Istripua izan da gaur eguerdian Gasteizen, tranbia baten eta autobus txiki baten artean, eta gutxienez zazpi pertsona zauritu dira. Salburuko bulebarrak eta Varsovia etorbideak bat egiten duten tokian izan da istripua, Nikosia kaleko geltokitik gertu. Istripua arratsaldeko ordu biak aldera gertatu da, eta autobusa irauli egin da; hainbat bidaiari zihoazen barruan.
Istripua ikusi duten oinezko batzuek bidaiariak ibilgailu barrutik ateratzen lagundu dute. Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, bost pertsona eraman dituzte ospitalera; horietako lau mikrobusean zihoazen, eta bestea tranbian. Larrialdi zerbitzuek beste bi lagun artatu dituzte istripua gertatu den tokian bertan, baina ez dituzte ospitalera eraman.
Talkaren ondorioz, tranbia errailetatik atera da, eta zerbitzua bertan behera geratu da Florida kalearen eta Salburua auzoaren artean. Anbulantziak, Gasteizko suhiltzaileak eta udaltzainak istripua gertatu den lekura joan dira, eta tranbiaren linea hori eten dute.