Klima aldaketa

Gutxienekoen akordio bat lortu dute Liman, Parisen itxaropenari eusteko

Ia ezertara behartzen ez duen gutxienekoen akordio bat lortu dute, azken-azken orduan, Limako klima aldaketari buruzko goi bileran.

Manuel Pulgar-Vidal Peruko Ingurumen ministroa eta Gonzalo Gutierrez Atzerri ministroa, akordioa erdietsi ostean, bostekoa ematen. EFE
inaki petxarroman
2014ko abenduaren 15a
15:47
Entzun

Limako klima aldaketari buruzko goi bilera, COP20a, akordioarekin amaitu dute azkenean. Abenduaren 1etik 196 herrialde eta 10.500 ordezkari bileran egon dira Peruko hiriburuan, planetaren etorkizunari buruz hizketan. Akordioa lortu da, baina konpromisoak hain dira eskasak, ezen Parisen 2015ean egin beharreko goi bileran Kyotoko protokoloaren ordezko bat lortzeko itxaropen askorik ez dago edukitzerik.

Igande goizaldean iritsi ziren akordio batera NBEko herrialde guztiak. 37 orriko testu bat adostu dute, baina bileran izan diren ezadostasun puntu nagusiei gainetik baino ez diete heldu azken agirian. Alegia, NBEko Klima Aldaketaren aurkako Hitzarmen Esparrua salbatzeko egindako ahalegin bat egin dutei, Parisen gertatzen denaren zain.

Hitzartu dutenaren arabera, 2015ean zehar herrialde guztiek —eta ez aberastuek bakarrik— aurkeztu beharko dizkiote NBEri klima aldaketari aurre egiteko hartzeko prest dauden konpromiso zehatzak. Herrialde aberastuak izan dira, eta dira gaur egun ere, erregai fosilen erabilerarik handienaren, eta, klima aldaketa eragiten duten gasen isurketa handienaren eragileak. Hori hala izanik ere, beste herrialde batzuk —Txina, India eta Brasil nagusiki— gaur egun oso isurle handiak dira.

Bestetik, herrialde pobretuek etengabe eskatu diete konpromiso zehatz bat herrialde aberastuei gai baten inguruan: Funts Berdean dirua jartzea. Jakina denez, Funts Berdea klima aldaketa eragiten dituen ondorioei aurre egiteko herrialde pobretuek egin behar dituzten inbertsioetarako sortutako funts bat da. Baina, herrialde txiroen arabera, funts horretan bereziki herrialde aberastuek jarri behar dute dirua, haiek direlako klima aldaketaren eragile nagusiak. Liman ez dute horri buruzko akordio zehatzik lortu. Dirua jartzearen inguruko konpromisorik ez, bakarrik diru partidak handitzeko dei orokor bat adostu dute testuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.