«Kazetaritza etiko eta kontrastatua». BERRIA Taldeko lehendakari Beatriz Zabalondok BERRIA egunkariaren funtsa zein den azaldu zuen, atzo, Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartearen batzar orokorrean, Donostian. Euskarak eta gainerako komunitate minorizatuek pairatzen dituzten «mesprezuei» aurre egite aldera, tankerako hedabideek duten garrantzia nabarmendu zuen, eta hizkuntza komunitate horien «izaera trinkotzeko» Europa mailako saretzea tresna garrantzitsua dela esan zuen. Aurrean, hain justu, beste hedabide horietako askotako kideak izan zituen, Midas elkarteko kideak, eta plaza horretan «Europako egunkari handien estandarra» betetzen duen hedabidearen izenean harro aritu zen Zabalondo, hizkuntza minorizatuetan usu gaitasuna handia dela erakusteko.
Ikusi gehiago:Argazki galeria: Midasen batzarra, Donostian
27 egunkari dira gaur egun Midas elkarteko kide. Elkarteko lehendakari Edita Slezakovak ere gogora ekarri zuen «oso garrantzitsua» dela hizkuntza gutxituetan eta eremu urrikoetan idazten dituzten egunkarien artean antolatu eta erakundetzea.
Ezin bestela, esker on hitzak izan zituen Zabalondok Martxelo Otamendirentzat, Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, BERRIAn ondoren, zuzendari aritu baita hiru hamarraldiz, eta erretiroa hartuko baitu orain. Kazetari asko «trebatu» dituela gogoratu zuen, eta kazetaritza «independentearen» alde egin duen lan handia: «Maisu bikaina izan da». Esanahiz betetako biltzarra izan da zuzendariarentzat, BERRIAren 20. urtemugarekin ere bat egin baitu, eta harenganakoak izan ziren aipamen asko. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ere, adibidez, hitz sentituak izan zituen harentzat. Otamendi bera biltzarrean izan zen, aurkezpenak egiten, eta ongietorri hitzak ere bereak izan ziren. Slezakovak ere eskerrak eman zizkion, hizkuntza gutxituei egindako ekarpenagatik.
BERRIA eta tankerako hedabideek duten garrantzia nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ere. «Mundua aldatzen ari den lurrikara digitalean» euskarak eta gainerako hizkuntza minorizatuek leku propioa izatea ezinbestekoa dela esan zuen, hedabideen aniztasuna ere zaindu beharreko altxorra dela, eta horiek horrela, Midasen tankerako sareek berebiziko garrantzia dutela. Teknologia berriekin eta sare sozialen zabalkunde handiarekin mehatxuak badirela oroitu zuen, eta behar direla BERRIAk eskaintzen duenaren gisako plazak: «Bide luzea opa dizuet».
Erakusteko ahalegin bat
Euskal Herrian hizkuntzaren biziberritzean, hedabideen arloan, eta teknologia berrien eremuan urteotan egin diren ahaleginak erakustea izan zen atzo biltzarraren xedeetako bat. Idurre Eskisabelek euskaraz dihardutenen komunitatea aurkeztu zuen: «810.000 pertsona inguru». Eta azaltzen saiatu zen zein izan den, «haize kontra egindako hautua» izanda ere, euskararen biziberritzearen alde egitera milaka andre eta gizon eraman dituen motiboa. Komunitatea eraikitzeko garaian euskarak izan duen tokia nabarmendu zuen, eta «garaiarekin hizketatzeko» sarri askotan izan den jarrera aurrerakoia.
Zailtasunak ere onartu zituen. Banaketa administratiboaren ondorioak, legeen irakurketa desitxuratuenak, aro digitalera egokitzeak dakartzan galdera handienak. Geroa lantze aldera, «desio» eta «kontakizun» berriak ontzeko bidea ere itaunez josia dagoela onartu zuen.
Baina non ikasia badela erakutsi zuten Elhuyar elkartearen izenean Josu Aztiriak eta Itziar Cortesek; adimen artifizialaren arloan egin diren urratsak aurkeztu zituzten «beldurra» kentzeko eran. Itzulpen automatikoaren bidez eta ahotsaren sintesiaren bidez, esaterako, mezuak hobeto zabaltzea lortu dute, jende gehiagorengana iristea: hobeto lan egitea. Eta BERRIAko lantaldearen izenean, xede hori bera azaldu zuten Mikel Peruarenak, Idurre Lazkanok, eta zuzendari berriak, Amagoia Mujika Tolaretxipik. Udazkenean «berrituko» dute egunkaria. «Sarean hobeto lan egiteko» izango da. Eta gutxitua izanda ere, lan handia egin daitekeela erakusteko.
Gutxitasunik gabeko gaitasuna erakutsi dute Midasen biltzar nagusian batutakoek
Euskararen eta euskal hedabideen erakusleiho izan da bilkura kanpotik etorritako hedabideentzat. Irudikatu dute geroko kazetaritza; BERRIAk izango dituen aldaketak ere bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu