Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak

Guztiak Bilduren aurka

Ander Iturriotz Lauzirika.
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Horrela aukeratu zuen La Razón egunkari ultra-espainiarrak joan den larunbateko lehen orrialdeko titulua: Guztiok Bilduren aurka, lehenago zerabiltzaten Guztiok ETAren aurka hura egokituz mekanikoki. Arazoa da, lehenago ETAren aurka ez bezala, orain Bilduren aurka guztiek batera egitea zaila dutela Espainian —eskuin nostalgiko falangistak Zuzenbidezko Estatuan sinesten ez duela argi geratu da, esaterako—. Gerra handiegian sartu dira, aldez aurretik galdutako apustu suizida batean.

Irabazi ere, Bilduk lehen bataila irabazi die, jadanik: legalizazioa lortu du guztien aurka. Eta oso modu inteligentean, gainera, espero ez zuten moduan, kontrolatu ezin duten moduan, beren onetik atera arte urduritzen dituen moduan. Duela urte batzuk —aurreko hauteskunde autonomikoak baino askoz lehenago— Polo subiranista bat antolatzeko asmoa gorpuzten hasi zenetik, plangintza estrategiko oso baten emaitza izan baita lehen garaipena, Bilduren legalizazioa: denbora politikoaren kontrol zehatza erabili da, agerpen publiko eta eszenikoen neurketa doia egin da, herritarren eta gizarte eragileen sinesgarritasuna tentuz eraiki da, kultura politiko ezberdinen artean zubi iraunkorrak ireki dira... Ez daude horretara ohituta. Ez dira eroso sentitzen esparru horretan. Argudioen eta nahimenen gatazkan galtzeko guztiak dauzkatela badakite. Espainia zatituaren angustia ari dira jasaten, hamaikagarrenez, oso denbora laburrean.

Baina, lehen garaipen horren ostean, bigarren garaipen bat etor daiteke, amorragarriagoa: Bilduk izugarri emaitza onak lor ditzake maiatzeko hauteskunde hauetan.

Ezer jokatu gabe ere, jadanik hautsi du Bilduk PP-PSOE aliantzaren gauzapena: tranpatiaren arrazoi matematikoa kendu die eta, ondorioz, udalak eta aldundiak eskuen artetik joan zaizkie. Zeukaten arrazoi ideologiko bakarra ere zapuztu zaie: ETAren aurka baliagarria zen estrategia —manikeismoa, biktimismoa, grina itsua…— indarrik gabe geratu zaie. Horren lekuan, berriro ere, beste agenda batekin jokatu beharko dute: herri baten ezagutza politikoarekin, herri baten eraikuntza kultural, ekonomiko eta sozialarekin —Nafarroan bertan, UPNk nafartasuna azpimarratu beharko du, inoiz ez bezala—.

Eta, jokatzen hasita, udal eta aldundietan ugari ikusi beharko dituzte, ezeroso ikusi beharko dituzte ezkerreko hautagai abertzaleak, ETArentzat erabakiak hartzen, ETArentzat diruak administratzen —errepikatzearen poderioz, ipuina asmatzen duenak sinetsi egiten baitu, amaieran, bere ameskeria—.

Bilduk bereak ditu ezker abertzalearenak ziren botoak, boto guztiak, eta, agian, koiunturalki, pragmatismo nabariz, beste alderdi batzuetara —NaBai, Aralar eta EAJra— joan izan direnak. Ikusteko dago EAk eta Alternatibak zenbat boto aglutinatuko dituzten, baina horretan ere, guztiek Bilduren aurka egin beharrean, guztiek egin dute Bilduren alde: EAk eta Alternatibak legalizazioa lortzeko jasan behar izan duten tratuak zalantzatsu askoren erabakia indartuko zuen, seguruen. Gainera, zailtasunak zailtasun —kultura mailakoak bezala, praxi mailakoak; ahantzi gabe, gerra zikina—, denborarekin normalizatuz, egonkortuz, kapital politikoa pilatuz joango da Polo subiranista.

Azkenik, Patxi Lopezen gobernuaren ilegitimotasun soziopolitikoa bera, are ageriago geratuko da, nabarmen egon ez den lekuetan beraietan. Estatuaren arrazoiari erantzunik, PP eta PSOEk EAEn duten aliantzak estutasun handiak izango ditu bere jarduera aurrera eramateko; orain artean egin dituzten ezintasun-erakuspenez eta izan dituzten porrotez gain —errealitatean, euskaragintzan, hezkuntzan, unibertsitatean, sindikalgintzan…, gizarte zibil abertzaleak ez du amore eman— kontrabotere egituratu bat izango dute aurrean. Zenbat iraungo du Lopezek Ajuria Enean? Bi urte beltzera ez da iritsiko, noski. Hori al da, Bilduren aurka bildu diren asko horiek lor dezaketen guztia? Ziklo bat amaitu da, makropolitikan. Esperimentu gaseosoak amaitu dira, mikropolitikan. Badator, arrapaladan, etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.