Hiru pertsona atxilotu dituzte Lapurdin, Marieneko lurren auziari lotuta. Euskal Irratiek goizean jakinarazi dute Filipe Laskarai atzeman dutela Itsasun, eta Benjamin Charron Uztaritzen. Eguerdian, Patxi Laskarai atxilotu dute afera berarekin lotuta. Elkarretaratzeak antolatu dituzte atxilotuen sostenguz: 12:00etan, 70 bat lagun elkartu dira Uztaritzeko jendarmeriaren aitzinean, «Atxilotuak askatu» goiburua idatzita zeukan pankarta batekin, eta arratsean, 18:00etan, Kanboko herriko etxearen aitzinean egin dute elkarretaratzea. Elkarretaratzea oraino bukatua ez zela jakin da Benjamin Charron atxiloalditik atera zela. Ondoren, Euskal Irratiek zabaldu dutenez, hirurak atera dira. Auzia otsailean izanen dutela erran liekete.
[🔴 AZKEN ORENA]
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) October 2, 2024
Filipe Laskarai itsasuarra atxilotu du Frantziako poliziak. Bere etxean agertu dira 6:00etan, eta etxea mihatu diote. Uztaritzeko polizia etxera eraman dute.
Marieneko lurren defendatzaileek Kanboko herriko kontseiluan apirilean egin protestaldiari lotua da. pic.twitter.com/3Hj51w7h1o
Apirilean Kanboko herriko etxean izan ziren tirabirekin lukete lotura atxiloketa horiek, irrati sareak zabaldu duenaren arabera. Marieneko lurren defentsan, laborariak eta Ostia kolektiboko kideak herriko kontseiluan sartu ziren, eta, jendarme, manifestari eta hautetsien arteko tirabiran, Christian Deveze auzapeza lurrera erori zen.
Polemika handia sortu zuen gertakariak, eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren, Baionako prokuradorearen eta hautetsi batzuen salaketak etorri ziren berehala, «errepublikako hautetsiekin» izandako «jokaera bortitz» horiengatik. ELBk, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herria Kanboko talde abertzaleak berehala erantzun zuten beren bertsioa emanez, eta nahaskeria sortzea leporatu zieten.
Laboraria da Charron; Laskarai, berriz, martxoan epaitu zituzten Ostiako lau kideetarik bat da. 2022ko abenduan, Marieneko proiektuan promotore den Bouyges enpresaren Angeluko egoitzan lurra, lastoa eta ura botatzea eta pegatinak itsastea leporatu zieten auzipetuei.
Uztaritzen eguerdian egindako elkarretaratzean, Nahi Dugun Herria Kanboko talde abertzaleko hautetsi Argitxu Hiriart-Urrutik erran du herriko etxearen bilkura hartan ez zela bortizkeriarik izan: «Auzapezak [Christian Devezek] bazekien laborari horiek joanen zirela, eta ez zuen ezer egin; erabaki zezakeen herriko kontseilua ateak hetsirik egitea, eta ez zen deus gertatuko. Halarik ere, bi orenez han ez zen sekula izan hitz larririk, ezta keinu gaiztorik ere. Erraten dute bortizkeria izan zela; guk erraten dugu ezetz».
Lurzaindiko kide Dominique Amestoik ere erran du herriko etxean izandako ekintzak ez zuen «deus gaiztorik» izan. «[Auzapeza] gaitzitua izan da. Ikusten du Marieneko borroka galtzen ari dela, ez da besterik». Ukatu egin ditu bortizkeria erabili izanaren salaketak. «Bortizkeria laborariok jasaten dugu, lurrak kentzen dizkigutelarik estakuru faltsu batzuekin». Hautetsi zenbaiten «konplizitatea» ere salatu du. «Marienea zer da azkenean: Aviron Bayonnais errugbi taldearen inguruko lagun batzuen proiektua. Nahi izan dituzte beren sakelak diruz bete laborantzaren bizkar. Kanbon bada etxebizitza egiteko posibilitate anitz Marienea hunki gabe».
Dei auziaren beha
Gaur egun, auzitegietan dago afera, Kanboko hirigintza planaren eta Bouygues enpresari emandako eraikitzeko baimenaren kontra helegiteak jarri baitzituen CADE elkarteak. Irail bukaeran iragan zen dei auzia Bordeleko administrazio auzitegian. CADEkoek eta Lurzaindikoek defendatu zuten laborantzarako erabilgarriak direla Kanboko lur horiek; Euskal Hirigune Elkargoko abokatuak, ordea, hala direla ukatu zuen.
«Argi da gaia minbera dela», adierazi du Hiriart-Urruti. Maiatzean, egun osoko egitaraua antolatu zuten Kanbon, eta hirigintza proiektua gelditzeko bururaino joateko prest agertu ziren. «Militanteak prest dira blokeatzeko. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei ere galdetzen diegu eginahala egin dezaten laborantzako lur horiek ez daitezen eraikigarriak izan. Galtzen baditugu Marieneko lur horiek, guretzat biziki marka txarra izanen da».