Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak

Guztiok Bilduren zain

Ander Iturriotz Lauzirika.
2011ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, datorren igandean bukatuko eta erabakiko den hauteskunde kanpaina erabat aldatu da zentzuz, egunen gurpilarekin: Bilduren aurka hasi zenkanpainaurrea —horrela esaten genuen joan den asteko artikuluan—, eta Bilduren zain jarri da, orain. Errealitatea ukitu nahi du jendeak, esnatu nahi du jendeak urte gehiegi iraun duen gezur soziopolitikotik, egiazko ordezkaritza ikusi nahi du herri honetako erakundeetan. Atxikipen-gabeziaz eta errutinizazioak sortutako nekeaz harago, horregatik gertatu da hain ahula kanpaina; horregatik izan dira inoiz baino kontraesankorragoak politikarien lelo eta agerpenak: hamaika aldiz errepikatuak, kartoizkoak, ia hutsaren hurrengoak.

Aditu guztiek azpimarratu dute oso-oso soslai baxukoa izan dela kanpaina, teknikoki. Alderdiek beldur eszeniko nabarmena erakutsi dute. Guztiek erabili dituzte areto txikiak —plazak, bilera-gelak, hotelak…—: masen indarra, jendetzen aldekotasuna erakusteko zailtasunak izango zituztela bazekiten. Agertoki handiak ordezkatzeko, hedabideak erabili dituzte, inoiz baino gehiago: agertoki bat aukeratu, sinbolikoki esanguratsua, enblematikoa delako, eta bertara bildu kazetariak, telebistak, bereziki; plano laburrak eskaini, publikorik gabeko jarduerak ezkutatu; titular moduan inposatu nahi duten adierazpena errepikatu, behin eta berriz... Ematen du ez zutela gehiegi inbertitu nahi kanpainan, neurri batean, inbertsio alferra izango zela iragartzen zutelako: iragartzen zuten herri honetan dagoen normaltasun demokratikoaren gogoak birrindu egingo zituela ahalegin horiek. Salbuespenak, Bildu eta EAJ. Bilduk kanpaina duina egin du oso modu prekarioan: agertoki handiagoak aukeratu —BEC, besteak beste—, eta bete egin ditu, konfiantza erakutsi, emaitza onak izango zituela ikusarazi. EAJk, berriz, Lopezen desgobernua politikoki kapitalizatzea zuen kanpainarik eraginkorrena: PP-PSOE aliantza eta nagusitasun iruzurtiaren salaketarekin errealitatearen aldeko apustua egin du, beste modu batera.

Teknikoki ez ezik, soslai baxuko kanpaina izan da politikoki. Mezu programatikoak oso lauak izan dira, indarrik gabeak, engaiamendurik gabeak, arruntak, erretorikoak, topikoak, ohiko folklore politikotik ateratakoak. Hasteko, PP kanpainarik gabe geratu da: aurretik emaitza on samarrak eskaini dizkion krispazioaren kultura ultraespainolak ez dio balio izan. Ez dio balio izango aurrerantzean: denbora beharko du itxoin, estiloa aldatzeko, baskismora edo foralismora itzuli, agian; eta, errealitateari egokitzen asmatzen ez badu, maila testimonial hutsean geratuko da, seguruenik. Bitxia da, zentzu horretan, UPNk hartu dion lekukotza: ETAk eta haren konplexuak bizirik dirautela erakutsi nahi izan du Barcina andereak: ETAren aldeko pintaketa baten azpian agertu da; bere gobernuak basamortu bilakatu duen Sakanara etorri, eta abertzaleen eraginari egotzi dio… Nahi eta ezin.

Kontraesanak ere nabariak izan dira kanpainan barrena, sinesgarritasunik gabeko mezu asko entzun dira. Ezkutaezinenak, PSOErenak: eskuinaren politika ekonomikoaren mamua aireratu du, beldurra eragin nahian, beraiek bultzatu dutenean, hain zuzen, inoiz ezagutu dugun politika ekonomiko ultraliberal basatiena. Aralarrek uko egin behar izan dio naziogintzari, eta lehian sartu da, distintzio-markarik gabe, ezkerreko balioen merkatu gain-ordezkatuan. Azken orduko mugimendu parasistemikoez akordatu da EB, orain arte praxis erabat integratua eduki duen arren. Inguruabar horretan, txikitasuna erakutsi dute alderdi bi horiek: botere-eremuaren disputatik kanpo geratu dira, ezker abertzalearen ilegalizazioak eman dizkien etekinak bere onera nola etorriko diren begira bezala. NaBaik ezin izan du alternantziaren leloari astindu besterik, eta bigarren aldiz erori, PSNren beso zaputzetan, bere benetako aliantza, oraingoz, Bildu izan daitekeela jakingo ez balu bezala. Baina, Nafarroan ere, itxaron egin behar dira emaitza berriak, itxaron egin behar da berriro ager dadin errealitatea.

Bien bitartean, denak ibili dira jolasean. Kristalizatu behar zuen argazkia agertu bitarteko parentesia izan da kanpaina. Salbuespenak bi, berriro ere: Bilduk zor zitzaion esku-harmena aldarrikatuz indartu du kanpaina, eta EAJk, zentralitatea aldarrikatuz, EAEn, Ajuria Eneko noraeza ekidin dezakeen alderdiaren irudia hedatuz. Itxoite-gelan egongo ez balitz bezala jokatu duenak, aitzitik, galtzeko aukerak dauzka, beraiek egiazki antzematen dutena herritarrek antzemana baitute aspaldi.

Zain egon gara guztiok, beraz, hauteskunde-kanpainan zehar, alderdi politikoen estrategia elektoralek aldarazi ezingo zuten errealitate setatia ager zedin. Abisua ezin argiagoa da Lopez-entzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.