Ordu gutxi igaro dira hauteskundeen emaitzak jakin direnetik, eta koalizio abertzalean hasiak dira zabalduko diren negoziazioetarako lekua hartzen, mezu argi batekin: «Herri mandatu bat dago», eta hura betetzeko «ezinbestekoa» izango da EH Bildu.
EH Bilduk bere historiako emaitzarik onena lortu du, baina zertarako izango dira gai 27 jesarleku horiek gobernabideari begira?
Kanpainan esan dugun mezu batek hartuko du garrantzia egoera honetan: herri mandatua entzuten eta irakurtzen jakin beharko dugu denok. Hainbesteko indarrez gora egin duen indar politikoari bizkarra emanda ezingo dute gobernatu herri hau, orain arteko gobernu ereduek erakutsi duten moduan, alegia. Bai, agian beste lau urtez iraunarazi ahalko dute formula hori, baina herriak ez du saritzen eredu hori jadanik; eta, beraz, uste dugu unea iritsi dela beste eredu batez gobernatzen hasteko, gai ezberdinetan itun ezberdinak lortuta indarren artean. Espero dugu mandatu hori irakurtzeko gai izango garela denok, eta ez diogula gure zilborrari begiratuko soilik.
EH Bilduk baztertu egin du gobernu akordiorik proposatzea EAJri, PSE-EEri edo biei batera?
Argi esan genuen lehen indarrari utziko geniola dinamika hori abiatzen, eta EAJri dagokio lehen deiak egitea eta borondateak zundatzen hastea. Beraz, zain gaude; haien txanda errespetatuko dugu, eta, elkarrizketa horiek zer bide hartzen duten ikusi ondoren, guk ere erabakiko dugu non eta nola kokatzen garen.
EAJ da lehen indarra botoetan, baina eserlekuetan berdinduta zaudete, eta Gipuzkoan 1.370 botora zaudete beste bat lortzeko helburutik. Esperantzarik bai atzerriko botoarekin?
Aukerak egon badira, eta badakigu Gipuzkoan atzerriko botoa garrantzitsua izan dela azken urteetan, baina egia da atzo 500 ingurukoa zela aldea, lehen balorazioa egin genuenean, eta 1.300dik gorakoa da orain. Horrek aldatu egiten du egoera, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Dena den, ez dugu euforiaz itxaroten zenbaketa hori.
Emaitzak ilusioa sortu du EH Bilduren boto emaileen artean, baina frustrazioa ere sor daiteke ikustean EAJk eta PSEk gehiengo absolutuarekin goberna dezaketela?
Beti sor lezake frustrazioa horrek, baina ilusioaren mezuarekin batera pazientziarena errepikatu dugu etengabe egunotan. Badakigu joera berriak aurrera jarraitzen duela, eta hauteskundez hauteskunde errepikatzen ari dela EH Bilduren goranzko joera. Guk gure onena emango dugu ilusioa ez dadin eten. Gobernagarritasuna gauza bat da, eta emandako hitza betetzen ote den, hori beste bat, eta kontua ez da bakarrik nork gobernatzen duen, baizik eta zer eragin esparru duen bakoitzak, eta guk eragingo dugu. Udal mailan, nazio osoa aintzat hartuz, EH Bilduren alde egiteak gauzak aldatzen dituela ikusi da, eta denak elikatzen du aldaketa.
Gipuzkoan eta Araban irabazi egin duzue, baina Bizkaiak eman dio eusteko aukera EAJri. EBBk hautagai bizkaitar bat aurkeztu izana ere ez da kasualitatea izango, ezta?
Bizkaiko zerrendakidea naiz ni, Bilbon bizi naizelako, eta esan genuen Bizkaia boto gehien mahairatzen duen herrialdea dela. Aspaldikoa da Bilbo Handiko gure kideek egindako analisi bat, zeinak garbi esaten baitu handik ere landu behar dela estrategia bat, menderaezina ematen duena apurtzeko. Eta goranzko joera du eremu horretan ere EH BIlduk, baina agerikoa da biztanle gehien duen herrialdeak lanketa berezi bat behar duela, indar berezi bat eskaini behar zaiola. Ez dut esango gainditzeko dugun edukia dela, baina argi dago Bilbo Handiko bizkaitarrek eskatzen dutela aldaketara gehitu daitezen ahalegin berezi bat egitea, behin probatzen duenak bai baitaki EH Bilduk gobernatzearen aldea zein den.
Parte hartzeak ere gora egin du nabarmen, eta hori bada aldagai funtsezko bat EAJren emaitza azaltzeko.
Bai, gora egin du, eta parte hartzea handitzea albiste ona da. Aktibazio hori ikusteak poztu egiten gaitu, jendeak bozkatzen duena bozkatzen duela ere, jendeak sentitzen baitu garrantzitsua dela bozetan parte hartzea.
Estatus berriaren eztabaida abiatuko da laster; posible ote da akordio bat egitea gobernua osa dezakeen indar batekin, eta bestearekin bestelako itunak egitea? Horrela bete daiteke herri mandatua?
Egingarria da, eta egin behar dugu. Berriro diot: gobernagarritasuna modu askotara egin daiteke. Legegintzaldi honetako eztabaida garrantzitsuen gainean gure ekarpena aintzat hartuz gobernatzeko modua hor dago. Ez dugu zalantzarik: gu izango gara herri mandatuaren bi ardatz nagusiak mugiarazteko eta erdigune politikoan kokatzeko indar politikoa.
Estatus berriaren auziari buruz zer diozu?
Indarrez sartuko gara eztabaida eta lanketa horretan; horretarako konpromisoa dugu, eta orain baldintza izugarriak ditugu indarrez egiteko. Eta politika ezkertiarrei dagokienez, asko egin dezakegu. Aurreko legealdian ere erakutsi dugu adostu daitezkeela eduki batzuk, eta, ez badira bi alderdi ados jartzen beste guztiei bizkarra emanez gobernatzeko, landuko ditugu herri honetako gai garrantzitsuak, Osakidetzatik hasita. Osakidetza ezingo da zutik jarri 27 eserleku dituen indar bat bazterturik eta herritarrak bazterturik.