Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ez du auzitan jarri atzo Ertzaintzak Ondarroan egindako lana. Are gehiago, zoriondu egin ditu, «eskerrak» eman dizkie, eta haien buru izateaz «harro» dagoela esan. «Gutxitan ikusi dugu munduan, argiz eta takigrafoz, guztien segurtasuna bermatzeko polizia batek egindako horrelako lan gardena; baita herri baten ordena publikoa aztoratzen saiatu direnena ere». Sailburuaren ustez, «jende asko, bere erresistentziarekin, Ertzaintzak jaso duen agindu judizial bat eragozten saiatu da», eta ez dute agindutakoa bete, «erresistentzia pasiboa» beharrean, «erresistentzia aktiboa» egin dutelako.
Beltran de Herediak dio Ertzaintza ez dagoela inolako alderdi politikoren esanetara, legea betearazteko dagoela, eta horretan ari dela. «Ertzaintzari eta ez dagokion erantzukizun bat bere gain hartzea nahi dute».
IÑIGO URKULLU EAEko lehendakaria
«Ezker abertzaleak alferrik tentsionatu du gizartea, eta baliabideak xahutu dira»
Ertzaintzak Alkortaren atxiloketan izandako jarrera «eredugarria» iruditu zaio Urkullu lehendakariari, eta «gizartea alferrik tentsionatzea» aurpegiratu dio ezker abertzaleari. «Erantzukizunez» jokatzeko eskatu du lehendakariak, Ertzaintza «polizia integrala» dela nabarmendu du, eta erabaki judizialak «betearazi» behar dituela. Tentsionatze horren ondorioz, Alkortaren atxiloketan «baliabide publikoak xahutu» behar izan dituztela gogorarazi dio, gainera, ezker abertzaleari.
LAURA MINTEGI EH Bilduko bozeramailea
«Euskal Polizia bat den edo Espainiakoaren adar bat den erabaki behar du Ertzaintzak»
Ertzaintzak Ondarroan «ikuskizun tristea eta penagarria» eman du Laura Mintegiren ustez, eta gogoeta egiteko eskatu dio. «Erabaki behar du euskal Polizia bat den edo Espainiakoaren adar bat». Herriak «nahikoa dela» esan ostean, Ertzaintzak «zeinen menpe» dagoen erabaki behar duela dio.
JOSE ANTONIO PASTOR PSE-EEko bozeramailea
«Ez da istilurik egon; ongi dago ongi amaitzen dena»
Ertzaintzaren eginbeharra erabaki judizialak betearaztea dela dio Jose Antonio Pastorrek, eta Ondarroan horixe egin dutela. «Hori egin du, eta, zorionez, ez da istilurik egon; ongi dago ongi amaitzen dena, beraz». Ezker abertzalean «eboluzio baikorra» ikusi du Pastorrek, erresistentzia «era baketsuan» egitera deitu duelako. Hori bai, Alkorta ez atxilotzeko eskatu izana ez zaio egokia iruditzen.
BORJA SEMPER PPko bozeramailea
«Euskadi ez da legerik gabeko oihan bat, ez da Herriko bat»
Laura Mintegik eta EH Bilduk Ondarroan erakutsitako jarrera iruditu zaio «lotsagarria» Semperri, eta ez Ertzaintzarena. Horien «profesionaltasuna» nabarmendu du, zera utzi dutelako agerian: «Euskadi ez dela legerik gabeko oihan bat, ez dela Herriko bat, non ezker abertzaleak edo ETAko edozein kondenatuk nahi duena egin dezakeen». Haren ustez, euskal herritarrek nahiago dute ertzain bat, ETAko kide bat baino.
GORKA MANEIRO UPDko bozeramailea
«Askoz lehenago amaitu behar zuen zirku honek»
«Denbora gehiegi» igaro dela eta Ondarroako «zirkuak» askoz lehenenago amaitu behar zuela nabarmendu du Gorka Maneirok. Gainera, «tamalgarria» iruditu zaio EH Bilduko hiru legebiltzarkide Ondarroan izatea.
LAB, ESK, EILAS, HIRU, EHNE
«Argazki hau eta Aietekoa bateraezinak dira»
Ertzaintzak Urtza Alkortarekin izandako jarrerak «iraganeko argazkiak» ekarri dizkie gogora aipatu sindikatuei, eta Iñigo Urkullu lehendakariari jakinarazi diote ez dela hori euskal gizarteak babesten duen jokaleku berriak eskatzen duena. «Urkulluk badaki argazki hau eta Aietekoa bateraezinak direla».
EUSKO EKINTZA
«Estatuaren morroi zintzoa da EAJ»
Atxiloketaren erantzulea nor den garbi du Eusko Ekintzak: «Atxiloketa eta bortizkeria polizialaren arduraduna estatua da, baina morroi zintzoa du: EAJ».
Aske Gunea. Urtza Alkortaren atxiloketa
«Gutxitan ikusi da guztien segurtasuna bermatzeko hain lan gardena»
Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Ertzaintza zoriondu du, eta haien buru izateaz «harro» dagoela esan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu