Aland uharteak, Finlandia eta Suedia artean kokatuak, Finlandia dira ofizialki, baina autonomia zabala dute. 6.500 irla elkartzen dituzte; horien artean, hirurogeitan bizi da jendea. Orotara, 28.000 herritar bizi dira hor, eta suediera mintzo dute. Lehen autonomia estatutua 1921ean ukan zuten. Diputatu bakarra dute Finlandiako Parlamentuan: Elisabeth Naucler, 2007tik. Independentea da. Beren adibidea azaltzera etorri da Naucler, Autonomia Eraikik asteburu honetan Baionan antolatu foruaren karietara.
Finlandian Alandeko ahotsa zarela erran daiteke?
Bai, denbora guztian Helsinkin naizen bakarra naizelako. Eta egia erran, batzuetan gehiegi zait, uste baita nik ditudala denak ordezkatzen. Mintzo naizelarik pentsatzen dute gobernua, parlamentua, gazteak... uharteetako interes guztiak ordezkatzen ditudala.
Aland uharteak txikiak izanik ere, autonomia mailan eredu bat izan daitezke, ezta?
Nire ustez, ez da eredurik. Adibideak daude. Aukerak, beharrak, historiak beti desberdinak dira. Jugoslavian bada txiste bat, serbiarren eta kroaziarren artekoa azaltzeko. Hauxe erraten genien: «Zuen arazo handiena da elkar ulertzen duzuela, hizkuntza bera mintzo duzuelako». Gure kasuan, autonomia linguistikoa da. Suedierak eta finlandierak ez dute deus ikustekorik. Horrek egin du berme guztiak eskuratu ditugula Genevako Nazioen Sozietatean, 1921ean. Hizkuntza segurtatzeko.
Autonomia mailan, nola funtzionatzen duzue?
Gure autonomian interesgarriak izan daitezkeen xehetasun txiki eta mekanismo anitz daude. Horiek bai, horiek eredu izan daitezke. Adibidez, Alandeko ordezkaritza daukagu. Finlandiako Parlamentuko lege guztiek delegaziotik pasatu behar dute. Irletako gobernadorea da presidente. Hau Finlandiako presidenteak izendatzen du, baina Alandeko Parlamentuarekin izenpetuakordio baten ondoren. Akordiorik ez bada lortzen, presidenteak parlamentuak aurkeztu hautagaietako bat hautatu behar du. Usu diot munduko leku bakarra garela non gutxiengoak eragin dezakeen gehiengoaren ordezkaritzan. Finlandiako presidenteak beto eskubidea dauka, baina arauak biziki zorrotzak dira.
Finlandiako legeei begira, zer eskumen daukazue?
Antolatu sistemari esker, Aland-eko Parlamentuak legea interpreta dezake. Usu gertatzen da Finlandiako presidenteak betoa jartzea; muga lausoa da. Zaila da jakitea zein den gure eskumena eta zein ez. Berriki Finlandiako Parlamentuak lege bat pasatu du loteriari buruz. Baina hori gure eremuko kontu bat da. Presidenteak Finlandiako lege hori Gorte Gorenera eraman du. Eta, ondorioz, lege hori ez da pasa gurean. Lehen aldia izan da gure historian Finlandiako lege bat Gorte Gorenetik pasatu izana eta gorteak erabaki izana gai hori Aland-eko Parlamentuaren eskumena dela. Hori garaipen bat da sistemarentzat. Funtzionatzen du.
Txiki ala handi, garrantzitsuena da funtzionatzen duela...
Zenbat biztanle diren, horrek ez du deus ikustekorik. Arazo bakarra da zaila dela egiazko aktore bat izatea biztanle gutxirekin. Baina, halere, hori zen soluzioa.
Hamar urteren buruan, zuen autonomiak mendea beteko du; zure ustez, autonomiak zer ekarri die irlei? Zer litezke gaur egun hori gabe?
Erabat finlandiarrak. Erabaki guztiak, hasieratik, hizkuntza babesteko hartu ziren. Eskoletako hizkuntza suediera da. Finlandieraz ari diren eskolek pribatuak izan behar dute. Bestalde, irlak biziki turistikoak dira, baina baditugu ere arau batzuk. Adibidez, ezin duzu lurrik erosi Stockholmen edo Helsinkin bizi bazara. Europako Batasunarekin ere arau hori atxiki ahal izan dugu, nahiz eta ez datorren bat Erromako hitzarmenarekin. Europan dena libre dela dio horrek. Baina arau hori 1921etik datorrenez, onartu dute.
Ez zen sinpleago izanen suediarrak izan bazinete?
Hori nahi genuen. 1921a baino lehen %96k hori nahi zuten. Baina ororen buru, Finlandian anitzek diote: ez ote da hobe gaur egungo egoera hori? Bestela ez ginateke autonomoak.
Lurren salmenta debeku horrek azkenean lurra eta bizia ere babestu du, ezta?
Suedian ere irla anitz badira... adibidez, Gotland uhartea. Biziki turistikoa da. Baina neguan hila da. Etxe bat erostea biziki garesti da. Stokholmeko aberatsak doaz horra. Baina gurean, jatetxeak-eta urte osoan martxan dira.
Autonomiak ekarri dizue hori?
Bai, babes hori. Hizkuntzaren babesak bizia babestu du.
Eta independentzia?
Ni ez naiz independentista. Baina urrian hauteskundeak izan ditugu, eta orain 30 parlamentarietatik hiru independentistak dira. Baina 80 urtez ez dugu izan. Hori Europako Batasunarengatik da. Ez dugu jarlekurik. Finlandiatik pasa behar da dena. Autonomia legea lau aldiz aldatu dugu Europako kide bilakatu garenetik.
Zuen gatazka bortizkeriarik gabe nazioarteko antolaketa batek gainditu duen bakarrenetakoa dela erran izan duzu; hori zehazterik?
Usu, gutxiengo anitzen galdera da nola lortu dugun gure aldeko interesa bortizkeriarik gabe. Kosovon, adibidez, bonbak zeudelako interesatu da nazioarteko komunitatea. Bortizkeriarik ez dagoelarik, Tibeten bezala, ez da xederik. Gure kasuan, kontua da Suediak protestatu zuela, autonomia ukatu zelarik. Gatazka nazioartekoa zen, bi herrien artekoa.
Elisabeth Naucler. Aland uharteetako diputatua
«Gurean gutxiengoak gehiengoan eragin dezake»
Diputatu bakarra da Aland uharteen ordezkari Finlandiako Parlamentuan, eta uharteen autonomia aurkeztera jin da Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu