horretako ekintzak: HAOSEren komunikatuetako «mehatxu orokorrak», sare sozialetako profil faltsuetatik zabaldutako «gezur eta intoxikazio mezuak», zenbait pertsonari egin dizkioten mehatxuak eta hainbat soldadu alardetik kanporatu izana.
Kanpaina horren «kolpe gogorrenetariko bat» irailaren 7koa izan zela ziurtatu dute. Azaldu dutenez, udal korporazioaren aurreskuan HAOSEko eta danborradako kargu nagusiek plaza kanpoan geratzea erabaki zuten, eta, ondoren, «inoiz ikusi gabeko erasoa» egin zieten herriaren ordezkari legalei eta legitimoei eta herritar guztiekiko «errespetu falta izugarria» erakutsi zuten. «Zentzu horretan, gure babesa adierazi nahiko genioke demokratikoki hautatutako udal gobernu zein korporazio osoari».
Horretaz gainera, hizpide izan dute irailaren 8an gertatutakoa ere. Alardeko kideak ez ziren garaiz iritsi Gernikako Arbolara —handik abiatzen da alardea—, Jaizkibelen ondoan ez agertzeagatik. Azaldu dutenez, alardeko kideei ezer esan gabe eta «engainuz» kapitainek konpainia guztiak Gernikako Arbolaren inguruan ezkutatu zituzten, «Jaizkibeleko partaideei mespretxua adierazteko eta errealitatearekin bat ez datozen bi unibertso irudikatzeko asmoz». Erabaki horregatik, tradizioa hautsi zutela nabarmendu dute: «Hatxero nagusia ez zen Santa Maria arkupetik kanpaiekin pasatu, Sainduako deskargak bertan behera utzi zituzten eta Guadalupeko meza atzeratu egin zen». HAOSEri eskatu diote argitzeko hurrengo urtean zer egingo duten.
Elkarrizketarako deia
Horiek horrela, hondarribiarrei eskatu diete hemendik aurrera bakoitzak bere inguruan «konponbiderako bidea» bultzatzeko. «Elkarrizketaren bidetik, guztiontzat ona izango den gatazkaren amaiera antolatzeko gai gara, eta hori da, hain zuzen, herri honen gehiengo zabalaren nahia».