«Tratamendu bortitza» ematea egotzi dio Gehituk Gurutzetako Genero Identitatearen Unitateari

Transak eta ez-binarioak psikiatriatik igarotzera behartzen dituztela salatu du LGTBI taldeak, eta jardun hori protokolotik kentzeko eskatu du.

LGTBI MUGIMENDUA
LGTBI mugimenduaren mobilizazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 20a
19:30
Entzun

Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Genero Identitatearen Unitatearen jarduna kritikatu du Gehitu elkarteak. Transei eta ez-binarioei «tratamendu bortitza» ematea egotzi dio LGTBI taldeak erietxeari, eta eskatu du pertsona horiek ez daitezen protokoloz bideratu psikiatria sailera. Unitatean erabiltzen dituzten irizpideak ere auzitan jarri ditu.

Trans Memoriaren Egunaren harira egin dute agerraldia gaur, Donostian. Euskal Autonomia Erkidegoan transexualak artatzen dituen unitate bakarra da Gurutzetakoa. Bertatik igaro diren hamazortzi laguni inkesta bat egin die Gehituk, eta hortik ondorioztatu dute unitatera iristen diren «pertsona guztiak derrigortuta» daudela psikiatria sailetik igarotzera, «hormonazioa, sexua aldatzeko ebakuntza edo antzeko prozesuak aurrera eraman nahi badituzte», Izei Etxeberria eta Alex Iturralde kideek azaldu dutenez.

Gurutzetako psikiatraren jarrera ere kritikatu dute. Gehituko kideen arabera, psikiatrak esaten du badela «trans moda bat», eta bere gain hartzen du «trans errealak bereizteko» ahalmena; hala, bertara joandako pertsonak «gezurtitzat» hartu izan dituela salatu dute, eta haien identitateak «kapritxotzat edo nahasmentzat» jo dituela. Era berean, Gehituk salatu du endokrinologia zerbitzuan hormonak hartzea «eragozten» dietela lodiei «arrazoi estetikoengatik», eta presioa egiten dietela argal daitezen.

Hortaz, taldeak eskatu du Gurutzetako ospitaleko unitate horretan lan egiten dutenek trebakuntza berariazkoa izan dezatela, transexualen, ez-binarioen eta intersexualen errealitateen berri izan dezaten. Osakidetzak «murrizketak etetea» ere galdegin dute: «Ez baldin badago ez dirurik, ez giza baliabiderik eta ez baliabide materialik, ezin da kalitatezko arretarik eman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.