Europako hauteskundeen ondoko bigarren merkatua, Baiona iparreko Gaskoien plazan. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak legebiltzarra desegin eta hauteskunde berriak ekainaren 30erako deitu ondoren, hauteskunde berrien kanpainako lehen astea da. Usaiako giroa da. Adineko auzotarrak lehenak dira orgatxoak eskuetan erosketa egiten ari direnak. Beste batzuk kafea hartzen ari dira terrazetan.
Arabieraz edo gazteleraz elkar agurtzen duten auzotarren lehen ostatura bildu, eta nehork ez ditu aipatu nahi hauteskundeak, eskuin muturraren emaitzak eta heldu denaren mentura. «Joko eremu horretatik kanpo gara». Beste aldera begiratu, urrundu edo burua apaldu dute batzuek eta besteek. «Jendeari berdin zaio hemen».
Beste eskualdeko ostatuan jendea frantsesez ari da. Hor ere ez dute gogorik prentsan agertzeko, baina fite atera dira eleak. Eztabaida sortu da haien artean eta denetarik atera da. Nahas-mahas. «Politikari handi guziek ez dakite zer den» hilabete bukaeran sos bakoitza kontatu behar duten jendeen bizia; «gasa emendatu da, elektrika emendatu da, badakizu zer bizi dugun guk?», galdetu du batek.
Eskuin muturraren zale bat bada taldean, Frantzia Intsumisoa ikusten ahal ez duena. Zehaztu nahi izan ez duen jende bat seinalatu du «erraztasun handiegiak» lituzkeena. BFM telebistako erreportaje bat aipatu du gero. Beste batek hala bota du: «Jendeak erraten du: 'ezkerra izan da boterean, eskuina ere, zentroa ere. Eskuin muturra ez dugu oraino saiatu'».
Bizi baldintzen arazoa aipatu zuen lehenak klase sozial ezberdineko auzoen arteko desoreka aipatu du, gehiago. «Zezen plazako auzoan zerbait seinalatzen dutenean, berehala egina da; hemen delarik, ontsa axolatzen dira, to!».
Oro har solaskide guziak okaztatuak dira Macronekin. Horretan denak ados dira. «Atzo, telebistan Macronen ekipoa bazen erraten ari: ‘Hau eta hori eginen dugu’. Baina zer kontatzen duk? Badik zazpi urte hor haizela, eta ez duk deus egin! Orain zaflakoa bildu duk, eta negarretan ari haiz?».
Baina aspaldiko terrenta batekin nahi izan dute bukatu: «Laburbilduz idazten ahal duzu politikari guziak ustelak direla!».
Baiona iparreko auzoetako bozkalekuak parte hartze apalenekoak dira. Europako azken hauteskundeetan, Gurutze Sainduko edo ZUPeko Malegarie bozka bulegoan izan da abstentziorik gorena: %69koa. Gaskoien plaza ondokoan, %63,33koa. Zezen plazako klase aberatsekoa auzoan, berriz, parte hartzea %60-62koa izan da.
Gau bateko ikara
Karim eta Nadia, elkarte eragileak dira Baionako Iparreko Gurutze Sainduko auzoan, ZUPeko eraikin goretan. 4.000 biztanle inguruko eraikin multzoa da. Jatorri eta kultura anitz bizi diren auzoa da, jakinik hirugarren edo laugarren belaunaldia dela bertan handitzen dena. Ez du kentzen eskuin muturraren jomugan izan daitezkeen lehenak direla.
Ekainaren 9ko Europako bozen emaitzekin kolpe handia bildu zuten biek. Nadiak «biziki arranguraturik» ikusi ditu Europako hauteskundeetako emaitzak eta eskuin muturra lehen izatea. Gaur egungo egoera jada «hauskorra» delarik. Hauskorra munduan, eta auzoan berean ere; besteak beste, egoera ekonomiko zailagatik. Gehiago dena, auzoak ez du ahantzia duela zenbait hilabeteko trauma, joan den urriaren 14an 27 urteko gizon bat tiroz hil baitzuten karrikan berean.
Karim «harriturik» gelditu zen bozen emaitzen aitzinean; «zur eta lur» egon zela aitortu du. Inkestek iragarri bazuten ere esperantza zerbait bazeukan bere baitan, oraino. Inarrosaldia handiago egin zaio ikusi duelarik eskuin muturra lehen zela denetan, eta ez bakarrik jada gora zen eskualdeetan. Macron lehendakariak disoluzioa iragartzeak «hondarra etsiturik» utzi du Karim; «47 urte ditut, eta lehen aldia da zinez Batasun Nazionala boterean irudikatzen dudala, beldurtzen nau». Orduan, biziko zailtasun handienetan direnei pentsatu du berehala. «Lan egiten dugun auzo honetako jendeak eta auzo popularretako biztanleek dute lehenik pairatuko» eskuin muturraren politika.
Hastapeneko «gohaindura» hura, geroztik, «jendea bozkatzera joatera bultzatzeko motibazio» bilakatu zaio, halere Karimi. «Auzotarrekin gehiago aipatzen dugun gaia da, azken egunetan».
Urteetako etsimendua
Are gehiago abstentzioa handia den auzoa delarik. Karim ez da harritu berriz ere bozkatzaile kopuru apala ikusi duelarik, auzoan. «Iduritzen zaie ez dagokiela haiei» bozetan parte hartzea, ez dela haientzat egina. Nadian gehitu du «legitimitate» arazo bat sentitzen dela.
Jatorri sozialak eta burasoen herri jatorriak eragiten balu bezala da. «Alta frantsesak dira, Baionan sortuak, Euskal Herritarrak, baina hauteskundeak urrunekoak zaizkie». Barneratua duten etsipen bat balitz bezala deskribatu dute bi elkarte eragileek. «Ezinbestea, halabeharra» zaie. Duten kinka soziala ikusita, gobernua edozein izanik ere, Nadiak sentitzen du auzotarren ustetan ez litzatekeela aldaketa handirik. «Dagoeneko ez direnez kontuan harturik».
Gehiago dena, Baionako Iparreko auzotar horiek arrazakeria aspaldian bizi dutela iduritzen zaie. «Haurretik, egunerokoa zaie arrazakeria». Non eta nola agertzen zaien deskribatu du Karimek: «Eskolan, kolegioan, lanean, eskubideen betearazteko unean». Datu adierazgarri bat eman du. «Langabezia heina so egiten duzularik 16-25 urte arteko gazteetan, Ipar Euskal Herrian: %10-12 inguru da. Gurutze Sainduko auzo honetan, bikoitza da; %25ez goitikoa ere da».
Horiek horrela, Karimi ez zaio iduritzen arrazakeria horrek gehiagokorik beldurtzen dituenik. «Ez dira gu bezain beldur horrekin. Aldi berean ulertzen ditut; gaurkoa ikusita, zer arriskatzen dute gehiagorik?». Bizitegia lortzeko zailtasunak dituzte, lanarentzat berdin. Ikasketetan ere, auzoko gazteek goi ikasketetarako beren burua ez dutela legitimo ikusten kontatu du Karimek. «’Ez da guretako!’ erraten dute».
Gainera, Nadiak kultura eta jatorri anitz ongi nahasten diren auzoa deskribatu du. «Jatorri anitzen arteko elkarbizitza bada hemen. Diskriminazio ekonomiko bera bizi dute».
Baionako Iparreko bi elkarte eragileek beste kezka bat badute: eskuin muturreko jende batzuek bortizkeria erabiltzen dute. Karimek ez du ahantzia Baionako meskitan izan zen hilketa saiakera. «Batasun Nazionaleko hautetsi batek egin atentatua izan zen, komunitate baten kontra». Horri gehitu behar zaio, Frantziako Poliziak auzoko gazteen aldera erabili «estigmatizazioa». Polizia nazionala eta udaltzaingoa egunero iragaten da auzotik, eta kontrolak egiten dituzte maiz, bi eragileek erran dutenez. «Joan den aldian, Aid eguna zen, eta gazteek ospatzeko barbakoa egiten zutelako jakinarazi dituzte». Nortasun-agiri kontrolak, miaketak geldi-geldi bizi dituzte. «Batzuetan, bortitzak».
Nadiak eta Karimek badute esperantza jendea bozkatzera joanen dela, eta «hiru asteren buruan ez garela horretan izanen».
Borondate politiko falta
Fabien Nogue Graines de Liberte elkarteko arduraduna da. Badu hamar urte Gurutze Sainduko eta Habaseko auzotarrekin lanean ari dela kultura eta gizarte egitasmoa muntatzen.
Hautetsiekin bizi dituzten zailtasunak aipatu ditu. «Hautetsi direnean, duten arazo bakarra hauteskundeak dira, eta lanpostu batzuk. Ikusiz 40-50 urte badituela hola dela, momentu batez desegiten da». Gizarteaz mintzo da.
Gizartean zabaldua den arrazakeria, huts politiko historiko baten emaitza zaio Nogueri. Ez da sekula zinez landu, haren ustez. «Esperantza zerbait izan genuen [Francois] Mitterranden garaian, arazoa sakonki landuko zela, baina ez da egin. Hori da izugarria! Hitza eman zen, baina ez da bete. Itxuran egon dira, marketinean. Immigratuen eta haien haurren gaia ez da landu, eta zenbait urte berantago zapart egin digu begitartean. Gaurko gazte horiek ez dakite gehiago non diren».
Heziketaren mentura
Heziketa demokratikoan sinesten du elkarte arduradunak uste horri buru egiteko. Helburua du eremu bereko eragileak biltzea: hezkuntzakoak, sozialak, karrika hezitzaileak, elkarteak, burasoak, gazteak.
«Hemen aukerak badira, oso indartsuak; hasieran uste nuen baino gehiago», aitortu du Noguek, 4.000 biztanle izanagatik bizitegi bloke zerrenda batean. «Anitz da, baina ez gara beste hiri batzuetako 60.000-80-000 biztanleko auzoaldean». Arkitekturak egin du jendea bata bestearen gainean bizi dela. «Eraikuntzan berean bada zerbait desjendetzen duena, eta hori hor da. Baina topatzen dugun jendearekin badira gauzen eraikitzeko aukerak, ate irekiak».
Bizkitartean, horretarako heltzeko ahal eskasia du partida elkarteko arduradunak. Alor anitzetako elkarte gehiago behar lirateke, haren ustez, jende trebatu eta profesionalarekin. Horretarako, hautetsien borondate politiko argia behar behar litzateke, eta, horrekin, eragile guzien arteko «sinergia».
Hiri hezitzailea programaren adibidea eman du Baionako sinergia eskasa irudikatzeko. Laguntza programak dira, langile auzoetan heziketa eskaintza osatuak eskaintzeko. Noguek dio, Baionan, Herriko Etxeak duela eskuetan hartu. «Ez zaie elkarteei jin. Tokiko hautetsiek dute bereganatu. Talde lanak eta partaidetzak sor zitzaketen horren eramateko, baina ez, hemen ez da hola gertatu».
Urtean estatutik jin 300.000 euroren laguntzak dira. Udaletxeak du erabaki nori, nola eta zer baldintzatan banatu. «Ahalak badira, baina sinergiarik ez. Azkenean, bakoitzak bere sos puska hartzen du, baina ez da funtsezko energia kolektiborik sortu, beste maila bateko dinamika plantan emateko».
Graines de Libertek bere aurrekontua badu; beraz, askatasun bat badu bere egitasmoen eramateko. Bizkitartean, Nogue damutzen da Herriko Etxeak zedarritu bidean trabak sortzen dizkietelako. «Haien eremuan sartzen zarelako, eta haiek bere burua laudarazi nahi dutelako hautesleei begira, zure egitasmo batzuk trabatuko dituzte. Ondorioz, ez da energia kolektiborik».
Lan horietarako gaitasun falta ere ikusten du. Maluruski, Herriko Etxetik, adiskidantzazko lanpostu eskaintzak ikusi ditu, «horretarako gaitasunak ez dituzten» jende batzuei. Ondorioz, hautetsi erabakitzaileen «hautesleak ez diren» auzotar batzuk «bazter utziak» direla uste du.