Denak du bere baina. Ahalik eta herritar gehien elkartzea da erakundeek bideratzen dituzten prozesu partehartzaileen helburuetako bat. Herritar guztiak deitzen dituzte parte hartzera, berez, inolako sektorerik baztertu gabe. «Barneratzailea eta berdinzalea izateko helburuarekin sortzen da partaidetza sistema», azaldu du Jone Martinez EHUko Politika Zientzietako irakasleak. Helburuetatik urrun dagoela uste du, ordea. Erreproduzitzen dituelako, haren esanetan, sistema ordezkatzailearen oinarriak: «Demokrazia ordezkatzailearen hasierako erroak, emakume, lesbianen, transexualen, beltzen edota gazteen bizi esperientzietatik urrun jaio ziren. Demokrazia ordezkatzailea, hortaz, ez da neutrala». Eta eragina du horrek parte-hartze prozesuetan ere. Hala azaldu du Alicia Suso EHUko irakasleak: «Askotan, uste dugu deialdi irekiak egitea nahikoa dela. Behin hori eginda herritar guztiek dutela bertaratzeko eta informazioa jasotzeko eskubidea». Problematika, kasuz kasukoa da, ordea.
EMAKUMEAK
Alde bakarretik eratu dira sistema politikoa eta erakundeak, Susoren arabera: gizonek, eta gizonen neurrira, alegia. «Gizon zuri eta heterosexualen espazio, denbora eta hizkuntzaren arabera funtzionatzen du ezagutzen dugun demokrazia ereduak». Eta eragiten du horrek partaidetza esparruetan ere. «Askotan, uste da emakumeen presentzia bermatuta dagoela, guztion partaidetza ahalbidetzen delako. Eta, gainera, ez dela genero sistema erreproduzituko». Usteak erdi ustel, bestelakoa baita errealitatea. Suso: «Gizon zuri, heterosexual eta klase sozial ertaina edo altua dutenenei begira antolatzen dira parte-hartze prozesu gehienak». Horren ondorioz, gune horietatik kanpo geratu dira sektore asko. «Berdintasunaren ikuspegitik demokraziak mugak zituela salatu zuen feminismoak hasiera-hasieratik. Bada, muga horiek guztiak erreproduzitzen dituzte partaidetza prozesuek». Perspektiba aldaketa proposatzen du Susok. «Genero ikuspegitik lan egiteak aldaketa estrukturalak eta mentalak egitera garamatza. Ahaldundu egiten dituelako menpeko egoera batean bizi diren kolektiboak. Hau da: osatu gabe dagoen gizartea osatzen laguntzen du». Gizartean dauden botere harremanak irauli egiten ditu. Eta hori da gakoa Susoren arabera: partaidetza prozesuak gizarte eraldaketa gisa ulertzea.
Publiko eta pribatuaren arteko bereizketak ere badu eragina. «Espazio publikotzat hartzen dira parte-hartze eremuak». Handitu egin da emakumeek horietan duten presentzia, baina mugak sumatzen ditu EHUko irakasleak, oraindik. Norabide horretan bereizi egin ditu bi kontzeptu nahasgarri: bertaratzea eta parte hartzea. «Gauza bat da egotea, eta beste gauza bat parte hartzeko aukera berdinak izatea». Eta egin du adibideen zerrenda bat, horren azalpena emateko. Aipatu ditu, tartean, emakumeek partaidetza espazioetan hartzen duten lekua, hitza zenbatetan hartzen duten eta egiten dituzten ekarpenak aintzat hartzen diren ala ez. «Haurtzaindegi zerbitzua jartzearekin ez da ziurtatzen emakumeen presentzia eta kalitatezko parte hartzea». Argi dio Susok: emakumerik gabe, ez dago demokraziarik, ezta parte hartzerik ere.
GAZTEAK
Zer den gaztaroa? Heldu izatera iritsi, eta eskubide osoak izango dituen hiritarra izateko trantsizio aldia. Hala definitzen du gizartearen soziologiak, behintzat. Markel Ormazabal Aztiker ikerguneko kide eta soziologoak eman du azalpena: «Ez zaie ematen subjektu kolektibo baten izaera, eta, horren ondorioz, ez zaizkie onartzen kategoria sozial gisa dituzten behar, kezka eta diskurtsoak». Helduen baldintzak lortu bitartean babestu, lagundu eta zuzendu beharreko sektore gisa hartzen da gazteria. Eta eragina du ikuspegi horrek erakundeek eskaintzen dituzten parte hartzerako eremuetan. «Gurasokeria» kutsua nabari die Ormazabalek.
Baina ez da hori soilik. Gazteria indibidualizazio prozesuan ikusten du soziologoak. Baina errealitate horri buruz egiten diren interpretazioak zuzendu behar direla uste du, halere. «Ez da ulertu behar gaztea norberekoi arduragabea denik. Subjektu indibidualak indartzea ekarri du indibidualizazio prozesuak, ados. Baina horrek ez du esan nahi gazteria gizarte gaien aurrean axolagabe jarduten denik». Egoera ekonomikoarekin lotu du prozesua soziologoak, eta eman du argipena ere: «Motibazioa galdu duen eta bere gaitasunen jakitun ez den belaunaldia da gaur egungoa». Egoera ekonomikoak ziurgabetasun egoeran bizitzera eraman du gazteria. Horrek ekarri du, besteak beste, kezka edo ongizate pertsonalak lehenestea eta gizarte gaiak bigarren mailan kokatzea.
Askotarikoak dira gazteek politikarekiko dituzten jarrerak, baina, oro har, urrun ikusten duten esparrua da. Horrek ez du esan nahi axola ez zaienik. «Herritarrengandik eta gazteengandik hurbilago dagoen politika eredua eskatzen dute. Haien iritzia kontuan hartu eta jarrera eraikitzailea erakutsiko duena». Horra etengabe errepikatzen den korapiloa: gazteei, gainontzeko herritarrei bezala, ez zaie iruditzen erakundeetan emandako hitza betetzen denik. «Demagogia kutsua hartze diete politikarien kezka eta ardurei. Saldu nahi diguten ilusiotzat jotzen dute parte hartzea, eta atzeraka eragiten die horrek». Urrun ikusi arren, politikarekiko kezka badute gazteek. Baina kezka ez da beti parte hartze bihurtzen, Ormazabalen arabera. Askotan, nahi izatea ez baita aski. Partaidetzarako funtsezkoa den faktore bat falta zaie gazteei: denbora. «Oso arautua dute denbora, eta horrek zailtzen ditu gainontzeko eremuetan eman ditzaketen tarteak». Eta administrazioa ez da errealitate horretara egokitu.
«Planak bulegoetan osatu, eta gazteei botatzen zaizkie gero». Horregatik egin dute porrot gazteriari begira egindako plan gehienek Ormazabalen arabera. «Ez dira gazteak erdigunean jartzen, eta ez zaie hitza eta erabakia ematen». Are gehiago, gazteak gutxietsi egiten direla adierazi du. «Erakundeek abiatzen dituzten partaidetza prozesuetan ez da herritarren ahalegina baloratzen, baina gazteen kasuan, sakonagoa da. Gizarteko gainontzeko sektoreek gutxietsi egiten dituzte gazteak. Eta emaitza hobeak lortu arren, balio gutxiago aitortzen zaie». Katea elikatzen du horrek: zertarako parte hartu, aintzat hartuko ez bazaituzte, ikusezin sentiarazten bazaituzte. Gazteria subjektu gisa onartu, eta erabakitzeko gaitasuna ematea da giltza, Ormazabalen esanetan. Eta horretan aritu da Aztiker azken urteetan. «Gazteak bulegora eraman beharrean, bulegoa kalera eraman dugu. Eta prozesuaren diseinuan parte hartu dute hasieratik».
ELBARRIAK
Hitz polit asko, baina ekintza gutxi. Hori da, oro har, politikagintzan elbarriekiko nabari den jarrera, Maria Apellaniz LAB sindikatuko Gaituak arloko ordezka- riaren arabera. «Kontuan hartzen gaituzte politika sozialak zehazteko orduan, baina ez, horiek diseinatzeko prozesuan». Egiten dira sektorea aintzat hartzeko egitasmo edo programak, baina haien hitza aintzat hartu gabe. Dio, oro har, gizartea ez dela jabetzen elbarriena sektore baztertua denik. Galdera bidez eman ditu adibideak. «Jabetzen al gara zinemara goazenean, akaso, filma azpidatziekin ikusiko bagenu gorrak diren pertsonak ere areto berean egoteko aukera izango luketela? Jabetzen al gara, terrazen ordenantzak egitean, itsuak diren pertsonei eragiten dien kalteaz? Biltzen al gara haiekin gai hauen inguruan hitz egiteko eta aukerak aztertzeko?». Argi du: ezin da baieztatu parte-hartze prozesuak herritar guztientzat irekita daudenik. Apellaniz: «Ez da bermatzen aniztasun funtzionala dutenen partaidetza eskubidea, ez politikagintzan, ez kultura eskaintzetan, ez eta enplegurako sarbidean ere».
Beharrezkoa da elbarriekin bildu, dituzten gabeziak identifikatu eta neurriak hartzea. «Ezin da gertatu herritar bat bera ere baztertua sentitzea ez entzuteagatik, ez ikusteagatik edota eskailera batzuk igotzeko ezintasunagatik». Ez du zalantzarik Apellanizek: elbarritasun intelektuala eta mentala dutenak dira guztien artean gehien baztertuak. «Gizartea ez dago prestatuta haiekin harremantzeko». Nabarmendu du ez dela bermatzen sektore horren informazio eskubidea. Eta adibidetzat jarri du erakundeek edota bestelako eragileek zer hizkuntza erabiltzen duten informazioa kaleratzean. «Inork ez ditu gauzak modu irakurterrazean publikatzen». Enpatizazio iraultza aipatu du. Argi du gizartea dela lehenik eta behin kontzientziatu behar dena. «Eskubide eta beharrak dituzten pertsonak gara denak. Eta gizarteak sinetsi egin behar du hori». Eskubide horiek babesteko eta ziurtatzeko beharrezkoa da zerbitzu publiko unibertsalak izatea, Apellanizen arabera, «eskubideak pribilegio bihur ez daitezen».
ETORKINAK
Baikor begiratzen dio etorkinek partaidetza prozesuetan duten presentziari Xabier Aierdi EHUko soziologia irakasleak. Ikusten baitu aurrerako urratsak egin direla azken urteetan. «Etorkinentzako foroak bultzatzen dituzte gehienbat erakundeek, eta horietan bermatu egiten da haien parte hartzea». Haien behar propioak bideratzeko guneak izan ohi dira horiek, ordea. Eta herritarren behar orokorretako espazioetan murritzagoa da etorkinen partaidetza. Hutsune nagusia hor. Erakunde lokalak dira, soziologoaren ustez, herrigintza prozesuetan etorkinak integratzeko esparrurik egokienak. «Udalerri ertain eta txikietan aukera gehiago dago, etorkinak herrigintzako gai orokorretan txertatzeko». Poliki-poliki joango da aldatuz egoera, haren ustez. «Askotan, idealizatu egiten ditugu parte-hartze prozesuak. Ideal modura baino gehiago, prozesu gisa ulertu behar direla uste dut». Horregatik dio positiboak direla etorkinentzat propio eskaintzen diren gune horiek. Gutxinaka, partaidetzaren kultura hedatzen laguntzen dutelako. «Partaidetza handiagotuz joango da gutxinaka, asko aurreratu dugu denbora laburrean». Gero eta proposamen gehiago egiten dira aniztasuna bistaratu eta hori kudeatzeko. Eta begi onez ikusten ditu proposamen horiek guztiak.
Bi erronka nagusi nabari ditu Aierdik, ordea: langabezia eta hezkuntza. «Lanik gabe geratu dira etorkin asko, eta bizi-baldintza txarretan daude. Horri lehentasuna eman beharko genioke». Irakaskuntzarena da soziologoak aipatu duen bigarren etxeko lana. Beharrezkotzat jotzen du datozen belaunaldiekin aniztasun kulturala lantzea. «Igogailu izan beharko lukete eskolek. Bazterkeriaren kultura ez erreproduzi- tzea bermatu behar dute ikastetxeek».
Ateak irekita daudela esatea ez da nahikoa. Gainditu beharreko oztopo asko dago gizarteko sektore guztien parte hartzea bultzatu eta ziurtatzeko. Oraindik ere ez direlako kolektibo guztiak biltzen herritarren kategorian. Guztiak ez direlako denak.
Bihar: Herri mugimenduen eta erakundeen arteko harremanak
HERRITARRAK ETA ERAKUNDEAK (III)
Guztiak ez diren denak
Herritarren partaidetza bultzatzeko guneak eskaintzen dituzte erakundeek. Sektore guztiak gonbidatzen dituzte horietara, baina gonbidapen hutsak ez du bermatzen kolektibo guztien parte hartzea. Hala sumatzen dute, besteak beste, emakumeek, gazteek, elbarriek eta etorkinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu