Isabel Salud. Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusia

«Guretzat, ezkerraren batasuna beti hautu estrategikoa izan da»

IX. batzarra egin du Ezker Anitza-IUk Barakaldon; Ahal Dugu-rekin egindako koalizioa ontzat emateaz gain, «neoliberalismoaren kontrako bloke politiko eta soziala» osatzea proposatu dute bilkuran.

gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean IX. batzarra egin zuen Ezker Anitza-IUk Barakaldon (Bizkaia). Koalizioak iraganean egindako beste batzar batzuekin alderatuta, lasai antzean joan zen bilkura: zuzendaritza osatzeko zerrenda bakarra aurkeztu zen, ordezkarien %95ek horren alde egin zuten, eta kudeaketa txostenak, estatutuek eta dokumentu politikoak jasotako babesa botoen %90 baino handiagoa izan zen.

Batzarrean Isabel Salud (Sant Climent de Llobregat, Katalunia, 1961) aukeratu zuten berriro Ezker Anitza-IUko koordinatzaile. Lehenago ere ardura horretan aritu da, 2012an Mikel Aranak dimisioa eman zuenetik; horretaz gain, Espainiako Kongresuko diputatua ere bada Salud.

Badirudi batzar lasaia izan dela, ezta?

Bai, hala izan da. Giroa oso ona izan da, eta aurkezten genuen balantzea ere ona zen. Kontuan izan Ezker Anitza gisa duela bost urte sortu ginela, 2012ko urtarrilean, oso egoera zailean, haustura batetik eta ustelkeria kasuek zipriztindutako erakunde batetik gentozelako. Gure soslai politikoa berreskuratzea eta erakundea abian jartzea egokitu zitzaigun. Hauteskundeetan Eusko Legebiltzarretik kanpo gelditu ginen, Mikel Aranaren dimisioa etorri zen geroago, eta, oro har, garai zaila izan zen. Baina ahaleginak ugaldu genituen, kalean egoteko eta gure proposamenak ikusarazteko.

Duela urte batzuk zuen batzarrak askoz gatazkatsuagoak ziren. Atzean gelditu dira garai haiek?

Bai, gainditutzat ematen dugu aro hori, eta, orain, oso baldintza onak ditugu aurrera egiteko. Azken urteotan, ez dugu barne gatazkarik izan: adibidez, zuzendaritzan erabaki gehienak adostasunez hartu ditugu, eta oso gutxitan egin ditugu bozketak. Aro ona bukatu dugu, eta orain hazten jarraitzeko moduan gaude.

Honekin, osatuta gelditu al da zuzendaritza taldea?

Batzarrean zuzendaritzaren %60 aukeratu dugu. Falta den %40 lurraldeka aukeratuko da, pentsatzen dugulako herrialde bakoitzean errazagoa dela jendea ezagutzea, eta sufragio unibertsalez aukeratuko dira, hau da, izena eman duten guztiek izango dute botoa emateko eskubidea.

Zuen esparru politikoan aspaldiko berrikuntzarik handiena Ahal Dugu-rekin egindako koalizioa izan da. Batzarrak ontzat eman du hori?

Bai, ontzat jotzen dugu, eta ez soilik koalizioak Ezker Anitzari Legebiltzarrean sartzeko aukera eman diolako. Guretzat, ezkerraren batasuna hautu estrategikoa izan da beti. Egia da Elkarrekin Podemosek 11 legebiltzarkide lortu zituela, eta gehiago espero genuela, langa oso goian zegoelako bi aldiz EAEko lehen indarra izan ondoren. Baina ezkeralternatiboak Eusko Legebiltzarrean inoiz izan duen parlamentario kopururik handiena dugu orain, eta aurrera begira aukera ematen digu lanean jarraitzeko eta bloke politiko eta sozial berria sortzeko.

Espainian, Izquierda Unidako koordinatzaile federal Alberto Garzonek kexa egin du Podemoseko zenbait buruzagik IUri ematen dioten tratua dela eta. Zuen kasuan, aldiz, ematen du Ezker Anitzaren eta Ahal Dugu-ren arteko harremanak onak direla.

Gure arteko giroa ona da, Madrilen ere bai; ni Espainiako Kongresuko kidea naiz, eta ikusten dut lantaldeetan-eta giroa ona dela. Arazoa izan da tartean beste aldagai bat sartu dela, alegia, Podemosen batzar nagusia, Vista Alegre II deitu duten prozesua. Guk, ezin bestela izan, errespetu handiz ikusi dugu prozesu hori, baina bazirudien bi aldeek IU erabiltzen zutela haien arteko liskarretan, eta, horregatik, Albertok [Garzon] gutun ireki hori eman zuen argitara. Hori izan da arazo guztia; hortik aurrera, harremana ona da. Eta hemen [EAEn] ere bai, badirudielako Podemosen batzarrak sortutako iskanbila horren oihartzunak ez direla honaino iritsi. Pentsatzen dut Podemosen batzarraren ostean ura bere bidera itzuliko dela.

«Kapitalismoaren eta neoliberalismoaren kontrako bloke politiko eta soziala» eraikitzeko beharra aipatu duzue batzarrean. Zeinek osatuko lukete bloke hori, zuen ustez?

Irabazi koalizioa sortu zenean, programa bat zedarritu genuen, eta horren inguruan biltzeko deialdi zabalak egin genituen. Deialdi hori zuzenduta zegoen politika egiteko beste modu bat dagoela uste dutenei, modu zabalean. Ez ginen sozialismoaz edo komunismoaz hitz egiten ari, gehiengoaren aldeko politikez baizik. Eta pentsatzen dugu horren inguruan jende asko ados egin daitekeela: norbanakoak, eragile sindikalak, gizarte mugimenduak eta abar.

Eta ezkerreko beste indar politikoek lekurik izango lukete bloke horretan?

Guk diogu bloke horrek adar bi izan behar dituela, bata gizartean eta bestea erakundeetan, eta biak loturik daudela. Beraz, pentsatzen dugu instituzioetan badagoela modua ezkerreko indarrak batera aritzeko, eta [Eusko Legebiltzarrerako] hauteskundeak egin eta atoan guk, Ezker Anitzak, proposamen hori egin genuen: EH Bildurekin eta PSE-EErekin alternatiba bat eraikitzea, bazegoelako horretarako gehiengoa, gobernua osatzeko ideia baztertu gabe. Arazoa izan zen PSE-EEk zein EH Bilduk EAJrekin negoziatzea lehenetsi zutela, baina gehiengo hori hor dago oraindik. Zure galderara itzulita, guk uste dugu baietz, bloke horrek adar bat izan behar duela instituzioetan, legeak instituzioetan egiten direlako.

Sektore batzuek ez dituzte oso ondo hartu, Sarek antolatutako manifestazioan Ezker Anitzak parte ez hartzeko erabakia baino gehiago, erabaki hori arrazoitzeko eman zenituzten argudioak. Zuk zeuk esan zenuen «Sorturen agendan» zegoela mobilizazio hori. Benetan hala dela uste duzu?

Gauzak esateko moduetan ez dugu beti asmatzen, eta norbait minduta sentitu bada adierazpen horiengatik, barkamena eskatzea baino ez dagokigu, hori ez zelako gure asmoa. Guk adierazpen horiekin zera esan nahi genuen: beste batzuetan parte hartu dugu horrelako manifestazioetan, eta ikusi dugu eszenaratzea oso ezker abertzalearena izan dela; gure jendea ez da hor eroso sentitu. Badakit hori aldatzea zaila dela; ni PCEko kidea naiz, eta badakit ikurrek eta sinboloek garrantzia dutela, baina gu giro horretan ez gara eroso sentitzen.

Bigarren arrazoi bat ere badago: guk uste dugu ezinbestekoa dela eragindako oinaze injustua aitortzea. Ez naiz ari kristauen barkamenaz, ezta garaile eta garaituen dinamikaz ere. Giza eskubideen ikuspegitik ari naiz, jarduera politikoan indarkeria terrorista ezin dela erabili onartzeaz, inoiz berriro horrelakorik gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.